Hemen zaude: Hasiera Federazioak Gizalan Osasungintza Albisteak Bizkaiko lehen arreta: Gabonetan itxita
Albisteak

Bizkaiko lehen arreta: Gabonetan itxita

2016/12/16
Abenduaren jai-zubia saiakuntza-banku bat izan da, horrek aditzera eman digu zein-nolako arreta izango dugun Eguberritan. Ondorioa argia da, Bizkaian ez da lehen arretarik izango, ez bada larrialdi-zerbitzuen laguntza hutsa. ELAk elkarretaratze bat antolatu du Bilbon, egoera hori jendaurrean salatzeko.

Zuzendaritzek baimenak ukatu dituzte, langileek eskubidea izan arren; baina hala ere ez da pertsonal nahikorik egongo gutxieneko lehen arreta bat eman ahal izateko. Joan den astean zerbitzuak lepo egon ziren, administrari lanetik hasita erizaintzatik igaroz eta medikuenganaino. Mediku batzuek, txanda bakar batez, 48 gaixo ere artatu behar izan dituzte, premiazko edo atzeraezinezko arretak baino ematen ez bazituzten ere.

Horrez gain, aipatu beharrekoa da Basurtuko EAG itxi dutela, zentro askotan arratsaldeko ordutegia 17:00ak arte mugatu dutela, pediatra batzuk kontratatu dituztela aldi berean zentro batean baino gehiagotan lan egiteko, irekita mantentzen diren EAGak gainez eginda daude edo mediku batzuk kontratatu dituzte etxez etxeko bisitak baino ez egiteko, nahiz eta horrela historia klinikorik eskuratzeko aukerarik ez izan.

Gertaera horiek Gabonetan ere errepikatuko dira. Ondorioa argia da, ez da Lehen Arretarik izango, ez dugu besterik izango larrialdi-zerbitzuen laguntza deszentralizatua baino, eta hori ere kaltean aterako da Lehen Arretaren baliabide urrien eraginez.

Egoera horren zergatia mediku nahikorik ez izatea da. Profesionalen eskasia ez da ustekabeko gertaera, arduradun politikoen aurreikuspen faltagatik da. Pertsonak “inauguratzen” ez diren bitartean, horrelako gertaerak errepikatuko dira halabeharrez. Izan ere, prestakuntzan egiten den inbertsioak ez dio errentagarritasun politikorik ematen egin duenari (medikuek 10 urteko prestakuntza behar dute), hori horrela, politikariek eraikinetan inbertitzea nahiago dute, profesionalengan baino.

Era berean, Osakidetzako langileen %40ak behin-behinekoak dira, ez dira arduratzen ezta kalitatezko kontratazio baten bidez prestaturiko profesionalak fidelizatzen, eta axolagabekeria horregatik gure gizartearen diruaz prestaturiko profesionalak atzerrira joaten dira lan bila.

Murrizketa horiek pribatizazioranzko pausoak dira. Aste honetan bertan Lehendakariak arreta aringarrien zerbitzu pribatu bat inauguratu du. Lehendakariak kontatu ez duena da zerbitzu hori inauguratzen zuen aldi berean Osakidetzak etxez etxeko arreta aringarrien zerbitzua itxi duela Bilbon eta Eskuinaldean.

ELAk egoera hori berehala konpontzeko eskatzen du. Zer gertatuko ote da datozen urteetan erretiroak ugaritzen direnean? Beldur gara Eguberritan izango duguna ez ote den izango datorkigun Lehen Arretaren erakusgarria.