Kutxabank gure ikastetxeetatik at!

2016/07/07
Euskal Herrian Finantza-Sistema Publiko baten aldeko Plataforman gauden eragile eta sindikatuok Kutxabank gure ikastetxeetan burutzen ari den esku-sartzea eta horren aurrean Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailaren utzikeria salatu nahi ditugu.

Euskal Herrian Finantza-Sistema Publiko baten aldeko Plataformaren agiria:

Euskal Herrian Finantza-Sistema Publiko baten aldeko Plataforman gauden eragile eta sindikatuok Kutxabank gure ikastetxeetan burutzen ari den esku-sartzea eta horren aurrean Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailaren utzikeria salatu nahi ditugu.

Aurtengo ikasturtean Kutxabankek "Bizitzarako finantzak" unitate didaktikoa 60 geletan (ia 1.250 ikaslerengana) zabaldu du. Hurrengo ikasturtean 2.000 ikaslerengana iristea espero du, honetarako gobernuaren oniritzia izanez. Hemen gauden eragile eta sindikatuontzat oso larria da gure hezkuntza sisteman honelako kanpoko erakunde pribatu batek esku sartzea.

Guk argi dugu Kutxabanken objektibitate falta gai honekiko eta unitate didaktiko horren helburua kontsumitzaile sumisoak sortzea dela, sistema neoliberalak nahi duen moduan. Ez da aipatzen ez banka publikoa edota etikoaren existentzia bera ere eta honen funtzioak, eta are gutxiago banka kapitalistari inolako alternatibarik.

Programaren arduradunen hitzetan programa honek: "ikasleei heldutasunean ezinbestekoak izango dituzten finantza gaitasun eta trebetasunak jasotzen laguntzea" du helburu; besteak beste finantza sistemaren funtzionamendua, inbertsioak, kredituak... Erabat eztabaidagarriak diren irizpide eta edukiak, are gehiago, modu berezian banketxeekin harturiko obligazioen betetzean azpimarra jartzen denean.

Horrela, unitate didaktikoaren ondorioak dira: banka pribatu eta espekulatzaileari balio ematea, bezeroak akziodunen intereseko diren estrategien mepeko egitea eta balio hauetan oinarrituriko geroz eta bezero berri eta gazteagoak egitea.

Orain ere argi dago Eusko Jaurlaritzak LOMCE aplikatu eta garatzen jarraitzea erabaki duela, kasu honetan, legeak berak adierazten duenetik harago gainera. Izan ere, LOMCEk ez badu zehazten nork garatu behar dituen eduki berri horiek. Baina Eusko Jaurlaritzak banka pribatuaren eskuetan uztea erabaki du, Kutxabankek erabakiriko pertsonek edukiak garatuz. Ondorioz, ekonomia eta finantzak ulertzeko era zehatz, partzial eta alderdikoaren alde egin du jaurlaritzak, horrek berarekin dakarren aukera ideologikoarekin.

Ez dugu ulertzen zergatik hezkuntza sailak ez duen jo ekonomia irakasle espezialituengana eskola-eduki horiek garatzeko eta, aldiz, finantza erakunde baten esku utzi dituen. Hain zuzen ere, bere gizarte-ekintzagatik baina gehiago gauzatzen dituen etxe-kaleratzeagatik nabarmentzen dena, banka bihurtu aurretik zuen izaera publikoa eta soziala galdu duen erakunde pribatu baten esku, alegia.

Horregatik guztiagatik Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu Kutxabankekin hartutako konpromisoa bertan behera utz dezala, LOMCE ez aplikatzeko jendarte eskaerarekin bat egin dezala eta curriculumaren eduki guztiak Hezkuntza Saileko langileen esku utz ditzala.