Aurten Hego Euskal Herrian 37 langile hil dira

2017/07/07
ELA beste istripu hilgarri bat salatu beharrez dago, oraingo honetan Irungo Plásticos Alai enpresan gertatutakoa. Langilea goizaldean hil da, istripuaren unean bakarrik zegoela saku batzuk gainera erorita ito egin da. Aurten Hego Euskal Herrian 37 langile hil dira, dagoeneko, istripuz.

Lehenengo eta behin, ELAk bere sostengua eta elkartasuna agertzen dizkie biktimaren ahaideei eta lankideei; eta aldi berean gertaerak berehala ikertzea eskatzen du, istripuaren zergatiak eta erantzukizunak argitzearren.

Salatu ohi dugunez, enpresetan eta lantokietan dagoen prekarietate handia izaten da lan-istripu gehienen azken arrazoia, eta oraingo honetan ere beste horrenbeste esan dezakegu. ELAk azken urteotan enpresa horretako prebentzio-neurririk eza salatu du, aurreko urteetan ere langileek istripuak izan dituzte-eta.

ELAren ustez istripuak lan-baldintzak prekarizatzearen ondorioetako bat da. Enpresen diru-interesak lehenesten dira, langileen osasunaren aurretik; eta, horrekin batera, administrazio publikoak, bere aldetik, ez du garatzen prebentzio-politika benetakorik edo eraginkorrik, eta gainera indarrean dagoen prebentzio-arauak betearazten ere ez da behar bezala arduratzen.

Azkenik, ELAk berresten du bere konpromisoa lan-prekarietatea errotik ezabatzeko, horixe baita langileen istripu-tasa handiaren jatorria. Horretarako, ELAk bat egiten du Enpresa Batzordearen deiarekin protesta-elkarretaratze bat egiteko, datorren astelehenean, uztailak 10, goizeko 11:00etan, enpresaren aurrean.