Hezkuntzako EPEa: PAI da benetako zama

2015/11/10
Ander Paskual, ELA irakaskuntza Nafarroa
Mendoza kontseilariak sindikatuei Hezkuntzako Mahai Sektorialean oposizio deialdiari buruz aurkeztu dien proposamenak berebiziko zalaparta sortu du. Alderdi politikoek aukera ezin hobea ikusi dute gobernuari erasotzeko eta etekin elektoralak lortzeko.

Sindikatu batzuk, berriz, oraindik proposamena besterik ez den hau gehiengo sindikalaren aurka jotzeko baliatu nahi dute. Haatik, sindikatuok ez dugu enplegu publikoaren eskaintza honekin zer ikustekorik izan, gobernuak bere kabuz eginiko proposamena da.
Zehazki, badirudi 2016ko ekainean lehiaketa-oposizioa egingo dela maisu-maistra kidegorako: 292 plazatan euskara beharrezkoa izango da, eta gaztelania hutseko 92 plaza deituko direla iragarri da. Gaztelania soilik ezagutzen duten hiztunentzako proportziorik eza eta diskriminazioa aipatu dute. Arrazoia dute: Gaur gaztelania besterik ez dakienarentzat irakaskuntza publikoan sartzeko aukerak urriak dira. Ez D eredua hedatu delako, ezarri den PAI ereduaren ondorioz baizik: inposizio hau gutxieneko oinarri pedagogikoei muzin eginda, irakasle gehienen iritziaren kontra eta, batez ere, beharrezko giza-baliabideen inguruko planifikazio eta aurreikuspenik gabe burutu dute.
Datu batzuk aski dira jabetzeko zer nolako nahastea eragin duten lehenago gaztelaniazko eta orain PAI eredukoak diren ikastetxeetako plantilletan:

  • Ikasturte honetarako lanaldi osoko 246 plaza bete dira aldi baterako kontratuekin PAI zentroetan, zerbitzu-eginkizunetarako erregimenean dauden funtzionarioekin edota behin-behineko pertsonalarekin, alegia.
  • Halaber, 40 funtzionario beren postuetatik aldatu dituzte eskola-ordurik ez zutelako edota oposizioak gaindituta behin betiko destinorik gabe daudelako (azken oposizioak 2011n izan ziren).
  • Datorren ikasturtean indarrean sartuko den lekualdatze-lehiaketan gaztelaniazko 127 lanpostu sobera dira, eta 139 lanpostuetan ingelesa eskatzen da.

Kontua da oposizioetarako proposamenarekin gehien asaldatzen direnak ekarri dutela kaos hau, egitez ala eginbeharrak ez eginez. Luzaz egon gara PAIren inguruko haien kritikaren zain. Esaterako, sindikatu eta alderdi politiko hauek ez zuten txintik esan UPNk joan den udaberrian 134 plaza eskaintza publikoan atera zituenean. Horien artean 100 maisu-andereñotarako ziren, 30ek zuten euskarazko eskakizuna eta… 50 plazatarako ingeleseko C1 hizkuntza eskakizuna behar zen! Beraz, gaztelania hutsezko irakasleek 20 lanpostu besterik ez zeuzkaten eskura (oraingo EPEan baino 72 gutxiago).
ELAk berehala salatu zuen horrek zekarren apartheid linguistikoa, eskakizun hark zerrendetan zegoen bitarteko pertsonalaren %97ari galarazten baitzion oposizioetan parte hartzeko aukera. Gainera, proposamena arauaren kontrakoa zen, irakasleentzako funtzio publikorako sarrera arautzen duen Errege-Dekretuak ez baitu ematen aurreikusitakoak baino eskakizun gehiago ezartzeko modurik. Besteak beste, hizkuntza "koofiziala" eskatzeko aukera ematen du, baina inola ere ez atzerriko mintzaira bat.
ELAk Gobernuari ohartarazi zion deialdia errekurritu egingo zuela eskakizun hori kentzen ez bazuen, eta dozenaka kexu igorri zizkion Arartekoari. Irakasle Pertsonalaren Batzordeari babesa eskatu genion. Ez Afapna, ez UGT, ez ANPE; hiruretako bat ere ez zen ekimenarekin bat etorri.