Katalunia, zintzotasun eredua

2015/09/08
Diada asteon ospatzeakoa denez eta irailaren 27rako hauteskunde kanpaina hastear dagoelarik, sindikatuak eskatu dit lerro batzuk idazteko. Hau eta hura aipa nezake, baina gaur gauza bakarra nabarmendu nahiko nuke: herri katalana, bere gizarte-erakundeak eta buruzagi politiko asko erakusten ari den zintzotasuna.

Hasteko, onest jokatu zuten estatuak behin eta berriz emandako ezezkoen ostean. Kataluniako Parlamentuak bozkatu zuen estatut hura estatuak “inausi” eta gero; errekurtso bat aintzat harturik Auzitegi Konstituzionalak areago moztu zuenean; PP katalanak haren aurkako sinadurak bildu ondoren; produktu katalanen boikota ikusita; komunikabide, militar eta politikari espainiarren irainak jasan zituztelarik… errealitatea aintzat hartu eta guztien artean ondorio bat atera zuten: bide katalana beharrezkoa da. Zuzen jokatu dute, ez baitira saiatu Estatut harekin egindako bidera berriro itzultzen, jakinik ez doala inora. Hau, nire ustez, Euskal Herrian oso kontutan izan beharko genuke.

Bigarrenik, bide horretan aurrera egiterakoan zuhur jokatu dute eragile bakoitza zer nolakoa den erabakitzerakoan. Ez zeukaten inor baztertzeko asmorik, inondik ere. Baina ez zuten beren burua engainatu nahi indar bakoitza zein posiziotan dagoen. PPk ez du sekula aitortuko Katalunia nazio gisa. Ezta PSOEk ere. Eta hau behin betikoa dela erabaki behar da. Kontua da bideari ekitea, gauzak aldatuko diren zain egon gabe. Hau ere Euskal Herrian aintzat hartu beharko genuke.

Orain dator gauzarik zailena, eta garrantzitsuena: jendea erakartzea. Adierazpen herritarraren aurka dago betiko Espainia, uniformea, inposizioz jokatzen duena, lege-amarruetan trebea. Beldurrari aurre egiteko, botere ekonomikoaren zati handi batek hartu duen jarrerari, alegia, arduradun politiko katalan baten gogoeta egokia da: “Enpresario batzuk iritzia adierazten dute, baina enpresek ez dute bozkatzen, pertsonek baizik, eta gakoa izango da zenbat jende dagoen alde batean, eta zenbat, bestean”.

Gerra zikina, lege zikina… estatuaren jokabidea zein izango den jakina da.

Zorte on eta Diada zoriontsua izan dezazuela!