ELAk egonkortasuna exijitzen du EAEko Administrazio Orokorreko langileentzat

2017/05/17
EAEko Administrazio Orokorreko langileen eskubideen aldeko kotxe karabana egin dute gaur ELAko ordezkariek. EAEko Administrazio orokorreko ELAko ordezkariek kotxe karabana bat gauzatu dute gaur Bilboko kaleetatik, Eusko Jaurlaritzak Administrazio honetako langileei ematen dien tratu txarra salatzeko eta Eusko Jaurlaritzari Lan hitzarmenak betez murrizketa guztiak atzera botatzea eta enpleguari buruzko negoziazio prozesu baten hasiera exijitzeko.

Lan baldintzei dagokionez, Administrazio honetako langileei Madriletik ezarritako murrizketa guztiak aplikatu dizkio Eusko Jaurlaritzak azken 7 urteetan (soldata murrizketa eta izozteak, 2012ko aparteko pagaren lapurreta, gaixoaldien soldata zigorra…) eta Eusko Jaurlaritzak berak erabakitako murrizketa propioak aplikatu dizkie, jubilazio primen etena esaterako. Hau gutxi balitz, Madrilek murrizketak atzera botatzeko aukera eman duenean ere, Eusko Jaurlaritzak bere langileei murrizketa horiek aplikatzen jarraitzea erabaki du, 2012ko aparteko ordainsaria edota ITZARRI pentsio planerako ekarpenen kasuan esaterako.

Enpleguaren egoera onartezina da, urte askotan zehar Eusko Jaurlaritzak aurrera eramandako kudeaketa desegoki baten eta behin behinekotasunean oinarritutako enplegu publiko prekarioaren aldeko erabaki politikoaren erakusgarri: Behin behinekotasuna %35etik gorakoa da Administrazio honetan, hau da 2.000 behin behineko baino gehiago daude, emakumeak gehiago gizonak baino. Gehienek 5,10,15 edo 20 urte daramatzate prekarietate egoera honetan, Jaurlaritzak LEPik ez duelako egin nahi izan 20 urtetan. Langile finkoek ere ez dute promozioarko eskubiderik izan urte guzti hauetan, beraien ikasketen mailako lanpostuetara sartzeko aukera ukatu zaielarik. Hau gutxi balitz, gero eta zabalagoa da kanporatzen diren zerbitzuen zerrenda, azpikontratatutako empresa hauen etekinak bertoko langileen lan baldintzen eta eskeintzen den zerbitzuaren kalitatearen kontura lortzen direelarik sistematikoki.

Heldu da unea egoera honi amaiera emateko, Lan hitzarmenak betez murrizketak atzera bota, eta behin behineko enplegu prekarioarekin amaitzeko. Horrela soilik bermatu ahal izango ditugu kalitatezko zerbitzu publikoak Euskal Gizartearentzat.