1980-1989

1.980. Hauteskunde sindikalak. ELA Lehenengo lekuan

Urte honetan ospatutako hauteskunde sindikaletan ELA-k gaur arte utzi ez duen nagusitasuna lortu zuen.

 

1.981. Lan Harremanetarako Euskal Esparrua

Laugarren Kongresuak ezarritako ildoari jarraiki, ELA berezko lan harremanetarako eremuaren aldeko ekimenak jorratzen hasi zen. Hauek, 1981eko urrian Euskadiko Parlamentuan legez onartutako Lan Harremanetarako Kontseilua izan zuten gauzapen partzial baina baliagarria.

1.982. Bosgarren Kongresua

Urtarrilaren 28an Manu Robles-Arangiz, 1993tik ELA-ko lehendakaria, hil egin zen. Iruñan ospatutako 5. Kongresuan, eraketari zegozkion gaiez gain, jarrera sindikala eta aldarrikapenen eguneratzeak berezko garrantzia hartu zuten. Lan harremanetan sakontzea, batez ere une hartan hedatuz zihoan sektore publikoan, eta honen instituzionalizazioa eta normalizazioa izan ziren eztabaidarako gai nagusiak.

Hirugarren hauteskunde sindikalak: ELA-k aldea handitu zuen

Hauteskundeak 1982ko iraila eta abendua bitartean burutu ziren eta ELA-k, Euskadiko lehen sindikatua zen aldetik, bere aldea handitu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoan delegatuen %30,25 eta Hego Euskal Herri Osoko %28,77 izatera helduz.

1.983-1.984. Askatasun Sindikalaren Lege Organikoa (LOLS)

1983ko udazkenean LOLS proiektua landu zen. Lege honek UGT-ren erabateko nagusitasuna bilatzen zuen eta ELA hasieratik aurrez-aurre eduki zuen. 1984ko maiatzean PSOE-k legea aurrera atera zuen parlamentuan.

1.984-1.985. Industria-birmoldaketa basatiaren eta pentsioen erreforma

Krisi gogorrak, gauzatzeko moduagatik basati izena jaso zuen industria-birmoldaketa ekarri zuen. ELA sutsuki agertu zen honen aurka. Euskalduna ontziolako gatazka ikur bat izan zen. Eusko Jaurlaritzaren proposamen urrien aurrean, ELA-k langileriaren aldeko ekintza sindikala proposatu zuen. Izaera antisozial nabaria zuen 1985ko pentsioen erreformak, ELA-k grebarako eta manifestalditarako deia zabaltzea eragin zuen.

1986

ELA, 1973tik Europako Sindikatuen Konfederazioko (CES) partaide izanik, Bruselasen egoitza berria zabaldu zuen, europar mugimendu sindikalaren baitan bere presentzia handituz. Batez ere atal komunitarioetan eta Gizarte eta Ekonomi Arazoen Kontseiluan adibidez.

Seigarren Kongresua: 75. Urteurrenaren ospakizuna

ELA-ren 75. Urteurrena ospatzen zuen kongresua Bilbon bildu zen 1986ko apirilaren 11 eta 12an. Nazioarteko sindikalismoaren ordezkaritza garrantzitsua bertaratu zen. Besteak beste CMT, CIOSL eta CES-eko idazkari nagusiak. Ponentzietako gaiek Euskadiko egoera sozial eta laborala eta berau lantzeko ELA-ren beraren mugak eduki zituzten ardatz nagusi.

Hauteskunde sindikalak

1980 eta 1982ko hauteskundeak garbitasun eta sinesgarritasun paregabea lortu zutelako nabarmendu ziren Euskal Herrian. Emaitzen exekuzioa eta jakinarazpen prozesua sindikatuen arteko akordio batek bermatzen zituen. ELA-k 5.615 delegatu lortu zituen Euskal Herri osoan. UGT-k baino 2.034 gehiago eta CCOO-ek baino 2.622 gehiago. ELA Euskal Autonomia Erkidegoko lehen postuan finkatu eta Nafarroako %15eko ordezkaritza lortu zuen.

1987. Negoziazio Kolektiboa

Sistemak langileei ezartzen dizkien injustizi eta desorekak arindu nahiean Negoziazio Kolektiboa ELAren ardatz nagusietako bat da, bere sindikalisten lan garrantzitsuena bihurtuz. ELAk negoziazio kolektiboa nahiz sektoreetan, naiz enpresetan bultzatuko du urteetan zehar.

1988. Aldaketa Idazkaritza Nagusian

Azaroaren 21ean ELAko Batzorde Nazionalak idazkaritza nagusiaren aldaketaren berri eman zuen, eta ondoren Batzorde Eragilearen eraberritzea. Jose Elorrieta izan zen izendatua Idazkari nagusi Alfonso Etxeberriaren ordez. Batzorde Nazionalak Alfonso Etxeberriaren lidergoa ELAren berpizkunde eta sendotzean goraipatu zuen. Kuadro orokorraren eritziz, aldaketa honen arrazoiak Konfederazio organoen bizitasun handiagoaren beharrean, kidetasun handiagoaren beharra, kanpora begira irekiago, eta ELA, Euskal Herriko sindikatu nagusi bezala, presentzia eta eragin handiagoa izan behar zuela gizartean oinarritzen dira.

Abenduaren 14a

1988 urtea Estatu osoan burututako Greba Orokorrarekin bukatu zen: abenduaren 14an izan zen. Greba eztandarazi zuen gaia, Espainiako Gobernuak prestatutako "Gazteen Lanbiderako Plana" izan zen.

1989. ELA aldatu zen

ELA-ren aldaketaren sinbolo bat, Konfederazioak erakundearen inguruko zenbait dokumentazio mahaigaineratzean eman zen: afiliazioa, kuoten jasotze mailak, sindikatuaren jabegoa... Bai eta komunikabideetan ELA-ren presentzia handiagoaren bitartez ere. ELA-k bere eredu sindikala jorratuko du. Lehenik eta behin lanbide eta eskualde egituren arteko berezko funtzioen inguruko hausnarketa hasi zuen. Konfederazio abertzalea den aldetik ere, ELA-k Euskal Herrian duen funtzioaz hausnartzeko beharra sentitu zuen. 1989ko bigarren seihilekoan, hurrengo kongresurako materiala prestatu zen partehartze handia lortuz. Bertan gai hauek garrantzi handia izango zuten.