ELAk Udalari, Jaurlaritzari eta Kristau Eskolari Barakaldoko La Milagrosa ikastetxeari irtenbide bat ematea eskatzen die

2017/01/16
Barakaldoko La Milagrosa itunpeko ikastetxea bere itxiera eragin dezakeen egoera baten aurrean da. Egun 350 ikasle inguru eta 39 langile zuzen eta beste hainbat azpikontratatu dituen ikastetxe hau Karitatearen Alaben Lagundiak kudeatzen du. Arazo nagusia alokairua ordaintzeko ikastetxearen gaitasun ezan datza, izan ere, azkenengo urteetan haren igoera etengabekoa izan da eraikinaren jabe den Miranda Fundazioaren aldetik (2014rarte 8.600€tik 2015tetik aurrera 20.600€ra igo da).

Sindikatuaren ustez guztiz gaitzestekoa da Miranda Fundazioaren jarrera (irabazi asmorik gabeko eta izaera soziala duen elkartea). Honek, agerikoa denez, interes ekonomikoak hezkuntza eskubide eta eskubide laboralen gainetik jartzen ditu. Era berean, ELAk Karitatearen Alabei, Kristau Eskolari (ikastetxea kideturik dagoen patronala) eta erakunde publikoei ikastetxe honetan lanean diharduten langileei eta seme-alabak bertan eskolatuak dituzten familiei konponbide duina bermatu dezatela exijitzen die. Barakaldoko Udalak zein Eusko Jaurlaritzak ardura zuzena daukate gatazkaren konponbidean. Alde batetik, Barakaldoko alkatea Miranda Fundazioaren presidente ordea da eta, bestetik, itunpeko ikastetxea den heinean, gobernuak konponbidearen bilaketan duen ardurari heldu behar dio.

Esan beharra dago sortu den egoerari irtenbidea eman ezean, 40tik gora langilek lanpostua gal dezaketela eta ehunka familiek euren seme-alabak beste ikastetxe batzuetara mugitu beharko dituztela. Egoera tamalgarria, are gehiago funtzionamendu erabat normala izateko behar adina matrikulazioa duen ikastetxea dela kontuan hartuta.

ELAk tartean dauden erakunde guztiei arduraz jokatzera dei egiten die, bertako langileen eta familien interesak lehenetsiz, La Milagrosako bideragarritasuna bermatu aldera.

ELAk langile eta familiei eta, era berean, Barakaldoko gizarteari eta hezkuntza komunitateari hurrengo egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen die, ardura duten erakunde guztiei egoera honi irtenbidea bilatzea eskatzeko.

Kontzentrazioak burutuko dira egunero ikastetxearen eta Miranda Fundazioaren aurrean. Urtarrilaren 17an 17:30tan kontzentrazioa egingo da Barakaldoko Udalaren aurrean eta urtarrilaren 19an 18:00tan, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, Bilbon.