Sindikatuari balioa eman

2015/08/03
Aginte ekonomikoak ia dena bere interesen menpean du. Hala ere, edozein erreferentzia alternatiboa ezabatu nahi du.

Confebask-eko azken aldizkarian arduradun batek elkarrizketa sozialaren mahaia zertarako nahi duten esplikatzen du: “Edozein botere publikoak bere politika propioak eragile sozialekin partekatuak balira azaltzearekin bilatzen duen zilegitasun plusa oso murriztua geratzen da ez bakarrik eragile nagusiena (ELA) baztertzen delako, baizik eta zuzenean erasotzen diolako”. “Bere politika propioak partekatuak balira bezala azaltzea” da helburua. Sindikatuok gobernuaren politika legitimatu behar dugu. Patronala eta gobernuek menpeko zeregina eta lankidetza eskatzen digute desberdintasun sozialak handitu daitezen (baita hazkunde garaian ere); kontratazioa prekarioa izan dadin eta soldatak miserableak izan daitezen. Inoiz soldatek ez dute hain portzentaia txikia izan aberastasunaren banaketan; hala ere, gobernu eta patronalentzat inoiz ez da garaia banaketaz hitzegiteko. Gauzak horrela, elkarrizketa soziala tresna da, galbideratua, gobernuak eta patronala bere helburutan legitimatzeko, soziala dena desmobilizatuz.

José Ángel Corres, Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak hauxe dio elkarrizketa batetan: “ Terrorismoa duen lurraldea izatetik egitate bereizgarritzat sindikalgintza duen lurraldea izatera pasatu gara”. Zirkinik egin gabe. Hain daude harrotuak, edozein astakeriak botatzen diztuzte. Sindikatuei “egokitzea” exijitzen diete. “Enplegua -dio- ez da lehengokoa bezala izango...ezin dugu behin betiko enpleguak eskatu... enplegu partzialak izan beharko dute, aldi baterako enpleguak, lanagatiko kontratoak, eta abar...”. Noski, sindikatuen aldarrikapena enplegu duina eta eskubideekin bada ez gara egokitzen. Herritarrok jakin behar dute Corres Jauna jakin izan duela egokitzen: Euskaltel-eko Administrazio kontseiluko kidea da. Euskaltel diru publikoarekin sortutako enpresa da eta bera eta beste batzuk erabaki dute horko etekinak funtsa espekulatzaileetara bideratzea. Euskaltel-eko zuzendaritzak egundoko dirutza irabazi du egindako “pelotazoarekin”. Lotsagarria da. Corres Jaunak badaki gobernuek ez diotela ezer aurpegiratuko egindako adierazpenengatik. Gobernuen gaitzespenak guretzat gordetzen dira.

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak txosten bat egin du non, funtsean, berea egiten du ADEGI-ren “enpresa eredu berria”. Eredu horretan, enpresan gizabanakoak daude, sindikatuak inoiz ez; inoiz ez ezer kolektiboa enpresarien aldebarkatasuna mugatzeko. Txosten horretako enpresarien aldeko diagnostikoak zera dio ”soldata mailak ez daude egokituak egungo ingurune ekonomikora”. Argi esanda: soldatak jaitsi egin behar dira. Txostenak estrategikotzat jotzen du “enpresariaren irudia aldarrikatu behar dela”, esanaz, edozein ebidentziaren aurka,  bere ekarpena zerga sozialak eta Sozietateen gaineko Zergen pagatzaile gisa Estaduko eta Alemaniako enpresena gainditzen duela. Gobernuak bere egiten du faltsua den enpresarien diskurtsoa. Euskadiko Erkidegoko enpresak, zergen saihestea erabiliz, bidegabeko eta kontaezinak diren subentzioak, salbuespenak eta hobarietara lotuz, Estaduan baino zerga gutxiago ordaintzen dituzte. Hori iruzurra alde batera utzita. Enpresetan – txostenak jarraitzen du- “konfrontazioaren eszenatokia” gainditu behar da. Gobernua kezkatu egiten da lan baldintza okerren aurka protestatzen denean. Soberan daudenak ez dira bidegabekeriak, baizik eta horien aurkako gatazkak.

