ELA eta Urkulluren gobernua

2016/04/01
Duela egun gutxi lehendakariak “errealitatetik at bizitzea” aurpegiratu zion ELAri. Ez da lehen aldia. Aste batzuk lehenago, Kataluniari buruz ari zela zera zioen: mugimendu sozialek gobernuen politikak baldintzatzeak kezkatzen duela. ELArekiko harremana baldintzatzen duten iritzi hauek Urkulluren gobernua garatzen ari den politiken testuinguruan kokatzea ezinbestekoa deritzogu. Hauek dira, gure iritzian, bere gobernuaren ildo politiko nagusienak:

Murrizketa politika neoliberalak ezartzea. Aurrekontu disziplina zurruna goitik behera onartzen duten politikak, alegia (zorraren ordainketa, defizit muga eta egiturazko erreformak). Era berean, EAJk uko egin dio aldundietan bidezko erreforma fiskalak egiteari, horretarako Europako bataz-besteko zerga bidezko diru-biltzearekiko alde izugarria izan arren (6.000 milioi € urtean, osasungintza eta hezkuntzara bideraturiko aurrekontua baina gehiago). Errenta handienek, enpresa eta kapital errentek, alegia, zergarik ez ordaintzeko pentsaturiko fiskalitatea pairatzen dugu gure herrian. Eta politika hauek, nola ez, aurrekontuetan murrizketak besterik ez dakartzate beraiekin. Ez da komeni ahaztea, politika hauek ezartzeko Urkulluren gobernuak PP eta PSE-EErengan bilatu duela babesa.

Confebask eta enpresan handien babesa. Gobernua patronalen interesen ordezkari moduan agertzen da. Patronalekin izan dituen arazo puntualek ez dute enpresarien aldeko oinarrizko jarrera hau aldatu. Erraz gainditu dituen arazoak izan dira Confebaskek Lehendakariaren negoziazio kolektiborako Lanbide-arteko Akordio saiakerari emandako ezezko borobila edota Confebaskek Espainiako gobernuari ELA eta LAB sindikatu moduan legez kanpo uzteko eskaera. Gobernua Confebasken alde irten den azken aldian gobernua eta patronala “soilik” bizi direla errealitateari begira azpimarratzeko izan da. Jaurlaritzak beraien ordezkaritza ere egiazta ezin duten patronalak babesten ditu; babestu eta diruz publikoz lagundu. Gobernuak eta Confebaskek jendarte ereduan bat egiten dute; horren adierazle garbia da ELAk Legebiltzarrean aurkezturiko Herri Ekimen Legegile edo ILPari emandako ezezkoa. Gobernuak bere ardurapeko eremuetan prekarietatea areagotzea erabaki du. Confebaskek HEL edo ILPa “burugabekeria”tzat jo zuen.

“Elkarrizketa Soziala”ren Mahaiari jarraipena ematea gutxiengo sindikalarekin. Eusko Jaurlaritza, Confebask eta CCOO eta UGT bat datoz Euskal Herriko langileek hautatzen duten gehiengo sindikalaren ordezkaritza baliorik gabe uzteko. Gobernuak bere politika neoliberalak salatzen ditugun erakundeak indargabetu nahi ditu eta klase helburu hauek aurrera ateratzeko arau demokratikoek traba egiten diotela erabaki du. ELAk jaurlaritzari galdegiten dio zein jendarte eredu lehenesten duen sindikatu abertzaleen gehiengo ordezkaritzari muzin eginez. Gobernuak ongi daki sindikatu baten eragin gaitasuna ez datorrela edukiz husturiko mahaietan parte-hartzetik, CCOOen Elkarrizketa Sozialaren mahaian parte-hartze eteteak agerian uzten duen moduan.

Estatuarekin edozein motatako konfrontazio demokratikori uko egitea. Estatua atzerapauso nabariak ematen ari den momentu batean, gainera. Jaurlaritza honek ez du inolako aldarrikapen senik eta autogobernuan aurrera egitea atzerapauso hauek bultzatzen ari diren estatuko indarrekin akordioak lortzera baldintzatzen du. Jaurlaritzaren aliatu direnak koherenteak dira aukera horrekin: Confebask, CCOO eta UGT gure herriak bere etorkizuna askatasunean erabakitzeko eskubidearen aurkakoak dira. Atzerapauso hauek modu berezian eragiten diote Lan Harremanen eta Gizarte Babeserako Euskal Esparruari. Confebask patronala, gaur egun, CEOE eta CCOO eta UGTz baliatuz, azken bi lan-erreformak erabiltzen ari da Euskal Herriko milaka langile pobretzen ari den negoziazio kolektiboaren zentralizazioa ezartzeko. ELAk, Aberri Eguneko idatzian adierazi moduan, uste du negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe, gure herrian aberastasunaren bidezko banaketarako tresnarik gabe, alegia, ez dagoela autogobernurik.

