1990-1999

1990. Zazpigarren Kongresua

Kongresuak eskatzen zitzaiona eman zuen: Gardentasuna, izaera zabala, eztabaida. Bai eta ELA-ren izaera nazionala berretsi, gizartearen baitan ardura maila altuagoa hartu, erakundea dinamizatu etab. Bere historian lehenengo aldiz, ELA-k nazio arduren inguruko hausnarketa sakonari egiten dio aurre, Konfederazio sindikala den aldetik, eta aurrerantzean ez du gai hau utziko. Hausnarketa honetan, ELA-k helburu zehatz bezain zaharra kokatuko du aurrean: Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldarrikapena.

 

Fiskalitatea

Urte honetatik aurrerantz, ELAk Euskal Herriko fiskalitateari buruzko ikerketari ekiten dio. Lanbide liberalak eta enpresariek herri Ogasunera langileek baino zerga gutxiago ordaintzea izugarrizko iruzur fiskala dela salatuko du. Bestalde, gizarte politiken bitartez fiskalitatea aberastasunaren banaketarako baliabide bezala erabiltzea eskatzen zaie herri ogasunei.

ELA-ren integrazioa (A)

Klandestinitate luzearen ondoren (40 urte) 3. Kongresurako (1976) indar-metatze lan handia egin zen ELA historikoaren izaeraren jarraitzaileen artean. Metatze esfortzuaren emaitza nabaria izan zen, baina ez erabatekoa. Legaltasunera bueltatzean (1977) Konfederazio sindikal bezala antolatutako talde bat geratu zen Euzko Langilleen Alkartasuna (Askatuta) ? Solidaridad de Trabajadores Vascos (Independiente) izenpean: STV-ELA(A). ELA-n, hasieratik, banaketa hau bi aldeen borondatez gaindi zitekeelako ideia bultzatu zen. Luzaroan jarraitutako emaitza, nekez baina , azkenik, 1990eko uztailaren 11ean lortu zen, zauria itxiz eta ELA egitasmo sindikalaren batasunera bueltatuz.

Hamarkada berria, aro berria

1990ko azken hiruhilabetean hauteskunde sindikaletarako deialdi berri bat egin zen. Lehen aldiz, ELA-k bere 6.834 delegatuekin UGT eta CCOO elkarrekin lorturiko kopuruak gainditu zituen. Nafarroan ere ELA gogor hazi zen. Euskal Herriko langileriak erakunde honekiko atxikimendua berresten zuen.

`Manu Robles-Arangiz Institutua´ Fundazioa

1990ean ?Manu Robles-Arangiz Institutua? Fundazioa sortu zen. Institutu honek, bigarren kongresutik (1933) bere heriotzaraino (1982) ELA-ko lehendakaria izandakoaren izena zeraman. ELA-ko sindikalistentzako hezkuntza programak jorratzea zen bere helburu nagusia, baina baita sindikalismoaren inguruko ikerketa eta lan intelektualak garatzea eta kultura sindikala hedatzea ere.

1991. Hamarkada baten hasiera gogorra

Ekonomiak aro atzerakorra iragartzen zuen %22ko langabezi tasara helduaz. ELA-k egoera larrialdi nazionaltzat jo eta EAE eta Nafarroako gobernuen politika ekonomiko eta sozialak sutsuki kritikatu zituen. Estatutua estankatzen ari zen eta, errekurtso ezberdinen bidez, mozketak eta interpretazio mugakorrak pairatu zituen. ELA-k aintzintasun sindikala berreskuratu eta Euskal mapa sindikalak eraldaketa gogorra pairatuko zuen euskal sindikalismoaren paktu eta birkokatzearen ondorioz.

1992. Batzorde Nazionalaren dokumentoa

Batzorde Nazionalak (92ko martxoa) ?Euskadi, aurrerapen eta askatasun bidetik? izeneko dokumentua kaleratu zuen. Bertan langileriaren eta sindikalismo abertzalearen eraikuntza nazionalarekiko inplikazioaren inguruko hausnarketa egiten zen. Europako eremuan herrien autodeterminazio eskubiderako dauden aukerak aztertu ziren Beti ere hauen borondatea modu demokratikoz adierazi eta beharrezko adoste maila lortuta.

