Negoziazioa eskubidearen alde. Sinatutakoa bete!

2017/07/20
ELA eta ErNE sindikatuok mobilizazioekin jarraituz, Ertzaintzan dagoen lan-gatazkaren sozializazio-kanpainari ekingo diogu. Horretarako Ertzain-etxe aurreetan kartel-jartze eskerga bat egingo dugu.

Kanpaina honi gaur emango diogu hasiera, eta datozen hilabeteetan jarraipena emango diogu. Izan ere, azken hiru urteetan egiten ari garen mobilizazioekin jarraituz egiten ditugun aldarrikapen eta mobilizazioak Ertzain-etxeetara eta herritarrengana hurbildu nahi ditugu.

Helburua da Eusko Jaurlaritzak eta Segurtasun Sailak lan-akordioei egiten dizkieten urraketak salatzea. Baita, behin eta berriz uko egiten dioten arren, murriztu edo kendu dizkiguten eskubideak leheneratzeko benetako negoziazio bati ekite ere. Eta, bide batez, kolektibo honi, Sailak, temati ukatzen dion begirunea berreskuratzea.

Unean- unean jakinaraziko dizkizuegu kanpainan zehar egingo diren mobilizazio ugariren berri. Guztiak ere Ertzaintzan mobilizazio premia eragiteko egingo dira. Baita, herritarrak sentsibilizatzeko ere, azken batean hauek baitira zerbitzu-publiko duinak eskatzen dutenak.

Ezinbestekoa da eskubideak urratzen dizkigutela jakinaraztea, eta ez dagoela negoziatzeko borondate politikorik; bai ordea, murrizketa gehiago egitekoa, eta Segurtasun Sailaren etengabeko inposaketa, arau bihurtu nahia.

Ertzaintza osoaren babes eta parte-hartzearekin soilik dago bermatuta egoera makur honen aldaketa; gogoan izan gero! “AKORDIO ON BAT ZERUTIK BEHERA EZ DATOR”