Nafarroako jauregiko garbiketaz arduratzen diren langileen lanuztea

2017/06/19
Distrivisual enpresako garbitzaileek, Nafarroako Gobernuak bertako jauregia garbiketarako azpikontratatu dituen langileek, greba-egun bat egin dute, kaleratu duten lankidearen alde, eta lan-kargak handitzearen kontra.

ELAk, behin Nafarroako Jauregiaren garbiketa esleitzeko baldintza-orriak aztertu ondoren, ohartarazi zion Nafarroako Gobernuari baldintza-orrietan ez zegoela klausula sozio-laboralik, eta beraz lan-baldintzak okertuko zirela. Azkenik, aurreikusten zena gertatu egin da: langile bat kaleratu dute, eta lan-kargak handitu.

Egoera horri aurre egiteko, Distrivisualeko langileek elkarretaratze bat egin zuten maiatzaren 23an Nafarroako Jauregiaren aitzinean, eta gaur greba-egun bat burutu dute, lankide kaleratua lanera berehala berronartzeko eta lan-baldintzak duintzeko eskatuz.

Nafarroako Gobernuarekin izandako elkarrizketen ondorioz ez dira konpondu plantillaren eskakizunak; eta gainera, egoera larriagotu da, Distrivisual enpresa esleipen-hartzailea atzeratu baita nominak ordaintzen.

ELAtik dei egiten diegu Distrivisual enpresari eta Nafarroako Gobernuari, neurri egokiak hartzeko, kaleraturiko pertsona lanera berronartzearren, eta Nafarroako Jauregiko garbitzaileen lan-baldintzak bermatzearren.