Ordubeteko lanuztea LOMCE eta HEZIBERRIren aplikazioaren aurka

2016/10/18
ELA eta STEILAS sindikatuek ordubeteko lanuztea deitu dute urriaren 26rako Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari “LOMCE eta honen aplikazio hutsa den Heziberri, bertan behera utz ditzatela” eskatzeko. Sindikatuon esanetan, “Gasteiz eta Iruñeko gobernuak, ahoz erreformaren aurka azaltzen badira ere, hezkuntza sistema txikitzen duen lege berriaren oinarrizko eta larrienak diren eduki eta kontrol mekanismoak ezartzen ari dira”.

ELA eta STEILAS sindikatuen ordezkariek salatu dutenez, “honekin batera Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua murrizketa gogorrak ari dira inposatzen hezkuntzan, lan-baldintzak okertuz, behin-behinekotasun onartezina areagotuz, lanpostuak murriztuz, lan-kargak handituz, geletan ikasleak pilatuz”.

Urriaren 26ko ordubeteko lanuztearekin batera elkarretaratzeak egingo dira ikastetxeen aurrean, eta arratsaldeko 18tarako manifestazioak deitu dituzte lau hiriburuetan.