Osakidetzak aldi baterako langileak ikusezin egiten ditu

2017/06/20
ELAk antolatutako kontzentrazioan mamuz jantzitako langileek hartu dute parte, Gurutzeta Ospitalean albi baterako lan-kontratuak salatzeko egin den elkarretaratzean. Osakidetzak ez du behin-behinekotasuna murrizteko planik aurkeztu Mahai Sektorialean eta ELAk aldaketa estruktural bat aldarrikatu dio.

Osakidetzak %43ko behin-behinekotasun tasa du, 14.000 langile ari dira lanean behin-behineko kontratuarekin. Langile horien erdia lanpostu estrukturalak betetzen ari da. Besteek, berriz, lanaldi murriztua duten pertsonen jardunaldia betetzen dute (kasu gehienetan emakumeen lanaldi murriztuak) edo beste edozein arrazoirengatik lanera joaterik ez duten langileen lanpostua betetzen dute. Egoera horretan, badira lau urteetan 200 kontratutik gora izan dituzten pertsonak.

ELAk proposamen zehatza aurkeztu dio Osakidetzari tenporalitatea %8tik behera kokatzeko; horretarako 14.000 behin-behineko lanpostuetatik 10.000 egonkortu beharko lirateke. Batetik lanpostu estruktural guztiak egonkortu beharko lirateke eta, bestetik, beste behar guztiei erantzuteko dauden langileen kontratazioa egonkortu behar da. Adibide moduan, Osakidetzan 3.500 bat langilek eskatu dute lanaldi murrizketa, ELAk egindako proposamenaren arabera langile horien lanaldia betetzeko behar diren pertsonak finkoak izan daitezke, lanaldiak betetzeko beharrezkoa den malgutasun adostuen bitartez. Etorkizunean behar hauek handitu egingo dira egungo langileek erretiroa hartu eta kontziliazio beharrak handitzen diren neurrian.

ELAren proposamenak 35 milioi euroko aurrezkia dakarkio Osakidetzari eta langileen lan-baldintzak duindu egiten ditu. Darpon Sailburuak esana da Osakidetzako tenporalitatea oso handia dela emakume askok egiten dutelako bertan lan eta legezko kontziliazio neurriak bere kontura doazenez, lanaldia betetzeko kontratazio asko egin behar dutela; hau ez da etorkizunean aldatuko, eta Osakidetzak erabaki beharko du behar estruktural hori langileei lan-baldintza duinak emanez beteko duen ala hauek zanpatuz.

Azkeneko Mahai Sektorialean Osakidetzak eginiko proposamena iraingarria izan zen, erretiroa hartuko duten 1891 langileen lanpostuak bakarrik eskainiko ei ditu hurrengo EPEan, hau da, behin-behinekotasuna ez du murriztuko. Behingoagatik legezko aukera ireki zaio Osakidetzari eta ezin du aukera alperrik galtzen utzi. ELAk sakoneko plan estrategiko bat nahi du eta ez epe laburreko sasi-konponbide bat.

Hau dena aldarrikatzeko ELAk kontzentrazioa deitu du Gurutzetako Ospitale aurrean, langile tenporalak ikusezinak ez direla aldarrikatzeko eta bizitza duina izateko eskubidea dutela aldarrikatzeko. Era berean, Osakidetzari lanpostuak kontsolidatzeko proposamen serioa aurkez dezala galdegin dio.