ELAk ez du parte hartu Osakidetzako berdintasun mahaian

2017/06/01
ELAk uko egin dio Osakidetzak emakumeen diskriminazio egoerak hobetzeko borondatea duenaren itxurak egiteari. ELAk, negoziazio honetan parte hartzeko, Osakidetzak haurdun dauden eta umea izan berri duten emakumeak kontratatzeko baldintza jarri zuen, eta zuzendaritzak ez du inolako urratsik eman.

ELAk, negoziazio honetan parte hartzeko, Osakidetzak haurdun dauden eta umea izan berri duten emakumeak kontratatzeko baldintza jarri zuen, eta zuzendaritzak ez du inolako urratsik eman.

Osakidetzak orain urtebete Berdintasun Plan bat ezartzeari ekin zion. Orduan ELAk hainbat arazo helarazi zizkion, horien artean Osasun Erakunde ezberdinek haurdun dauden edo umea izan berri duten emakumeak kontratatzeko ezartzen dituztenak, egoera horretan bajan dauden emakumeak ez kontratatzea genero arrazoiengatik diskriminazioa dela berresten duten epai asko ditugu eta. Otsailean ELAk Osakidetzari jakinarazi zion zuzeneko diskriminazio horiekin amaitu ezean ez zegoela Berdintasun Plan bat negoziatzeko baldintzarik eta konponduko zutela esan zuten.

Sindikatuak Berdintasun Plana negoziatzera deituak izan gara gaur, arazo hori konpondu gabe. Nola negoziatuko ditugu zeharkako diskriminazio egoeren konponketak epaitegiek behin eta berriz legezkontrakoa den egoera bat konpontzeko borondaterik ez badago?

Bilerarako Osakidetzak bidalitako dokumentuan arazo hau ez da jaso ere egiten. Ezta ELAk helarazitako beste hainbat kezka, hala nola promoziorako emakumeek dauzkaten arazoak konpontzeko neurriak (langileen %80 emakumeak diren arren aginte postuen %56,68 bakarrik betetzen dituzte), ezta Osakidetzan sarbidea izateko emakumeek aukera berdinak dituzten (Administrazio Orokorreko txostenean gizonezkoek sarbiderako aukera gehiago dutela adierazten da), ezta garapen profesionalean, plusetan edo guardietan soldata arraila dagoen ere. Hauek eta beste hainbat kezka helarazi dizkio ELAk Osakidetzari egoeraren analisi egoki bat egin dadin, baina ez ditu jaso nahi izan.

ELAren ustez, honek guztiak argi adierazten du Osakidetzak ez duela Berdintasun Plan bat negoziatu nahi, prozesuan lagun dezagun besterik ez dute nahi praktikan erreala ez den irudi bat eman dezaten. Horregatik, ELAk zirku horretan parterik ez hartzea erabaki du. Negoziaketarako borondatearen termometroa haurdun dauden eta umea izan berri duten emakumeen egoera konpontzeko neurri praktikoetan dago, egoera hori konpontzen ez den bitartean ELAk ez du negoziaketan parte hartuko.

Euskal Herrian, 2017ko ekainaren 1ean