Bizkaiko zahar-egoitzetako grebalariek Emakunderi eskatu diote egoitzetako gatazka sozio-laboralean esku har dezala

2017/06/22
Bizkaiko erresidentzietako langileek elkarretaratzea egin dute Emakunderen egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen, prekarietatea nagusi duen gatazka honetan esku hartu dezan eskatzeko. 200 greba-egun baino gehiago bete dituztenean, langileek elkarretaratzea egin dute Emakunderen egoitza nagusiaren aurrean, eta gutun bat eman diote Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidari. Horren bidez erakunde autonomoak Bizkaiko zahar-egoitzetako gatazkan esku hartzea eskatu diote.

Bizkaiko erresidentzietako langileek elkarretaratzea egin dute Emakunderen egoitza nagusiaren aurrean, eta gutun bat eman diote Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidari. Elkarretaratze horren bidez agerian utzi nahi izan dute Emakunderen utzikeria, eta baita esku-hartzerik eza ere, lan-gatazka horrekiko, alegia, prekarietatea nagusi den sektore feminizatu horretako gatazkarekiko. Pribatizazioen aldeko erabaki politiko batzuek emakumeen esplotazio-baldintzak iraunarazi dituzte, eta horren ondorioz gizarteko pertsonarik ahulenenei zerbitzu publiko eskasa eskaintzen zaie. Edonola ere, helburua bakarra da: enpresa bakan batzuen etekinak zaintzea, nahiz eta %90ean emakumeak diren langileen baldintzak prekarizatzearen kontura izan.

Orain arte erakunde horrek erakutsi duen utzikeria eta esku-hartzerik eza deigarriak dira. Izan ere, erakunde horren helburuen artean daude emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea, emakumeak ahalduntzea, eta besteak beste, okupazio-segregazioa salatzea, hori baita diskriminazioaren jatorrian dagoen faktoreetariko bat.

Beste aldera begiratzeko jarrera eta geldotasuna are larriagoak dira, Emakunderen jardute-esparruetako bat herri-administrazioekin batera berdintasunaren alde elkarlanean aritzea delako. Oraingo honetan, ostera, gatazka eta egoera honen errudun nagusia Bizkaiko Foru Aldundia da, berak finantzatzen baitu %70ean zerbitzu publiko pribatizatu hori; baina, gatazka konpontzen ahalegindu beharrean, gatazka enkistatzen lagundu du, sektoreko patronalei babesa emanez, borroka indargabetuz, langileak ikusaraziz, eta langileei begirunea galduz, bigarren mailako herritarren gisa tratatuz —menpekoak, manipulatzeko modukoak, ekimenik gabeak, erabakitzeko gaitasunik gabeak izango balira bezala—.

Horregatik, zahar-egoitzetako langileek elkarretaratzearen bidez salatu nahi dute Emakundek orain arte jokatu duen papera, eta eskatzen diote dagokion eginkizuna har dezala, oraingo honetan Bizkaiko Foru Aldundia premia dezala sektore horretako emakumeen diskriminazioa ezabatzeko, haien lana duintzeko, eta baita erabiltzaileen bizi-baldintzak hobetzeko erabakiak hartzera.