Murrizketeta berrien aurka eta hezkuntzaren defentsan elkarretaratzeak egin dira Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza ordezkaritzetan

2016/06/24
ELA, LAB, EILAS, CCOO eta UGT sindikatuek deituta elkarretaratzeak egin dira gaur goizean Hezkuntza Sailaren hiru ordezkaritzetan eta hainbat ikastetxetan lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea exijitzeko Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuok lanuzteak deitu ditugu ikasurte berrirako, murrizketa berriak gauzatzen badituzte.

Azken urteetan murrizketa gogorrak inposatu dituela Jaurlaritzak salatu dute sindikatuok. Milaka lanpostu aurreztu ditu geletan ikasle gehiago pilatuz eta ordezkapenak atzeratuz edo ez eginez, erretiroa atzeratu eta oztopatu du, soldatak murriztu eta izoztu dizkigu, bajak zigortu... Honek gogor eraso die lanpostuei, lan-baldintzei eta hezkuntza kalitateari.

Orain irakastorduak gehitzeak eta ordezkapenak atzeratzeak milaka lanpostu desegitea eta lan-kargak biderkatzea eragingo luke, eta kinka larrian jarriko lituzke hezkuntza berdintasuna eta kalitatea.

Hau guztia kontuan harturik, sindikatuok Jaurlaritzari eskatu diote ezinbestean inolako lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea.

Gobernuak ordea, asmo on eta murrizketen ondorioak “arintzeko” proposamenez harago, ez du bermatu murrizketarik izango ez denik.