PISA burutik behera

2016/12/21
Horrela ari zaizkigula sentitzen dut azken aste honetan euskal abertzale, espainiar abertzale, eskuin, zein ezkerreko arduradun politiko, pentsalari eta iritzi-emaile PISA frogen inguruan esaten ari direna entzutean. Lehenik eta behin, komeni da PISA frogak nork bultzatu eta antolatzen dituen jakitea eta, bereziki, zein helburu duten.

Sortzaile eta bultzatzaile nagusia ELGA edo OCDE da, munduko transnazional eta botere ekonomiko-finantzarioen mesedetara dagoen erakundea eta egungo egitura eta politika ekonomikoa sustatzea helburu duen mundu mailako tresna nagusiena.

ELGAk 70. hamarkadatik aurrera eta modu berezian 80 eta 90. hamarkadetan helburu nagusi bat jartzen zion bere buruari: ideologia neoliberalaren zabalkunde giroan, hezkuntza geroz eta aldakorragoa den ekonomia eta finantza sistemaren mesedetara jartzea. Ordutik aurrera, horretarako inolako agindu eta konpetentziarik izan ez arren, ELGAk UNESCOren, hau da, hezkuntza gaietarako Nazio Batuen erakundearen lekua hartuko du mundu mailako hezkuntza erakunde eta erreferente moduan. ELGAk, transnazionalen eta Munduko Bankuaren presiopean eta tokiko egituren konplizitatearekin, Europako Komisioa kasu, arau nagusi bat izan du beti: hezkuntza oinarrizko tresna da ekonomiaren produktibitatea hazteko, beraz, hezkuntza ere egungo ekonomiaren beharretara egokitu eta honen hazkundearen zerbitzura jarri behar da.

Hori guztia, gainera, “ongizate gizartearen” eraispen fase betean eta etengabeko krisien aitzakiapean aurrekontu publikoak etengabe murrizten ari direnean.

Testuinguru honetan sortu eta garatu dira “hezkuntzaren kalitatea” ebaluatzeko frogak (PISA, TIMSS, PIRLS, PIAAC...). Froga hauek “kasualitatez” egungo ekonomiarentzat baliagarriak diren arloak soilik aztertzen dituzte: matematika edo kalkulua, aplikazio zientifikoa, komunikazio gaitasuna, pertsonaren eta jendartearen garapen osorako ezinbestekoak diren beste hainbat arlo erabat gutxietsiz: pentsamendua, historia, sormena, arteak, kritikotasuna, elkarlana, heziketa fisikoa... esaterako

Kontuan hartu behar da ELGAk PISA azterketak garatzeko ardura munduko inbertsio funts garrantzitsuenetarikoa den BlackRocken1 kontrolpean dagoen Pearson2 transnazionalaren esku uzten duela.

PISAk, beraz, ez du ikastetxe edo hezkuntza sistemaren baitan landuriko ezagutza edo irakaskuntza-ikaskuntza neurtzen, baizik zerikusirik ez duten herrialde, hezkuntza sistema edo egoera sozialetako 15 urteko ikasle batzuk, beren eskola ibilbideaz harago, testuinguru sozio-ekonomiko, familiar edota kulturalaren baitan, PISAk neurtzen dituen hiru arloetan proposaturiko ariketa praktikoak ebazteko duten gaitasuna.

Froga hauek hezkuntza sistemen eta eskolen jarduera ebaluatzea baino baldintzatzea dute helburu. Izan ere, PISA sukarrak bultzaturik, modu kontzientean ala joera nagusiari jarraituz herrialde, hezkuntza arduradun edota ikastetxe askok bere curriculumak eta ebaluazio irizpideak froga hauek jomugan jartzen dituzten arloetan emaitzak onak lortzera bideratzen dituzte nagusiki. Ondorioz, ebaluazio hauetan emaitza onak lortzea herrialdeen, hezkuntza sistemen eta ikastetxeen arteko lehia bihurtzen da, hezkuntzaren xederik behinena galbideratuz, hezkuntza merkatuen interesen zerbitzura jarriz eta hezkuntza merkatu lehiako beste kontsumo gai bat bihurtuz.

Azken urteetan hainbat herrialdetan egin diren hezkuntza erreforma gehienek, LOMCE kasu, helburu hauei erantzuten die nagusiki3. Baita hain gurea dela sinestarazi nahi diguten Heziberrik ere.