Antolakuntza indartzen

Eskualde-baturen eraketa mailan, bultzada handia eman zitzaien bitarteko eta funtzioei dagokionez, lanbide-egituran, eta eraginkortasunari begira, federakundeen kopurua 9tik 7ra pasatu ziren. Konfederazio-Zerbitzuek garapen gogorra jasan zuten: Zerbitzu juridikoek eta ekintza sindikalerako zerbitzu bulegoek: Bulego teknikoa, negoziazio kolektibokoa, Seguritate Sozialekoa eta lan-osasunekoa.

Nazioarteko elkartasuna

Frankismoaren diktadurapean ELAk nazioartetik laguntza eta elkarkidetza jaso izan zuen. Horregatik, erakundea sendotu ondoren ezinbestekoa izan zen bere elkartasuna eskaintzea nazioarteako arloan. GARAPENA elkartea da ELAk erabiltzen duen baliabidea garatzen ari diren herriei sindikalgintzaren behar eta hedapenari laguntzeko.

Ezinezko ekimen-batasuna

1992an zehar, UGT-k eta CCOO-ek euren politika sindikalean aldaketa garrantzitsua egin zuten: estatu mailako konbenioen aldeko apustua hain zuzen ere. ELA, egoera horretan, UGT eta CCOO-ekin ekintza batasunerako ezintasunak aurkitzen zituen. Honenbestez bizitza sindikalaren alderdi garrantzitsu horretan eman zitekeen elkarlanerako edozein aukera urratu zen.

1993. VIII Kongresua

Kongresu honetan ELA erakunde sindikal oso eta egitasmo bakar eta osotu bihurtzen delako ideia azpimarratu eta horretan sakondu zen. Estatutuaren blokeoa Konfederazioaren aurrean salatzera behartu zuen. Era berean, borroka armatuaren bidea erratuta dagoela eta ez dela eraginkorra baieztatzera, proiektu nazionalean arlo sozialaren txertaketa eskatzera eta gure etorkizunaren gauzatzean dinamika sozialaren gabezia salatzera eraman zuen. Kontseilu Nazionaleko, Batzorde Nazionaleko eta Eragileko partaideen karguen eta alderdi politiko bateko zuzendaritza organoetan egon edo eta kargu publikoren bat betetzearen artean dagoen bateraezintasuna azpimarratu zen, eta Lanbide-federazioetako eta Eskualdetako batzordeetako zuzendaritzetako partaideei ere luzatu zitzaien.

1994. Greba Orokorra

Langabezi tasa altuak, %22tik gorakoa, eta PSOE-k egindako izaera neoliberaleko lan arloko berrikuntzek, estatu osoan langileen protestaldi orokor baterako baldintzak sortzen dituzte eta horrela gauzatu zen urtarrilaren 27ko grebarekin. Euskal Herrian grebak izaera berezia eduki zuen, sindikatuen arteko harremanen aldaketaren kontestoan eman baitzen. UGT-k eta CCOO-ek zeramaten eredu sindikala eta ELA-ren izaera eta bidea kontrajarriak ziren. UGT-k eta CCOO-ek defendatzen zuten lan harremanen zentralizazioak eta ELA-ren berezko lan harremanetarako eremuaren aldeko aldarrikapenak aurrez aurre egiten zuten topo. Gainera UGT-k eta CCOO-ek estatua negoziaketarako esparru homogeneotzat hartzen zuten. Honek guztiak, Euskal Herriari zuzenean eragiten zioten erabaki sozio-laboraletatik ELA etengabe baztertzea zekarren. Gauzak horrela, ELA-ren proiektu sindikala etengabe mehatxupean zegoen eta, beraz, ekintza-bateratasuna ezinezkoa zen.

Sindikal itun berriak

1993ko azken hilabeteetan ELA eta LAB-en arteko hurbilketa bat eman zen. 1993an ELA, CCOO eta LAB-en arteko berrindustrializazioaren eta enpleguaren gaineko akordio bat egin zen. Honek ELA eta LAB-en arteko adostasunezko puntuen azpimarratze prozesu bat ekarri zuen. Egoera hau berezko lan harremanetarako euskal eremuaren inguruan eta, batez ere, estatuko sindikatu, patronal eta alderdi politiko ezberdinek sistematikoki bilatzen zuten lan harremanen zentralizazioaren aurrean, estrategia alternatiboa ezartzeko beharrean errotu zen.Harremanak zituen zailtasun eta arriskuez jabetuta, LAB-ekin aurreikus zitezkeen aukerak lantzea erabaki zuen.Urtarrilaren 19an lehen ekitaldi bateratua izan zen. ELA eta LAB-eko 4000 delegatu baino gehiagok 27rako deituta zegoen greba orokorrerako girotze modura antolatutako kontzentrazioa burutu zuten. Hilabete geroago, otsailaren 19an, ELA-k eta LAB-ek, askorentzat, bildutako jendetzagatik ez ezik beste arrazoi batzuengatik ere historikoa izan zen manifestaldirako deia zabaldu zuten. Lan harremanetarako Euskal Eremuaren aldeko agerraldi jendetsua izan zen.

