Nafarroako Gobernuak neurri ausartagoak hartu beharko lituzke hezkuntzan UPNk markatutako norabide neoliberala aldatzeko

2017/07/03
Aldaketaren gobernuak 2 urte daramatza Nafarroako Hezkuntza sistema gidatzen. UPNk markatutako norantza neoliberala desbideratu behako luke, orain arte hartu dituen neurriak baino ausartagoak hartuz. Orain arte emandako urratsak aztertu dituzte ELA sindikatuko Nafarroako hezkuntzako arduradunek, Iruñean eskaini duten prentsaurrekoan.

Aldaketaren gobernuak 2 urte daramatza Nafarroako Hezkuntza sistema gidatzen. Agintaldiaren erdian, ELAk orain arte egindako urratsen gaineko balorazioa egin du, eta neurri ausartagoak eskatu ere.

EGOERAREN LARRITASUNA

LOMCE legea, inoiz ezagutu gabeko erasoa izan da gure hezkuntza sistema txikitu, espainiar estaturen eskuetan jarri, ideologia eta pedagogia guztiz atzerakoia ezarri eta hezkuntza merkantilizatzeko bidean.

Erregimenak Europako azken muturrean utzi gaitu hezkuntzara bideratzen duen inbertsioari dagokionez. Nafarroako Gobernuak 2015ean BPGren %3,2 besterik ez zuen hezkuntzan inbertitu, Europar Batasunaren bataz-bestekoa %4,9 da, 1,7 puntu gehiago.

2010ean Nafarroako Hezkuntzako aurrekontua 669 milioi eurokoa izan zen, eta UPNk 2015ean 584 milioitan utzi zuen, %13 gutxiago.

Epe berean matrikulazioa 6.249 ikasletan hazi zen Nafarroan. Baina murrizketa politiken ondorioz, langile kopurua murriztu egin zen Nafarroaren kasuan, irakastorduak 2 ordutan zabaltzearen eraginez eta gela bakoitzean ikasle gehiago sartuz, behar baino 800 langile gutxiago daude hezkuntzan.

Prekarietatea eta behin-behinekotasun tasa izugarri handiak dira, eta honi gehitu behar zaizkio ordezkapenik ez egitea edo astebetera egitea eta lan-kargen handitze nabarmena.

Honen ondorio zuzena da berdintasunerako, justizia sozialerako, inklusiorako eta gizarte kohesioa bermatzeko tresna izan daitekeen hezkuntza arriskuan jarri dela.

Zapatero, Rajoy, Sanz eta Barcinak eginiko murrizketen pisua langileen bizkar jarri zuten, eta sare publikoko langileei 2010ean soldataren murrizketa egin zieten, eta 2012an aparteko saria kendu.

Nafarroako Gobernuak itunpeko sarea hezkuntzako azpikontrata merke moduan erabiltzen du. %5 eta %15 bitartean soldata txikiagoak ordaintzen ditu, irakastordu edo lan-ordu gehiago betetzen dituzte eta %5 eta %25 ratio handiagoak dituzte. Lan gehiago prezio baxuagoan lan egiten duten patronalen mesedetan. Gainera, diru publikoz finantzatzen diren arren, kudeaketa irizpide pribatuak dituzte, bai matrikulaziorako, kontrataziorako, ordezkapen edo kaleratzeetarako (beti ere langileen kaltetan) eta beraien proiektu eta interes ideologiko-korporatiboak garatzeko.

Merkantilizazio bidean eta hizkuntza-kolonialismo bidean egin duten beste ekintza bat IIP-PAI progresiboki inposatzearena izan da, eta programa horrek D-Ereduaren hazkundea gelditu du eta A-Ereduarena nabarmen gutxitu du.

ALDAKETAREN GOBERNUAK HARTUTAKO NEURRI POSITIBOAK

  • UPNk utzitako hezkuntzaren aurrekontua %10 hazi da, 2015eko 584 milioitik 2016ko 601era eta 2017ko 643 miloira pasatu da. Hala ere, lauko Gobernuak oraindik gastatzen ditu hezkuntzan 2010ean baino 26 milioi gutxiago.
  • Sare publikoan ikasle/gelako ratioak leheneratu dira, horrela kalitatea hobetuz doa eta 2016-17ko ikasturtean 66 irakasle gehiago kontratatu dira, eta 2017-18rako 164 irakasle eta 34 zaindari gehiago kontratatzea aurreikusten da.
  • Ordezkapenak lehenengo egunetatik egiten hasi dira.
  • 2012an langile publikoei kendutako aparteko saria itzuli egin zaie.
  • Langile publikoei 2016an soldataren %1 igo diete, eta 2017ko abuztuan berriro igoera ezarriko diete. Itunpeko irakasleei 2016ko igoera urte bat berandu eman diete, eta gainera atzeraeragina 2017ko urtarriletik aurrera mugatua. Horrela, neurri hau oso eskasa suertatu da, eta ez-dozenteak kanpoan geratu dira.
  • Bakanteak ez zituzten interinoei, gabonetako edo aste santuko oporretan kontratua ez diete eteten. Finikitotik egun hauek ez dizkiete kendu.
  • 2016an LEPa egin da.
  • Hezkuntza Publikoa hobetzeko Lan-Itunaren negoziazioa ireki da
  • Itunpeko sarean hiru aldetako mahaia ireki da, gobernu, patronalak eta sindikatuez osatua.