Industriako Sailburuak Euskadiko Erkidegora gonbidatu zuen Wisconsin-go Gobernadorea. Tea Party-ren eskuin muturrekoa da. Honek Estatu Batuetan  sindikatuen aurkako gurutzadaren lidergoa darama. Hau esan zuen: “Wisconsin-en sindikalgintza makuraraztea lortu badugu zergatik ez dugu lortuko Atlantikoaren beste aldean? Hau da Sailburuaren inspirazio ideologikoa. ADEGI-k ere bere inspirazioa iturri atzerakoienetan hartzen du. Hartara, ihardunaldi batzutara gonbidatu zuen Alemaniako enpresetako ordezkaria den Martin Ohoven. Berari entzun zion pertsona batek esan zigun hizlaria “Hitler bere ezkerrera uzten zuela”.

Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak duela egun gutxi esaten zuen eragin mugatuko akordioak (gutxiengo sindikalarekin sinatuak) alternatiba direla. Arau demokratikoak errespetatzea ere oztopoa da. Lanean aritu dira gehiengo sindikal jakin batek, ELA gabe, ñabardurarik gabe erreformaren aplikazioari babesa eman ziezaion. Ez zaie ondo atera. Orain Madrilgo ANNC (CCOO, UGT eta CEOE adosturiko Negoziazio kolektiborako Estaduko Akordioa) klonatu nahi dute gurean. Bitartean, patronalak beste lan erreforma eskatzen du “ epaileak prebarikazioan eror ez daitezen enpresarien erabakiak deuseztatzerakoan”. Garamendik (CEOE) akordio hau esplikatu zuen esanaz soldatak igo zitezkeela “ minus infinitotik %1era gehienez”.

Juan Luis Larrea, Enpresarien Zirkulukoa eta Gasteizko Gobernuan Ogasun Sailburua izandakoak, “baloreak partekatu” eta “ eredua gobernatu” eskatzen du. Hartara, hezkuntza sistemak duen garrantzia azpimarratzen du: nola eraldatu ikasleen baloreak baldin eta irakasleek balore egokiak ez badituzte txertatzen? Seguru LOMCE gustukoa duela.

Datuek – berriro diogu- baieztatzen dute soldatek inoiz baino partaidetza txikiagoa dutela egun aberastasunaren banaketan. Gobernuek eta patronalak ez dute honetaz hitzegin nahi. Beraiek errealitatea faltsutu egiten dute hazkunde ekonomikoak desberdintasunen igoera konpontzen duela esaterakoan. Gezurra da. Banaketa tresna moduan negoziazio kolektiboa ahulduta eta gobernuak uko eginda esku hartzera fiskalitatea eta gastu sozialaren bidez birbanaketa zuzena izateko, desberdintasunak are gehiago gora doaz. Soldaten erorketaren atzean beti dago gizartea pobreagotua.

Galtzen baduzu, altxa zaitezke; zure jarrerari uko egiten badiozu, ez. Aginte politikoak ez du ezer kolektiborik nahi bera eta gizabanakoaren artean, ezer agintearen aurrean erreferentzia autonomoak ezartzeko gaitasuna duena. Patronalak ere ez du ezer kolektiborik nahi enpresaria eta langile norbanakoaren artean. Amerikar sindikalista batek zioen “sindikalgintza indartsua da bidea enpresaria tirano bat bilakatu ez dadin”. Denak dira tiranoak? Ez, noski. Baina bereziki kezkatzen gaitu merkatu Jainkoak eta akziodunarentzat denbora motzenean etekin handienaren helburuak, enpresari klase osoa ez ote duten eramango inongo eskrupulorik ez duenari imitatzera. Eta horrelakoak geroz eta gehiago ezagutzen ditugu. Enpresa handienek norabide horretan jarria dute branka.

Sindikalgintzak duen zeregin nagusiena, ELAren aburuz, ez dago patronala eta gobernuak konbentzitzean. Zeregin nagusiena klaseko antolakuntzaren aldarrikapenean dago, kontraboterearen nortasun kolektiboaren ezaugarritzat balorea ematean sindikatuari.

Adolfo Muñoz “Txiki”

ELAko Idazkari nagusia