Hemen zaude: Hasiera Federazioak Gizalan Osasungintza Albisteak ELAk lehen 250 erreklamazioak aurkeztu ditu EAEko sektore publikoan, Europako epaiak betearazteko eskatuz
Albisteak

ELAk lehen 250 erreklamazioak aurkeztu ditu EAEko sektore publikoan, Europako epaiak betearazteko eskatuz

2016/12/13
Eusko Jaurlaritzak Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluarekin eta Mahai Orokorrarekin bilera egiteari, eta enplegu publikoa egonkortzeari emandako ezetza dela-eta.

ELAk hainbat txosten eta mobilizazioren bidez salatu duenez, gaurko egunean 45.000 behinbehineko langile baino gehiago dago EAEko sektore publikoan. Toki- eta foru-administrazioetako, Osakidetzako, irakaskuntzako, autonomia-administrazioko, Justiziako, enpresa publikoetako langileen %35ak behin-behinekoak dira.

Kopuru hori gure herri-erakundeen —Eusko Jaurlaritza buru— erabaki politiko baten ondorioa da. Haiek prekarietatearen aldeko apustua egin dute enplegu publikoan, eta behin-behineko enpleguaz betetzen dituzte sektore publikoaren egiturazko beharrizanak. Behin-behineko enplegua oso tresna egokia izan da enplegu publikoa suntsitzeko, eta enplegu hori pribatizatzeko. Horren adibide garbia EAEko enplegu publikoaren azken urteotako bilakaeran dugu: 21.400 lanpostu galdu dira (Eustat datuak).

Gainera, diziplina-tresna moduan ere oso eraginkorra izan da. Orain arte, aldi baterako eta bitarteko kontratuak ugari-ugari egin dira egiturazko izaera nabarmeneko lanpostuak betetzeko, eta gehiegikeria horrek ez die ondoriorik ekarri administrazioei.

Orain arte esan dugu gorago, zeren arestiko epai europarrek mugak ezarri dituzte herriadministrazioetako behin-behineko kontratazioaren esparruan, Europako arauteria urratu delakoan. Hortaz, Europako Auzitegiak ezarri du, batetik, beharrizan iraunkorrak behin-behineko kontratazioaz betetzeak zigorra merezi duela, eraginpeko langileak babestu behar baitira; eta bestetik, kontratua amaitutakoan behin-behineko langileei eta finkoei kalte-ordain desberdinak ematea diskriminazioa dela.

ELAren iritziz epai horiek errotik aldatu behar dute EAEko administrazioetako oraingo kontratazioeredua. Eta aldaketa horren ondorioz 35.000 lanpostu baino gehiago sortu eta finkatu behar dira, ez nolanahikoak, kalitatezko lanpostu egonkorrak baizik. Eta horrek, bere aldetik, eragin onuragarria izango luke euskal zerbitzu publikoen kalitatean.

Horregatik ELAk bi bider eskatu du premiazko deialdia egiteko, eta Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluarekin eta Negoziazioaren Mahai Orokorrarekin bilera egiteko, oraingo egoera aldatzearren, epai europarrak betetzearren, eta enplegu publikoa egonkortzearren. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du batere borondaterik erakutsi aipaturiko organoei bilera-deia egiteko. Gure erakundeen gogorik ezaren aurrean, ELAn hasi gara lehen erreklamazioak aurkezten, kontratazio-arloan dauden irregulartasun larriak zuzentzeko asmoz.

Hilabete labur baten epean 250 erreklamazio inguru aurkeztu dugu euskal esparru publikoan. Erreklamazio horiek hainbat eremutakoak dira: Osakidetza, irakaskuntza, autonomiaadministrazioa, Lanbide, EITB, Eusko Tren eta toki- zein foru-administrazioa. Hurrengo hilabetean erreklamazio-kopurua askoz handiagoa izatea espero dugu.

ELAk berriro eskaintzen du bere elkarrizketa-nahia, eta honen bidez eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta EAEko gainerako erakundeei, zeinek bere ardura hartuz, sindikatuekin bilerak eta negoziazioak hasteko, euskal sektore publikoko enplegu egonkorra bilatzeko helburuz.


Bilbao, 2016ko abenduaren 13a.

ELAk lehen 250 erreklamazioak aurkeztu ditu EAEko sektore publikoan, Europako epaiak betearazteko eskatuz