Maiatzaren Lehena

Maiatzaren Lehenean ?berrindustrializazioa, enplegua eta elkartasuna? aldarrikatu ziren. LAB eta ELA-ren agiri bateratuak Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Tuterako manifestaldietan parte hartzeko deia ere egiten zuen. Ospakizun honek, langileen artean, CEOE, UGT eta CCOO-ek lan erreformaren inguruan egindako paktuaren kontrako informazio eta kontzientziazio kanpaina bat jorratzera bultzatzen zituen ELA eta LAB.

Langileen Estatutuaren 84. Artikulua

Maiatzean, Diputatuen kongresuak Langileen Estatutuaren 84. Artikuluaren erreforma onartu zuen. Negoziazio kolektiboaren egiturak, 1979tik legez zentralizatua, eraldaketa garrantzitsua jasotzen zuen. ELA-k hasiera-hasieratik borrokatu zuen izaera zentralista eta ?bertikalaren? aurka. Onespena merezi du euskal parlamentarioek emandako laguntza.

1.995eko Aberri Eguneko ELA-LAB-en manifestu bateratua

Lan harremanen eredua, eredu soziala, langileek planteamendu nazionalean jokatu beharreko papera eta antzeko gaien inguruko adostasunak, bai eta elkarrekin jorratutako lanak, bi sindikatuek Aberri Egunaren bezperetan manifestu bateratu bat ateratzea ahalbidetu zuen. Bertan, borroka armatuaren inguruko sakoneko diferentziak onartzen badira ere, diagnostiko, lankidetza eta hausnarketa bateratuak egiteko aukera ikusi zen.

Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Akordioa

Berezko lan harremanetarako eremuaren egituraketa, pausu irmoz zihoan aurrera, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, ELA, LAB, CCOO eta UGT-k, etengabeko prestakuntzaren inguruan, 1995an lortutako akordioaren ondorioz. Beste ikuspuntu batetik, sinatzaileen argazki honek, arlo politikoan pentsaezina litzatekeen irudia erakusten zuen. Akordioaren ostean, akordioa kudeatzeko, hiru aldeek osatutako fundazioa eratuko zen, eta martxan jarri finantziazioaren zalantzarekin.

1996. Etengabeko prestakuntzari lapurreta

Etengabeko prestakuntzaren jarraipenerako batzorde tripartitoak, non UGT-CCOO-CEOE-CEPYME-k gehiengo absolutua duten, inolako lege oinarririk gabe, Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Akordioaren finantziazioa ukatu zuen. ELA-k atrakutzat hartu zuen erabakia.

96-3-11. Batzorde Nazionalaren agiria

Montxo Doral, Ertzaintzako langilea eta sindikatuko afiliatuaren erailketaren aurrean, ELA-ko Batzorde Nazionalak, ETA ahultasun, banaketa eta desmotibazioa eragiten duen faktorea dela adierazi zuen. Era berean, gizartearen alde batek bestearen pairamenaren aurrean begiak ezin dituela itxi gehitu zuen. LAB-ekiko ekintza bateratasunaren aurrean sortzen dituzten tentsioek, oso zaila egiten dute aurrera egitea eta elkarlanerako esparruak irabazi eta finkatzea, LAB-ek jarrera autonomo eta kritikoa erakusten ez duen bitartean behinik behin.

Euskal gehiengo sindikala Senideakekin

Euskal gehiengo sindikalak (ELA,LAB, ESK-CUIS, STEE-EILAS,EHNE, HIRU,...) Senideak, presoen senitartekoen elkartearen manifestuarekin bat egin zuen, euskal presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatuz eta dispertsio politikaren amaiera eskatuz. Azaroaren 30ean Bilbon izugarrizko manifestaldia burutu zen. ELA-ko Batzorde Nazionalak bat egin zuen deialdiarekin, justiziazko eskariak zirenelako, herritarren gehiengo nagusiak parlamentuaren bitartez horrela eskatzen zuelako, elkarbizitza hobea ahalbidetuko lukeelako eta Euskal Herriak adiskidetzerantz urratsak behar dituelako.