Modu honetan, gainera, curriculumak eta ebaluazio irizpide eta frogak moldatuz eta behar bezalako entrenamenduarekin PISA emaitzak hobetzea ere lor daiteke, nahiz eta hezkuntza inbertsioa murriztu, geletan ikasle gehiago pilatu, hezkuntza langileak gutxitu, ikasleak sailkatu edota ezberdintasunak handitu.

Hezkuntzaren egitekoa ez da ikasleak ekonomiaren beharretara egokitzea, are gutxiago PISAn emaitza onak lortzea (LOMCEk edota diagnostiko-ebaluazio askok helburu nagusitzat duten moduan). Gure helburua pertsonak eta jendartea bere osotasunean, bere dimentsio guztietan (kognitibo, sozial, emozional eta fisikoan) garatzen laguntzea da, ez ekonomia lehiakor egitea.

Bide honetan, PISA emaitzen morrontzatik askatuz eta kanpotik inork zer egin behar dugun esan behar ez digularik, erronka handi eta nabariak ditugu Hego Euskal Herrian.

Besteak beste, bere aberastasunaren baitan, Nafarroako Gobernuak Europako batez-bestekoak baino 1,9 puntu gutxiago inbertitzen ditu (343 milioi euro), eta Eusko Jaurlaritzak 1,3 puntu gutxiago (842 milioi). Azken urteetan gure gobernuek 4.000tik gora lanpostu suntsitu dituzte hezkuntzan, hezkuntza langileen behin-behinekotasuna %35etik gora kokatu dute, %10 igo dute gelako ikasle kopurua, lan-kargak izugarri handitu dituzte, lan-baldintzak okertu eta baliabideak murriztu dituzte eta euskararen ezagutza, are gutxiago erabilpena, ez dago bermatuta.

Horrenbestez, Iruñea eta Gasteizko gobernuek gure hezkuntza sistema hobetzeko ezinbestean inbertsioa handitu behar dute, hezkuntza publikoa oinarri hartuta. Gutxienez Europako batez-bestekora hurbiltze bidean. Murrizketa politikak alde batera utzi eta plantillak eta baliabideak gehitu behar dituzte, lanpostuak eta hezkuntza-taldeak egonkortu, gelako ikasle kopurua jaitsi, lan-kargak arindu, azpiegiturak hobetu, hezkuntza behar berezietarako baliabideak handitu. Gure hezkuntza sistemak garapen pertsonal eta sozial integrala bermatu behar du, berdintasunean pauso nabariak eman eta ikasle euskaldun eleanitzak sortu.

PISAz harago, gure ikastetxeak eta ikasleak pertsona eta jendarte moduan osotasunean eta berdintasunean dimentsio guztietan (kognitiboan, sozialean, emozionalean, fisikoan...) garatzen ari garen ebaluatzeko tresna propioak ezarri behar ditugu. Irakasle, ikasle eta familia bakoitzak, ikastetxe bakoitzak eta herri moduan ezarri behar ditugun ebaluazio irizpideez gain, ziurrenik goian azaldutako adierazle hauen hobekuntza izan daiteke gure hezkuntza sistema ebaluatzeko tresnarik egokienetakoa. Badugu nahiko lan, ez diezagutela PISA burutik bera egin.

Xabi Irastorza Garmendia,

ELAren irakaskuntza arduraduna

 

1Besteak beste BlackRock da Santander eta BBVA banketxeen akziodun nagusia eta Banco Sabadell, Bankinter, Banco Popular, CaixaBank, Bankia, Telefónica, Repsol, ACS, OHL, Gamesa, IAG edota Euskaltelen moduko enpresen akziodun garrantzitsuenetarikoa. BlackRocken jabetza den “Aladdin” softwareak munduko bizi eta kontsumo ohituren eta finantza mugimenduen datu eta azterketarik nagusienak kudeatzen ditu.

2BlackRocken jabetzapean munduko hezkuntza transnazional nagusiena da Pearson. 2015era arte Financial Times edo The Economisten jabe nagusia, eta hauek saldu ondoren hezkuntzaren negozio pribatuan buru-belarri murgildua, modu berezian informazio eta teknologia berriak hezkuntzara aplikatzeko sistemetan.

3Ez dute alferrik saritu Montserrat Gomendio, Werten Hezkuntza Estatu Idazkari izandakoa eta LOMCE eta unibertsitate erreformaren bultzatzaile nagusia, ELGAren Hezkuntza Zuzendaritzako Alboko-Zuzendari eginez. Eta Wert, espainiar gobernuaren Hezkuntza Ministro ohia, espainiar erreinuaren enbaxadore ELGAn izendatuz.