Bizkaiko zahar-egoitzak, denon borroka

2017/06/05
Ekainaren 9, 10 eta 11n kanpaldia egingo dute Bizkaiko zahar-etxeetako emakume grelariek, euren borroka eta oinarrizko eskaerak sozializatzeko asmoz. Izan ere, argi daukate langileek, euren borroka gizarte osoaren borroka ere badela, zaintza-lanaren katearen alde batean edo bestean aurkituko garelako momentu batean denok, ezinbestean. Izan ere, zaintza erdigunean jartzeko beharraz hausnartzean aurrez aurre egiten dugu topo gatazka prekarizatu eta feminizatu honekin. Hori dela eta, kanpaldia egingo dute asteburuan Bilbon. Jarraian, grebalariek idatzitako gutuna duzue:

Nire izena Soraya Garcia da, Bizkaiko zahar-egoitzetako sektoreko langilea eta ELAko ordezkaria naiz, eta 200 egun daramatzat greban.

Zuri idazten dizut gure borrokaren zergatiak azaltzeko, eta gurekiko elkartasuna eskatzeko. Izan ere, ekainaren 9, 10 eta 11n kanpaldia egingo dugu Bilbon ─Udalak baimena ematen badigu, maiatzean egin ez zuena─, eta gurekin bat egiteko eskatzen dizugu.

Zahar-egoitzekin negozioa egiten duten enpresek eta Bizkaiko Foru Aldundiak gure eskakizunak gehiegizkoak direla diote. Gure egoera, ordea, oso bestelakoa da, eta 5.000 langileok, erabiltzaileek eta horien senideek egunero jasan behar dugu.

Egoitzetako langileriaren eskasia eskandaluzkoa da: erabiltzaile bakoitza jasotzeko eta garbitzeko zazpi minutu ditugu, pixoihala aldatzeko hiru minutu (hiru aldiz egunean), askotan langile bat baino ez dago bi solairutan arreta eskaintzeko. Erabateko prestutasuna izan behar dugu, esplotazioren antza duten ordutegiekin, eta gure soldatak ez dira 1.000 eurora ere iristen. Egoera hori oso gogorra da, baina are gogorragoa da zure laguntza behar duen pertsona bat ikustea, zuri zerbait kontatzeko beharra duela ikustea... eta astirik ez izatea berarekin egoteko.

Errealitate hori aldatzea zaila izango zela bagenekien; baina imajinatu ere ez genuen egiten, hain latza izango zela.

Orain argi daukagu sistema dela aldatu beharrekoa, eta hori oso zaila da, horren atzean estrategikoki hartutako erabaki politikoak baitaude: esplotazioan oinarritutako lan-baldintzak eta gizarteko pertsonarik ahulenenei zerbitzu publiko eskasa eskaintzea beste helbururik ez duten erabaki politikoak, hain zuzen ere. Helburu bakarra dago: enpresa bakan batzuen etekinak zaintzea, haien titularrak foru-aldundiko agintarien ingurune politikokoak direlako.

Sistemak orain arte bezala jarraitu dezan, isilik, denari men eginez eta ikusezin behar gaituzte. Horrela nahi dituzte emakumeak, dena berdin mantentzeko.

Orain antolatu garenez eta borrokatzea erabaki dugunez, sistemarako “arriskutsuak” garela diote, makurrarazi nahi gaituzte, erabiltzaileei tratu txarra ematen diegula egozten digute, beldurtu nahi gaituzte (kaleratzen gaituzte, mehatxatzen gaituzte, kanpaldiak debekatzen dizkigute...). Halere, txarrena da bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatzen gaituztela, menpeko gisa, manipulatzeko modukoak, erabakitze-gaitasunik ez bagenu bezala, azken finean, begirunea galdu digute. Eta hori egiten dute emakumeak garelako, isilik geratzen ez garen emakumeak, ezarri diguten papera onartzen ez dugun emakumeak, aldundiaren eta haren enpresa lagunen xantaiari men egiten ez diogunak.

Halere, honaino heldu bagara... orain ez gara geldituko. Gero eta gehiago gara kalera ateratzen garenok, eta ez gara geldituko egoitzetako errealitatea aldatu arte: lan-baldintzak duintzea eta baita erabiltzaileen bizi-baldintzak ere.

Dena dela, argi dago guk bakarrik ezin izango dugula, gizarte osoaren sostengua beharko dugula; horregatik babesa eskatzen dizugu, denoi eragiten digun arazo soziala baita hau. Horregatik guztiagatik eskatzen dizugu ahal duzun neurrian gurekin egotea ekainaren 9, 10 eta 11ko kanpaldian.

Etorriko zarelakoan gaude. Besarkada handi bat!

Bilbo, 2017ko ekaina.

Sinadura: Soraya García, Bizkaiko zahar-egoitzetako langile grebalarien izenean.

sgarcia@ela.eus