1997. Lanpostuen sorrera

ELA-ren ?enpleguaren aldeko alternatibak? enplegua sortzeko modu ezberdinak aurreikusten ditu, hala nola ordu estren gaineko kontrola, ordezkatzeko konpromezuaz egindako aurre-erretiroak eta lan-jardunaren ordu gutxitzea. Proposamen hauetako batzuk, federazioen arteko akordioan islatuko dira. Beste batzuek, berriz, euskal langileriaren historian burutu den greba orokorrik handiena ekarriko dute, adibidez asteko 35 orduko lan-jardunaren aldeko aldarrikapenak.

1997ko Aberri Eguna

ELA-k eraikuntza nazionalarekiko konpromisoa eta Euskal Herriko herritarrok beren etorkizunaren jabe izateko borondateak berrestu zituen. ELA-ren proiektua hiru ardatz nagusitan errotzen da: Euskal Herria subjektu izateko eskubidea bermatuta izango duen marko juridiko-politikoaren aldarrikapena, gizartearen antolaketaren eredu jakina eta proiektu politiko eta sozial honen gauzapenerako bidea. Beste alde batetik, bortizkeriak proiektu honetan lekurik ez duela berresten du.

ETAk Javier Gomez Elosegi erail zuen

Martxoaren 11ean ETAk militante eta kartzeletako sektoreko partaide den Javier Gomez Elosegi erail zuen Donostian. Distentsioaren aldeko militante honek, gatazkaren ondorioen leuntzearen aldeko konpromiso irmoa zuen.

Maiatzaren Lehena

Maiatzaren lehenengoaren ospakizunean, euskal langileriak, enpresariek kanporaketa errazago eta merkeago edukitzeko tresna den lan erreformaren aurkako jarrera argia erakutsi zuen.

Bederatzigarren Kongresua

Ekaineko azken astean ospatu zen Bilbon ?Langileon eskutik bestelako etorkizuna? lemapean. ELA-k, gizarte solidario eta zuzenago baten alde borrokatzeko duen borondatea adierazi zen. Globalizazio neoliberala erreferente nagusi bihurtuko da, eta gero eta gehiago, ELA-ren ekimenetan garrantzi handia hartuko du; etorkizunean egongo diren protesta mugimendu guztietan hartuko du parte.

Enpleguaren aldeko jardunaldia

CESek deituta ELA-ko milaka delegatu eta militantek Gasteizen bildu ziren, Europako batasun prozesuak bere lehentasun politikoen artean enplegua ezar dezan aldarrikatzeko.

Gernikako ekitaldia

18 urte geroago, ELA-k Estatutuaren heriotza egiaztatu zuen Gernikan. Enplegua, Hezkuntza, Gizarte Segurantzarik gabe?Langileei zuzenkien dagozkion lan eta gizarte-eskumenik gabe, Estatutua iruzur hutsa da. ETA-ren bortizkeria gaitzetsi zen (soberan dago eta kalterako da) eta autogobernuaren aldeko borrokak aro berri bat hasi behar zuela ikusi zen. Horretarako marko juridiko-politiko berri baten alde borrokatzeko prest egongo diren indarren adostasun politiko eta soziala berreraikitzea beharrezkotzat jo zen.

Ibaetako baraualdia

Gizarteko hainbat sektore eta erakundetako zenbait ordezkarik, ELA-koak tarteko, presoen eskubideen aldeko hiru egunetako baraualdia burutu zuten azaroaren 27tik 30era bitartean Donostian.

1998. "Lanordu gutxiago, lanpostu gehiago" kanpaina

ELA-k argi dauka enplegua sortzeko bide bat zein den: Lan jardunaldiaren murrizketa garrantzitsua egin behar da, beti ere enplegua sortzeko helburuaz. Honekin batera ordu estren desagertzea eta ordezkapen kontratuekin, Euskadiko 100.000 langabeturi eman dakioke lana. 1998ko lehendabiziko hileetan zehar enpleguaren aldeko kanpaina indartu zen ekimen ezberdinen bitartez, hala nola martxoaren 28ko Iruñako manifestazioa, Santurtzi eta Sodupe arteko Korrika aldarrikapentsua eta jaitsua, apirilaren 23an deitutako ordubeteko geldialdia, LAB eta ELA-ko delegatuen topaketak. Jakina, kanpaina honen puntu gorena Maiatzaren Lehenengoa izan zen, 22.000 pertsonak 35 orduen aldarrikapenaz Bilboko kaleak bete zituztenean.

