ELAk Altsasuko gazteen aurkako fiskalaren eskaria basakeria juridiko eta politikoa dela salatzen du

2017/07/05
ELAk Altsasuko zortzi gazteen aurkako 375 urteko gartzela zigor-eskaria basakeria juridiko eta politikoa dela salatzen du. Prozesua Auzitegi Nazionalera bidaltzearekin, bultzada politikoa agerikoa izan zen, baina fiskalaren atzoko eskariak (Altsasuko gazte bati, adibidez, 62 urte eta erdi eskatzen dizkio), Estatuak bultzatzen duen errepresioaren muga guztiak gainditu egin ditu.

ELAk ez du onartzen euskal botere politikoek errepresio-estrategiaren bultzatzailea den PPko Gobernuari normaltasun demokratikoa ematea.

ELAk Altsasuko zortzi gazteen aurkako 375 urteko gartzela zigor-eskaria basakeria juridiko eta politikoa dela salatzen du. Prozesua Auzitegi Nazionalera bidaltzearekin, bultzada politikoa agerikoa izan zen, baina fiskalaren atzoko eskariak (Altsasuko gazte bati, adibidez, 62 urte eta erdi eskatzen dizkio), Estatuak bultzatzen duen errepresioaren muga guztiak gainditu egin ditu.

Beraz, eta inork zalantzak baldin bazituen ere, gaur egun botere judizialaren balizko independentzia defendatzerik ez dago, Estatuaren eta PPko Gobernuaren eskuin muturreko jarrerekin gero eta lerratuago baitago. Horregatik, ELAren ustez, oso larria da euskal botere politikoen eguneroko jarduera, horrelako basakeria juridiko eta politikoak bultzatzen dituen Gobernuari normaltasun demokratikoa ematen baitiote. Gauzak horrela, ELAk ez du onartzen fiskalaren aurkako kritika publikoak egitea eta, aldi berean, errepresio-estrategia hau bultzaten duen Gobernuarekin akordio politikoak sinatzea.

Berriro ere, ELAk eskatzen du Altsasuko prozesua Nafarroako auzitegietara itzultzeko, independentzia judiziala eta proportzionaltasun oinarriak bete daitezen. Horretarako, ELAk deia luzatzen du gaurko elkarretaratzean parte hartzeko, arratsaldeko 7etan, Altsasun.