Gutxieneko etikoa eta gizabidea XXI. mendean: arrazismo eta xenofobiari ez!

2016/03/21
Euskal Herriko gizarte zibila eta bolondresak mobilizatzen ari dira XXI. mendean europar kontinentean ezagutu den hondamendi humanitariorik handienari erantzuteko: errefuxiatuen krisia. ELA sindikatuak ezbairik gabe salaketa kolektibo honekin bat egin du, baita gure militanteen izenean ere.

Horrenbestez, gure mugak aintzat hartuta, salaketa publikoa egiteaz gainera lagundu nahi dugu ere bestelako gizabidezko eta gizarte ereduari buruzko balioak ereiten, oinarritzat giza-eskubideak hartuaz; alegia, pertsona guztientzako eskubide guztien gizatasun, duintasun eta unibertsalitatea aldarrikatzen dugu. Litekeena da gutxieneko etiko hau eskasa eta barregarria dela iriztea, baina europar agintariak gizabidearen aurka egiten ari direna eta erakusten ari diren utzikeria muturreraino iritsi da.

Europar Batasunak 2012an Bakearen Nobel Saria jaso zuen, “sei hamarkadatan bakearen eta adiskidetzearen, demokraziaren eta giza-eskubideen aurrerabidea bultzatu” omen zuelako. Hitz ponpoxo hauek gustu txarreko txistea dirudite, izan ere, estatu- eta gobernuburuen azken adierazpenean, Turkiara kanporatu nahi baitituzte EBn sartzeko baimenik ez dituzten immigrante guztiak.

Antza, jende askok ez du oraingo EB hau gustoko; horien artean daude Eusko Jaurlaritza edota Urkullu lehendakaria ere; honek “arima” duen Europa bat eskatzen du. Baina EBk berak bapatean galdu al du errukia eta gizabidea gertatzen ari den basakeriaren aurrean? Ez ote zegoen susmorik bazirela horretara zeramaten faktoreak?

Injustizia larri hau ez da bapatean lehertu; aspaldidanik ari zen egosten. Oraingoan asiloa eskatzen duen jende andanarekin tupust eginagatik, ezin dugu ahaztu migrazio ekonomikoa ere hainbat urtetik hona ari zela gertatzen, eta horri emandako erantzuna harresiak altxatzea izan dela. Hain zuzen, europar migrazio-politiken mamia (ez baitago migrazio-politika bakar bat) migrazio-fluxuen kontrola izan da, eta pertsona kolektibo batzuren egoera administratiboa erregularizatzea. Ibilbide hau aski adierazkorra zen orain iritsi den jendetzari zein erantzun emango zitzaion asmatzeko.

Nor sartzen da? Nork irten behar du? Nor geratuko da? Hemen hasten da pertsonen enkante lotsagarria, adiskideok. Paperak dituzten immigranteak, zein dokumentaziorik gabeak; errefuxiatu onak eta errefuxiatu txarrak… Kolektibo ahulenen artean bereizketak egitea emankorra da; xenofobia eta arrazismoa ez dira ustekabean hedatu (gertukoa dugu Gasteizko kasua, RGI jasotzen zuten pertsonen ingurukoa), ezta eskuin muturreko indarrak ere. Halaber, Alemaniako Kolonian Urteberri inguruan izan ziren eraso sexual eta bortxaketen kasua argigarria da: benetan garrantzia ez zaie erasoei eman, erasotzaileen jatorriari baizik. Kasu honetan ere bortizkeria sexista bigarren planoan geratzen da, eta europarrak ez diren gizonen mehatxua nabarmentzen da, beste kultura eta erlijioa duten horiena.

Europan somatzen den islamofobiaz gainera, emakume errefuxiatuen egoera hartu behar dugu aintzat; aurre egin behar diote bortizkeria politikoari eta bizirauteko arazoei, baina baita genero- eta sexu-bortizkeriari ere. Bestalde, izuaren bideetan barrena milaka haur desagertu dira. Halere, europar agintariek ez dute ezer egin, horrela agerian uzten dutelarik zenbateko garrantzia ematen dioten pertsona hauen bizitzari.

Ezin dugu ahaztu gaur egungo Europar Batasuna dela doikuntza estrukturala edota austerizidioa ezarri dituena; lehentasuna bankuen eta merkatuaren interes pribatu sakratuak salbatzea izan da, herritar guztien ongizatearen gainetik, sakrifikatu egin direlarik eskubideak eta defentsarako bitarteko kolektiboak. Horrela iritsi gara azken urteetan Europan izan den desberdintasun eta pobrezia mailarik handiena pairatzera.

Horri NATO ekonomikoa gehitu behar diogu, Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoa (ingelesezko izenea, TTIP). Honelako akordioek ezin dute emaitza positiborik ekarri, bere xedeen artean korporazio eta multinazionalen interes pribatua bizitzari gailentzen baitzaizkio. Adi egon beharra dago, atetan baititugu kapitalismoaren profesionalak beren amets amerikarra saltzeko prest, itun horiekin metatuko den aberastasuna guztion artean banatuko dela sinestarazi nahian.

Errealitate hau eta ezagutu duguna ezagututa, non da amestutako herrien Europa? Non da “arima” omen duen Europa sozial hori?

Gutxieneko etikoa eta europar gobernu eta agintarien gizatasuna ezkutatu egin da historiaren une hauetan; lurrez eta itsasoz itxitako gotorlekuan babestu dira.

Europa, munduaren lotsaizun.