Segurtasuna exijitzen Tolosako Ertzain-Etxearen aurrean elkarteratzea

2017/01/24
ELA-Ertzaintzak Tolosako Ertzain-etxearen aurrean, ostiralean, urtarrilaren 27an, 10:30etan, protesta-elkarteratzea egitera dei egiten du: SEGURTASUNA, SEGURTASUNA EMATEKO

ELA-Ertzaintzak, joan den ekainaren 2an,  Segurtasun Sailak arduragabe ari zela salatu zuen, eraikuntzetako kanpoaldean gauez argiak ez aktibatzearekin. Irizpide ekonomiko eta murriztaile batzuk  segurtasunaren aurretik jartzen ari ziren, hain zuzen ere. Kudeaketa Ekonomiko eta BBOO-en zuzendariak, uztailaren 14ean, erantzun zuen hura ez zela murrizketa neurri bat, baizik eta  “Segurtasun Plan Zuzendari berria” abian jartzeagatik zela. Ertzaintzako Zuzendariak, berriz, behin eta berriz, plan horren edukiaz informatzeari uko egin dio.

Joan den abenduan, hilak 29, Ertzaintzaren Kontseiluaren bileran, Ertzaintzako Zuzendariak defendatu zuen BERE arreta-zentroetako herritar-arreta eredua. Hori guztia Sailburuaren eta Sailburuordearen babespean egin ere. Beste neurri batzuen artean herritar-arreta guneetatik manparak kentzeko neurria jasotzen da. Neurri hau “itzalaldiari” gehitu behar zaio, beti ere, segurtasunaren kaltetan.

ELAk kritikatu zuen Sailak egiten duen manipulazioa herritarrekiko  “hesiak” direla uste dituen horiek kendu beharra justifikatuz; beste erabaki batzuk ere gaineratuz, hala nola: landa-patruila, ikastetxeetan solasaldiak, korrikak, etab…hau guztia herritarrekiko hurbiltasuna erdiesteko. Orduan salatu genuen: gertutasuna osotasunean emandako zerbitzu on bat dela esan genuen; eta une honetan ez da horrelakorik egiten ari, edo oso zailtasun handiekin egiten ari gara. Esate baterako: ikerketako guardietako zerbitzuan.

Gutxien-gutxieneko segurtasun-maila exijitzen hasi garenean, erantzuna izan da manparak kentzen hastea, oraingo honetan Tolosako Ertzain-etxean; horrenbestez, zentro horretan protesta-elkarteratze baterako deia egiten dugu, ostiralean, urtarrilaren  27an,  10:30etan.