Hemen zaude: Hasiera ELA-ri buruz Euskara
ELA-ri buruz

Euskara

Euskararekiko atxikimentua

Aurkezpena

Euskararekiko atxikimendua beti izan da ELAren ezaugarri.Hala ere, ELAren X. Kongresuan eman zen sindikatuan euskara normalizatzeko lehen urratsa. Lan munduko normalizazioaren aldeko ekimenetan parte hartzeaz gainera, barnera begira ere euskararen erabilpenari buruz konpromisoak hartzeko prest agertu ginen.

X. Kongresuan aurkeztu eta onartu zen ebazpenaren ostean. Sindikatuak garrantzitsua iritzi zion erabakitakoari jarraipena, sakontasuna eta zehaztasuna emateari ebazpen berri baten bitartez. Ebazpen hori aho batez onartu genuen XI. Kongresuan.Harrez gero normalizazio plana martxan jarri zen eta urtez urte zehaztu dira arlo honetan erdietsi beharreko helburuak.

Poliki-poliki, baina etenik gabe, euskararen normalizazioan aurrera doa.

 

XI: Kongresu Konfederaleko ebazpena

2004/12/03

XI. Kongresu Konfederalean onartutako 5. Ebazpenean, euskara lan munduan normalizatzen laguntzeko asmoa adierazi, eta ELAren baitan normalizazio plan oso baten beharra azpimarratu genuen. Konpromiso hauek gauzatze aldera, urrats garrantzitsu bat eman dugu ELAren euskararen aldeko ibilbidean, euskararen Arautegia eta urteko normalizazio plana onartuz. Arautegia, euskara normalizatu ahal izateko tresna arau emailea da, euskararen erabilpenari buruzko irizpide orokorrak biltzen dituena. Gainera, urtero onartuko ditugun euskara planetan, normalizazio prozesu honetan urte bakoitzerako jartzen ditugun helburuak eta baliabideak zehaztuko ditugu. Sindikatuan normalizazio plan bat abian jartzearekin erabaki politiko garrantzitsu bat hartu dugu: euskararen gaia antolakuntza ikuspegi batetik planifikatzea, antolakuntzaren azterketan txertatzea, epe ertainean euskara ELAn zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza osoa izan dadin. Horretarako, urteroko aurrekontuan, beharrezkoa den diru kopurua bideratuko dugu.

Arautegiak eta urteko planak jasotzen dituen neurri zehatzen artean, ondorengoak izenda ditzakegu: euskaraz ez dakitenek euskaraz ikastea, euskaraz dakitenek euskara erabiltzea eta euskaraz lan egiteko prestatzea, sortzen ditugun idatzi eta argitalpen guztietan euskararen erabilpena ziurtatzea, euskararen idatzizko erabilera sustatzeko tresnak sortzea, barne eta kanpo erabileran tokian tokiko helburuak zehaztea. Normalizazio prozesu hau bultzatzeko eta jarraipena egiteko, Euskara Batzordea sortu da ELAn, sindikatuko egitura eta herrialde ezberdinetako ordezkariez osatua. Hala ere, normalizazio plan honek aurrera egiteko, behar beharrezkoa da ELAko kide guztion parte hartzea eta euskararen aldeko bakoitzaren konpromiso pertsonala. Norbanakoaren atxikimendu honek sortuko du bakarrik talde konpromisoa, euskara normalizatu baten aldeko ELAren engaiamendua. ELAn euskaraz dakigunak asko gara, gehiengoa. Euskalduntze tasa %66koa da. Hala ere, euskararen erabilera askoz ere txikiagoa da eguneroko lanean, geure buruari eta geure inguruari erreparatu besterik ez daukagu. Bakoitzak egin behar du bere hausnarketa. Zer egin dezaket nik, nire esparru txiki honetan, euskara sustatzeko eta bultzatzeko? Erabileraren gabeziaren zati bat prestakuntza planarekin konponduko dugu, beste zati handi bat, aldiz, geure eskuetan dago, geure eskuetan bakarrik. Bestalde, ELAren normalizazio plana abiapuntu ederra da lan harremanak euskalduntzearen alde lan egiteko konpromisoa berresteko, sindikatu nagusi bezala, dagokigun neurrian, geure erantzukizuna hartuz.

 

Lan munduaren euskalduntzerik gabe, ez dago euskararen normalizaziorik, eta arlo hori da, hain zuzen, euskararen normalizazioari geratzen zaion erronkarik garrantzitsuena. Lan mundua euskalduntzeko modu egokian jokatu behar dugu arlo honetan inplikatuta gauden guztiok. Batetik, neurri polítiko eraginkorragoak aldarrikatzen ditugu, besteak beste, enpresetan onartzen diren normalizazio planentzat era guztietako babesa. Nafarroan eta Iparraldean egoera larriagoa da. Esparru hauetan euskarak lan munduan ere aurrera egiteko, lehentasuna izan behar duen funtsezko erabaki politikoa euskararen ofizialtasun osoa aitortzea da. Bestetik, enpresariei eskatzen diegu gai honetan dagokien ardura har dezaten, enpresetan normalizazio planak garatzeko baliabideak eskainiz eta bultzada emanez. Langileoi ere, gauden enpresetan, zerbitzu eta lana euskaraz egiteko urratsak ematea dagokigu, modu antolatu eta etengabean. Zentzu honetan, ELAk, ahal duen enpresa eta sektoreetan, euskararen erabilpena bermatzeko neurriak bultzatuko ditu, helburu honekin bat egiten duten beste eragileekin elkarlanean.

 

Guzti honengatik, XI. Kongresu Konfederal honek,

  1. ELAren euskararen normalizazio prozesuari behar dituen bultzada eta indarra eman nahi dizkio.
  2. Lan munduaren euskalduntzea sustatzen jarraitzeko engaiamendua adierazten du.
  3. Afiliatu guztiei dei egiten die euskararen alde gogotsu lan egin dezaten, enpresa barruan eta kanpoan,jarduera sindikala euskararen aldeko militantziarekin uztartuz, horrela bakarrik lortuko baitugu sindikatu guztiaren euskararen aldeko jarrera sendotzea.

 

Azkenik, gogoratu normalizazio prozesuen bilakaera ez dela erraza izaten eta bakoitzaren borondatezko atxikimendua behar beharrezkoa dela. Badaukagu lanik, baina guztion artean aurrera egingo dugunaren uste osoarekin, erabili dezagun euskara geure eguneroko lanean! Ez da lelo bat, euskararen normalizazioa norberari dagokio, guztioi dagokigu.