Kapitalismoa (Gasteizko alkatea) ala bizitza (Errekaleor)?

2017/06/03
Ander Abascal / Begoña Vázquez (ELA Gasteiz)
Pasa den maiatzaren 18an ELAk eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak antolatutako “Kapitalismoa ala bizitza?” mintegian parte hartu genuen Burlatan. Mintegi honen helburua kapitalismoak bizitza eskubidea nola urratzen duen hausnartzea zen, baita alternatiben inguruko beste hausnarketa bat egitea ere. Aldi berean, Gasteizko Errekaleorreko Auzo Askean bizitza eskubide urraketa hori pairatzen ari zen, interes kapitalista sutsu bati erantzunez 150 pertsonari etxebizitza kentzeko lehen pausua emateari ekin zion gaur egungo euskal neoliberalismoaren botere politikoak (EAJ).

Interesgarria da ikustea zein erraz estrapolatu zitekeen hausnartzen genuena eta momentu horretan gertatzen ari zena. Kapitalismoaren politikei aurre egiteko antolatu diren mugimenduen inguruan hitz egiten genuen momentu berean, Errekaleor Auzo Askeko bizilagunak haien etxea eta haien bizitzeko eskubidea defendatzen ari ziren.

Bizitza duin baten eta autogestioaren bidean dauden gazte batzuen erabakia auzo bat berreskuratzea izan zen, esperientziaz, ekintza eta denontzat irekiak ziren kultura eskaintzak martxan jarriz, bizitza duin bat bilatzen zuten, betiere, elkarlana, duintasuna eta elkar zaintzaren baloreak oinarritzat hartuz.

Halere, kapitalismoak, edo, zehazki, euskal neoliberalismoak, ez du horrela ikusi, haren jarrera betikoa izan baita: elite ekonomikoen interes pribatuak defendatzeko botere publikok erabili ditu. Izan ere, haien sisteman sartzen ez den gauza oro suntsitu egiten dute, eta haien politika basatiak urratuko dituen edozein proiektu erasotu ere, ez baitute nahi haien sistemaren kanpoko ezer antolatu dadin.

Gizartearen eta ekologismoaren eraldaketaz hitz egiten dugunean Errekaleorreko proiektuari erreperatzea baino ez dago. Bizitza erdigunean jartzen duen proiektu bat daukagu gure aurrean, neoliberalismoaren joko-arauetatik kanpo kokatzen dena, alternatiba erreal bat, era baketsu batean aurrera eramana dena.

Bizitzeko eskubidea erreala al da, ala inposatutako baldintza zapaltzaile batzuetara lotuta dago? Ez al da posible kapitalismoaren eta neoliberalismoen erabakiei muzin eginda antolatzea bizitzea?

Gauzak horrela, Burlatako mintegiaren izenburua burura datorkigu berriro, “Kapitalismoa ala bizitza?”. Badirudi Errekaleor Auzo Askeko bizilagunek argi daukatela: bizitzaren alde egin dute, neoliberalismoa gaindituz eta alternatiba bat eraikiz. Beraz, ELA sindikatuan begi onez ikusten dugu Errekaleorreko Auzo Askea eta haien proiektua, kapitalismo hiltzaile eta aseezin honen aurkako alternatiba bat bezala ikusten baitugu.

Geuk ere argi daukagu: kapitalismo eta bizitzaren artean, bizitza hautatzen dugu. Gora langileon eta herriaren borroka!