Eusko Jaurlaritzak prekarietatea betikotu nahi du irakaskuntza publikoan

2017/01/25
Hezkuntza publikoko 9.500 behin-behineko irakasle plazetatik 740 besterik ez ditu EPEra aterako gobernuak %38ko behin-behinekotasuna betikotuz. Gaur zehaztu duten EPE deialdi honek, sindikatuen salaketari eta Europako epaiei muzin eginez, nabermen uzten du Eusko Jaurlaritzak ez daukala berak sortu duen egoera hau konpontzeko inolako borondaterik

Gaur sindikatuekin izan duen bileran Hezkuntza Sailak 2017rako deituko duen EPEaren berri eman digu. Sindikatuon azken urteetako eskaerei muzin eginez eta espainiar gobernuak agintzen dizkion aurrekontu muga eta berjartze tasei men eginez 740 plaza besterik ez ditu deituko EPEra.

ELAk behin eta berriro salatu du zerbitzu publikoetan orohar eta hezkuntza publikoan zehazki jaurlaritzak bultzatzen ari den behin-behinekotasun eta prekarietatea. Azken hilabeteetako europako tribunalen sententziek agerian uzten dutena.

EAEko Hezkuntza Publikoan ia 11.000 langile daude behin-behineko kontratuekin (%39), 9.500 irakasle (%38). Hau da 10 langiletik 4 behin-behinekoak dira. Oinarrizko zerbitzu publikoetan onartezinak den lan prekarietate honek gainera eragin zuzena dauka ikastetxeetako plantillen egonkortasunean eta hezkuntza lanean.

Gaur zehaztu duten EPE deialdi honek, sindikatuen salaketari eta Europako epaiei muzin eginez, nabermen uzten du Eusko Jaurlaritzak ez daukala berak sortu duen egoera hau konpontzeko inolako borondaterik. Zenbitzu publikoetan eta hezkuntza publikoan prekarietatearen alde egiten du, horretarako espainiar gobernuaren neurriak probestuz.

Egun behin-behineko kontratua duten irakasleen lanpostua egonkortzeko, azken urteetan murrizturiko lanpostuak berreskuratzeko eta gure hezkuntza sistemak dituen behar eta erronkei modu egokian aurre egiteko, 7.000 lanpostutik gora atera beharko lituzke jaurlaritzak sindikatuekin adosturiko deialdi publikora. Horren ordez, beste behin ere, 740 plazetako deialdi pirrikoa luzatu du, ordea.

ELArentzat Hezkuntza Sailaren proposamen hau guztiz onartezina da. Hain garrantzitsua eta gure etorkizunari begira estrategikoa den sektorean behin-behinekotasunaren eta prekarietatearen aldeko apostu garbia da eta adar-jotzea beraien lanpostuak egonkortu gabe dituzten eta urte askotan inolako egonkortasunik gabe alde batetik bestera ibiltzera beharturik dauden milaka ordezko langileentzat.

ELAk Hezkuntza Sailburuari eskatzen dio Hezkuntza Publikoaren benetako beharrei aurre egiteko baliabide eta bitartekoak jar ditzala, behin-behinekotasunari eta prekarietateari aurre egiteko neurriak har ditzala eta egoera okertu besterik egiten ez duten propaganda neurriak alde batera utz ditzala.