2017ko urtarrileko argindarraren faktura: historian izan den bigarren garestiena

2017/02/22
2017ko urtarrilean berriz ere markak hautsi dira. Izan ere, argiaren fakturaren igoera ikaragarria izan da. Gure eguneroko bizitzarako beharrezkoa den elementu batekin ari dira espekulatzen, eta hotz handia pairatzen ari garen momentuan, gainera. Bestalde, sistema hau hain konplexua izanik eta hain gardentasun gutxikoa, askotan zaila egiten zaigu faktura bera ulertzea. Horixe da, hain zuzen ere, jarraian duzuen artikuluaren helburu nagusia, alegia, kontsumitzaileei sistemaren nondik-norakoak azaltzea eta bere azpijokoen diagnosia egitea.
ELA Ingurumena (artikulua hau Landeian argitaratu da)
Lehenik eta behin, konpainia elektrikoen jarrera salatu behar dugu. Izan ere, garai hotzetan bete-betean murgilduta gaudela igo dute argindarraren prezioa, hots, herritarrontzat ezinbestekoa den ondasun baten kostua. Honen atzean elektriken oligopolioa dago; horien abusuak eragiten du espainiar Estatuan argiaren faktura Europako hirugarren garestiena izatea.
Beraz, egungo energia eredua oso injustua da; bere xedea oligarkiaren enpresak eta agintariak aberastea baino ez da; aitzitik, kontsumitzaile eta erabiltzaileon eskubideak behin eta berriz urratzen dira, oinarrizko izan beharko lukeen zerbitzu bategatik behar baino gehiago ordaintzen baitugu.
  1. Bestalde, azaldu beharra dago nola osatzen den argindarraren agiria. Goazen atalka. Alde batetik, %35 inguru merkaturatzaileek handizkako merkatuan ordaintzen duten elektrizitatearen prezioa da. Bestetik, %25 kontsumitzaileak ordaindu behar dituen zergak dira (%21eko BEZ eta elektrizitatearen gaineko zerga). Azkenik, kostu arautuengatik ordaintzen dena dago (garraioa, banaketa, berriztagarrientzako pizgarriak…).

Sarritan enpresa elektrikoek pentsarazten digute beren ardura handizkako merkatuaren zatira mugatzen dela. Kostu arautuekin ere zerikusi handia dute, ordea. Izan ere, ustez, kostu arautuek bi osagai islatzen dituzte: zergak eta argindarra ekoizten den lekutik gure etxeetaraino garraiatzearen kostua. Halere, horiez gain, bloke honetan beste hainbat atal agertzen da, harritzeko modukoak , gainera: gas eta ikatz zentralei ordainketa gehigarri bat egiten zaie existitze hutsagatik, energia ekoizten ari diren ala ez kontuan hartu gabe. Hona hemen beste adibide bat: industria handiei “etete-kostua” delakoa medio ordaindu egiten zaie (kontsumo handiko uneetan elektrizitate gehien kontsumitzen dutenei zerbitzua eten egin ahal zaie). Haatik, hamarkada bat pasa denetik ez da horrelakorik gertatu. Halere, urtean guztion artean 500 milioi euro ordaintzen ditugu horretarako. Hauek dira kostu arautuen zatia hain handia izatearen zergatiak. Gainera, kostu hau finkoa da.

Liberalizatutako atala (zati aldakorra) egunero egiten den enkantean finkatzen da. Arazoa zein da? Bada, sistema honetan eskaintzaren eta eskariaren arauak ez direla aintzat hartzen. 2017ko urtarrileko faktura historian izan den bigarren garestiena izango da, Facua kontsumitzaile elkartearen arabera. Prezio altuena hauxe izan da: megawatt/orduko (Mwh) 101,99 euro, urtarrilaren 25eko gaueko 9etan. Prezio hau PVPC tarifa aukeratu duten kontsumitzaileei soilik aplikatzen zaie (honen ezaugarria da zerrenda hauetan merkaturatze-marjina Gobernuak ezartzen duela). Madrilek dioenez, prezioen hazkunde handi hau ulertzeko, negu honetan merkatuan izan diren hainbat aldagairi erreparatu behar zaie: eskariaren gorakada, hotzaldia, Frantzian energia nuklearraren beherakadak behartutako esportazioa, ikatz eta gas prezioen igoera, etab.

Azalpen honek ez dauka oinarri sendorik. Hasteko eta behin, gure tarifak eguraldiaren menpeko badaude, zergatik dira hain altuak urteko beste garai batzuetan? Hots, tenperaturak muturrekoak direnean gehiago ordaintzen badugu, zergatik ez dira tarifak jaisten tenperaturak leunagoak direnean?

Prezioak hain puztuta daude handizkako merkatu elektrikoaren funtzionamenduagatik: eskaria asetzeko sartzen den azken energia motak baldintzatzen du beste guztien prezioa. Honen eraginez, gure etxeetan erabiltzen dugun energia edozein dela ere, preziorik garestienean ordaintzen dugu dena. Hau are larriagoa da kontutan izanik, esaterako, gasaren prezioa garestia dela merkatu-arrazoi huts baten ondorioz: ez direla martxan jartzen ziklo konbinatuko zentral guztiak.

Elektrizitatearen handizkako merkatua ez da lehiakorra, eta auzi honi heldu dio Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak. Horrek prozesua abiatu du “kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babeste aldera, argindar-erreziboek bata bestearen atzetik izan dituzten igoerak ezagutzeko”. CNM eta CNMC erakundeak ere bat datoz honekin.

Aurreko guztia kontuan hartuta, egungo energia eredua oso injustua dela ondorioztatu daiteke; bere xedea oligarkiaren enpresak eta agintariak aberastea da; aitzitik, kontsumitzaile eta erabiltzaileon eskubideak behin eta berriz urratzen dira, oinarrizko izan beharko lukeen zerbitzu bategatik behar baino gehiago ordaintzen baitugu (prezioek ez dituzte inola ere kostuak islatzen). Gainera, sistema ez da batera gardena, eta agiriak ulertzea ere ez da erraza izaten.