NAFARROAKO GOBERNUA SUSTENGATZEN DUTEN LAU ALDERDIEI ESKATZEN DIOGUN NORABIDE ALDAKETA

  • Hezkuntza Gobernuaren lehentasun bilakatzea, bereziki Hezkuntza Publikoa. Horretarako inbertsioa handitu behar da Hezkuntzan, eta UNESCOk gomendatzen duen irizpidea ezarri, hau da, BPGren %6a bideratu Hezkuntzara. Hala ere Europar Bataz besteko 4,9ra iristeko gaurko 643 milioitik 1000 milioira pasa beharko litzateke. Horretarako ezinbestekoa da fiskalitatea aldatzea: Europar Batasuneko batez besteko fiskalitate eredu bat ezartzeak 1800 milioi eurotan handituko luke Nafarroako diru bilketa.
  • Irakasleen ordu lektiboak leheneratzea, 2 ordu lektibo murriztea. Honek irakasleen lan zama arindu eta Hezkuntzako kalitatea hobetuko luke, prestaketa eta koordinazio aukera hobeak eskaintzen dituelako.
  • Ikasle/irakasle ratioa %10a murriztea. Aniztasunari arreta hobea eskaintzeko aukera bermatuko luke.
  • %33 inguruko behin-behinekotasuna %6ra murriztea, europan irabazitako epaiek markatzen duten bezala. Ezin ahaztu Goi Mailako Kontserbatorioan %65etik gorakoa dela behin-behinekotasuna, %52tik gorakoa Erdi Mailako Kontserbatorioan...
  • LEP (lan eskaintza publiko) teknikoak. Hezkuntzak dituen beharren azterketa publiko batean oinarritutakoak. Beti ere zerrenda bakarra oinarri dutenak, administrazioko gainerako departamentuetan gertatzen den bezala eta bi hizkuntza dituzten gainerako erkidegoetan gertatzen den bezala.
  • Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea (%15a bataz beste, taldeen arabera), negoziatutako egutegi batekin.
  • Ordezkoek udara kobratzea (2007-2011ko lan itunean jasotzen den bezala gutxienez), 42/2016, ekainaren 22ko Foru Agindua ez da nahikoa.
  • Ordezkapenak lehen egunetik egitea.
  • Hezkuntza behar bereziei aurre egiteko baliabideak handitzea.
  • Irakasleen formazio beharrei erantzutea.
  • Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
  • Azpikontratatutako sektoreak publifikatzea.
  • Euskaraz ikasteko aukera zabaltzea LHn, kontserbatorioetan eta NUPen.
  • NUPen karrera gehiago eskaintzea, medikuntzarekin hasiz.
  • Nafarroako Gobernuaren “Plan de emprendimiento” delakoaren hezkuntza-neurriak berraztertzea, LOMCEren filosofia merkantilizatzailetik urrunduz.
  • Lauko Gobernuaren programa-akordioa bete behar da, moratoria behin egina: “Ingelesa Ikasteko Programaren hedapena urtebetez atzeratzea gutxienez, egungo programa ebaluatzeko eta hizkuntzen trataera bateraturako plan berri bat diseinatzeko eta curriculumean sartzeko”.
  • IIP-PAI programan sartu nahi duten itunpeko ikastetxeei exigitu behar diete legedian agertzen dena betetzea, hots: eztabaidatu eta bozkatu bai klaustroan bai eskola kontseiluan, ikastetxe publikoetan egiten den moduan.
  • Gaur egungo Euskararen Legea indarrean dagoen bitartean, D ereduko matrikulazioa indartu beharko litzateke. Eredu honek bermatzen baitu euskaran murgiltzea, elebitasun erreala lortzea. Aldi berean, D eredua aukeratzen ez dutenak animatu beharko lirateke A eredua aukeratzera elebakarra den G ereduaren ordez. A ereduak euskararen mundura hurbiltzea laguntzen du, euskararekin kontaktua izanik. Eredu hau indartu behar da eta diru publikoaz lagundutako ikastetxe guztietan bere eskaintza bermatu.
  • Itunpeko langileen lan baldintzak homologatu eta itunpeko ikastetxeen kontrol publiko eta gardena bermatu.
  • Gobernuak itunpeko irakaskuntzaren Nafarroako berezko lan hitzarmena bultzatu behar du, beste sektore kontzertatu batzuetan egiten duen bezala.

Laburbilduz: urrats ausartak eman behar dira Hezkuntza berdintasun, justizia sozial, iklusio, eta gizarte-kohesioa bermatzeko tresna izateko. ELA sindikatuak datozen urteetan eginiko bideari eutsi eta jarraipena emango dio, egoera hau irauli eta lan-baldintzetan nahiz hezkuntza politika eta baliabideetan aurrerapauso nabariak emanez. Hau guztia antolakuntza eta mobilizazioen bidez egingo du. Datorren ikasturteari begira Hezkuntzaren merkantilizazioaren inguruko jardunaldi bat antolatuko dugu.