EAEko Administrazioan, euskararen normalizazioan aurrera egingo badugu

2015/01/28
Eusko Jaurlaritzak Administrazio Orokorreko Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plan Nagusia mustu zuen iaz, aurreko planaren, eta aurrekoaren, eta aurrekoaren oso antzekoa bera.

Bosgarren Plana egiteko ere, ez du langileen parte hartzea ahalbidetu, eta are gutxiago langileen ordezkari garen sindikatuona. Areago, kanpoko enpresa bati eskatu zaio planaren diseinua, etxea ondoen ezagutzen dutenei, Administrazioko normalkuntzako teknikariei, eskatu ordez. Arlo honetan ere, pribatizazioaren mesedetan eta zerbitzu publikoen kaltetan urratsak eginez.

Euskara normalizatzeko planak arrakastarako aukerarik izango badu, eragile guztien parte hartzea ezinbestekoa da hasiera-hasieratik. Esku-liburu guztietako lehenengo manamendua da hori, baina Jaurlaritzan oker hasi gara beste behin ere: bosgarren plana ere, goitik beherakoa, agindu itxurakoa eta langileen iritzia eta ekarpenak aintzat hartu (edo sikiera eskatu) gabekoa da, berriro ere.

Derrigorrezkoa langileentzat, borondatezkoa politikari eta arduradunentzat
Administrazioko lanpostuen erdietara ez da heltzen euskara gutxiago ala gehiago jakiteko derrigortasuna (gaztelaniaz jakin beharra lanpostu guztietara hedatzen den bitartean).
Betebehar hori langileen lepo geratu da, aurreko lau planetan bezala. Derrigortasunik ez dago izendapen askeko (edo atzamar bidezko) lanpostuetarako. Ezberdintasun agerikoa eta erabakigarria, zeren eta, goi karguen euskarazko gaitasuna eta jardun eraginkorra bermatu ezean, alferrik baitira langileen euskaraz lan egiteko gaitasuna eta prestutasuna. Gainera, bai gaitasuna, bai prestutasuna ere, higatuz doaz, planak joan, urteak etorri, lana gaztelaniaz eskatzen baitzaie arduradunen aldetik, hizkuntza eskakizunak gainditzeko emandako lan eta denbora guztia, zentzugabeko bihurtuz.

Jaurlaritzari luzatzen dizkiogun proposamenak:
Aurreko planen emaitza eskasak eta bosgarren honen martxa ikusirik, zenbait proposamen luzatu dizkiogu Jaurlaritzari, abian jar ditzan lehen bai lehen:
1. “Izendapen askeko” eta aholkularien lanpostu guztietan igarotako derrigortasun data ezarri:
Agintariek eta arduradunek euskaraz jarduteko gaitasunik / borondaterik agertu ezean, alferriko ahalegina exijitzen baitzaie langileei.
2. Hizkuntza normalkuntzako teknikarien eta itzultzaileen eginkizunak zehatz-mehatz ezberdinduta behar dute: Hizkuntza normalkuntzako teknikari asko eta askok itzultzaile lanak egin ohi dituzte, arduradunen aginduz, erabileraren normalizazioaren kaltetan.
3. Euskara normalizatzeko planen jarraipen batzordea ganoraz abiarazi, langileen ordezkariak barne.
4. Euskarazko prestakuntza jarraia eta laneko kalitatezko prestakuntza euskaraz sustatu.
5. Lanean euskararen erabilpen eraginkorra burutzen duten langileak saritu.
6. Kanpo kontratazio eta diru-laguntza guztietan hizkuntza irizpideak ezarriko eta beteko direla ziurtatuko duen ikuskatzaile lanpostua (eta unitatea) sortu. Horien onespena nahitaezkoa behar luke kontratazioak nahiz diru laguntzak ebazteko eta zuritzeko.
7. Soziolinguistikazko oinarrizko prestakuntza izendapen askeko arduradunentzat (gutxienez).
8. Etengabeko sentsibilizazio kanpaina, memoria historikoa (euskararen bilakaeraren zergatiak), eta hizkuntza eskubide berdintasunean oinarrituta, ohiko bolondreskerietatik urrun.
9. Hizkuntza ofizialen erabilera irizpide eta itzulpen politika ganorazkoak eta ausartak, behingoz.

Ramón Uriarte Ibañez
ELA-Gizalaneko arduraduna