ELArekin mesede-trukeko harremana bultzatu nahia kritika soziala isil arazteko. Gobernuak uko egin dio ELArekin inongo esparruetan akordiorik lortzeari sindikatuak jaurlaritzaren politika orokorrarekin kritiko izaten jarraitzen duen heinean. Gobernuak bere politikekiko kritikak indargabetuko dituen harremanak nahi ditu. ELAk ez du sekula gisa honetako harremanik onartuko. ELAk zintzotasunez lan egin zuen, bai jaurlaritzarekin baita EAJrekin ere, Etengabeko Prestakuntzan, Enplegu Politikan, Lan-Osasunean edota Herri Ekimen Legegilearen azpikontratazioetarako klausula sozialak adosteko akordioak posible egin asmoz. Idatziz erantzuteko konpromisoa hartu arren oraindik sindikatuak ez du proposamen bakar bat bera ere jaso.

ELArekin bilerak egiteari ukoa. ELAren Batzorde Eragileak jaurlaritzaren kide ezberdinekin hainbat bilera eskatu ditu legealdi honetan zehar. Aburto eta bere ordezko Angel Toñarekin burutu ditugu. Baita Gatzaetxeberriarekin BGAE edo EPSVei buruz hitz egiteko. Lehendakariarekin ere bilera eskatu genuen ELA eta LABek sindikatu izaera gal genezan Confebasken saiakeraren harira, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. Tapia sailburuak ere ez digu erantzun industria politika dela eta hitz egiteko 2014ko apirilaren 8an eskatu genion bilerari. Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuak erantzun ez digun moduan Herritarren Segurtasun Lege berriari buruz hitz egiteko eskatutakoari.

Mugimendu sindikala estigmatizatzeko saiakeraren buru izatea. Jaurlaritzak “administrazioa, enpresak eta pertsonak” soilik kontuan hartzen dituen jendartea nahi du. Beretzat ez dago ez jendarte antolaturik, ez sindikaturik, ezta lan eta kapitalaren arteko interes kontrajarririk ere. Ez dago gatazka sozialik. Gobernuaren eredua Confebaskek enpresetarako bultzatzen duen ereduaren antzekoa da: ez da sindikaturik izan behar, soilik norbanako langilea. Jaurlaritzaren aukera guztiz atzerakoi honek botere ekonomikoaren helburu estrategiko batekin egiten du bat: neoliberalismoari aurre egiten dion edozein egitura kolektibori aurre egitea, sindikatuei barne.

Bizi dugun “errealitatea”. Stiglitzen hitzak jasoz, ELAk gehien dutenen mesederako oinarrizko erabakietan “iruzur egiten” duen politika moduak arbuiatzen ditu. Ez al du uste Lehendakari jaunak politika gutxi batzuen kontrolpean dagoenik? Ez al du uste, tamalez, kapitalak gobernuak “baldintzatzen dituenik? ELA ziur dago. ELAk enplegu duinak, soldatak, gizarte-laguntzak, zerbitzu publikoak... txikitzen dituen politika neoliberal hau erabat gaitzesten du. Hau da gure errealitatea. Horregatik diogu demokrazian alternatibek badutela bere lekua.

Lehendakariak eskubide osoa du ELAk esan edo egiten duenarekin ados ez egoteko. Baina, hau horrela izanik ere, gure ustez lehendakari batek errespetua izan beharko luke, geroz eta zailtasun handiagoei aurre eginez, jendarteko pertsonarik ahulenak ahalduntzeko egitura kolektiboak sortu eta indartzen ahalegintzen garenekiko. Errespetua eskatzen diogu herri bidezkoago, solidarioago eta burujabeago baten alde lan egiten duen sindikalismoarentzat. Lehendakari jauna, demokraziaren zorionerako ez dago Euskal Herria ulertzeko modu bakarrik. Ez dago Euskal Herria eraikitzeko modu bakarrik. Horrela balitz politikan alternatibak eraikitzeari uko egitearen parekoa litzateke. Eta horretako ez gaude prest.