AHTri buruzko txostena Gasteizko Legebiltzarreko taldeen eskura jarri dute ELAk eta LABek

2017/06/07
“Euskal Ya: Irtenbiderik gabeko gatazkan” izeneko txostena eraman dute Legebiltzarrera ELA eta LAB sindikatuek. Esan beharra dago, eremu publikotik ez datorren AHTri buruzko lehendabiziko txostena da hau. EKOPOL-eko irakasleek egin dute, bi sindikatuek hala eskatuta.

AHTri buruzko txostena Gasteizko Legebiltzarreko taldeen eskura jarri dute ELAk eta LABek. EKOPOL-eko irakasleek egin dute ikerlana, bi sindikatuek hala eskatuta.

Zergatik eskatu genien EKOPOLeko irakasleei txostena egitea?

Informazio nahikorik ez dagoelako, edo dagoena lerratua delako.

Adibidez, ez dakigu benetan zenbatekoa den azpiegitura hori eraikitzeko kostua. EAEko Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2016an esaten zuen gainkostuak 2014ra 559,3 milioi eurokoak zirela, zeuden 17 tarteetatik 15etan. 2014tik hona ez dugu ezer jakin gainkostuei buruz.

Bestalde, zabaldutako informazioa lerratua da. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren 2012ko txostenean (energiaren kontsumoa eta CO2 isuriak jaistearen estimazioak) ez dira kontuan hartu azpiegitura eraikitzearekin loturiko kargak, horren gaineko literaturan egin ohi den bezala. Eta euskal Yko tarteak baino tarte luzeagoak hartu ditu kontuan.

Azkenik, txosten hau tresna bat bezala ikusten dugu AHTren gaia agenda politikoan eta gizarte-eztabaidan berriro sartzeko. Galderak egiten hasi behar gara, halakoak bezala: Benetan da AHT euskal gizartearen beharrei erantzungo dien trenbide sareak? Zein da gehien komeni zaigun tren-eredua? Existitzen al da mugigarritasun plan integralik?

Txostenaren ondorioak:

AHTren alde erabili ohi diren argudioak: azpiegituraren gizarte-errentagarritasuna, ingurumenaren ikuspuntutik duen jasangarritasuna, tren soziala dela, gure errepideetako metaketak arintzen lagunduko duela... ez dira betetzen bahe zientifikotik pasatzen badira, EKOPOLeko irakasleen arabera. Beraz, azpiegitura horretan inbertitzeko arrazoi bakarra politikoa da.