ELA Gizarte Eskubideen Gutunaren alde

Herri ekimeneko Plataforma ezberdinetatik Txirotasun eta langabeziaren aurkako Gizarte Eskubideen Gutunaren aldeko legegintz ekimen herrikoia bultzatzen zen. Parlamentuak tramitera onartu eta lege proiektu bihurtu zen, ondoren eztabaida eman eta aprobatua izateko.

Lizarra-Garazi akordioa

José Luis Casoren erailketak eta ondorioz, ?Konponbidea, demokrazia osoa? lemapean burutu behar ziren manifestapenaren eta geldialdiaren deskonbokatzeak sortutako atsekabearen ondoren, 1998ko lehenengo hilabeteetan, alderdiek sakoneko elkarrizketak hasi zituzten. Irlandako Foro hura hausnarketarako eta bateratasun politiko, sindikal eta sozialerako foro bezala erabili zen.Euskal Herriko eskenatokian inflexio puntu izango den irtenbide anitza bilatzea da helburua. Honen guztiaren fruitu, Udako oporretako bueltak Lizarra-Garaziko akordioa ekarri zigun. Talde politiko, sozial eta sindikal ezberdinek sinatu zuten, ELA ere tartean. Ondoren ETA-ren suetena heldu zen. Lizarra arauen proposamen bat da. Hauen arabera denok onartzen joango gara Euskal Herria bere herritarrek nahi dutena izatera helduko dela. Itxaropen aroa zabaldu zen, gatazka bortitzaren gainditzetik herritarren gehiengoak desiratzen duen bakerako urratsa eman ahal izateko aroa.

1999. Enpleguaren aldeko akordioa

Negoziaketa gogorren ondorioz, 1999 urte ?Enpleguaren aldeko Euskal Akordioa? delakoarekin hasi zen. ELA-k eta LAB-ek Lan Harremanen Kontseiluari aurkeztutako proposamena lau akordiotara mugatzen ziren: Lan jardunaren murrizketa, ordu estren kontrola, langileen berriztaketa eta ordezkapena eta Aldi baterako lan enpresak eta zerbitzuak.

Aberri Eguna

Lizarra-Garaziko hitzarmenaren sinatzaileak , ELA, LAB, EHNE, ELB, ESK, STEE-EILAS eta HIRU, Aberri Egunaren ospakizunaren aurrean, manifestu bat eman zuten argitara. Bertan, Euskal Herri burujabean emango den gizarte justu eta solidario baten aldeko konpromisoa berretsi eta herritarren hitza errespetatzeko aldarrikatu zuten.

Maiatzaren Lehena

Euskal sindikalismoaren gehiengoak modu bateratuan ospatu zuen Iruñan. Aldarrikapenak argiak eta tinkoak izan ziren: 35 orduak eta soldata soziala. Urte honetan Maiatzaren Lehena 27ko grebaren aurrerapena izango zen.

Maiatzaren 21eko greba orokorra

Maiatzaren 21ak, Euskal Herriko langile mugimenduaren historian marka berria ezarri zuen. Industria, merkataritza zentrorik garrantzitsuenak, irakaskuntza, administrazioa, garraioa eta osasunari ere eragin zion nabarmenki grebak. Lan-munduaren aldarrikapen sindikalekiko atxikimenduaren irudi argia izan zen, bai eta patronalarentzako mehatxu garbia ere.

Ordezkapenak ELA-ko zuzendaritzan

ELA-k sindikatuko zuzendaritza politikoan, belaunaldi berrien sarrerari ekiten dio. Batzorde nazionalean sei kide berriren sarrerak, jende gaztea gehitzea eta belaunaldi berrien agerpena suposatzen du.

Lan Osasun Bulegoa

Heriotza eragin duten lan-istripuen kopuru handiak, 139 hildako Euskal Herrian 1999an, Lan-Osasunaren bulegoa sortzera behartu gintuen. Kontzientziatzea eta prebentzioa dira arduradunek lan-ezbehar tasa gutxitzeko garrantzizkoentzat jo zituzten ikuspegiak.