ELAk proposatu duen osasun-garraiorako lehiaketa bateratuak 50 lanpostu sortuko lituzke

2017/08/04
ELAk Osasunbideari luzaturiko dokumentuak zerbitzu publikoaren kalitatea zein anbulantzietako langileen lan baldintzak hobetuko lituzke.

ELAk osasun-garraioari buruzko proposamen zehatza luzatu dio Osasunbideari, zerbitzu horren lehiaketak zein betebehar eduki behar dituen azpimarratuz (lau urtetako epe baterako, asko jota). Adibidez, lehiaketaren jarraipen batzordea sortu behar da, sindikatu guztien parte-hartzearekin, hobekuntza teknikoak zein gutxieneko baldintzak bete ote diren ziurtatzeko.

ELArentzat mota guztietako leku-aldatzeak definitzea da lehentasuna, anbulantzia batean langile baten edo biren beharra dagoen argitzeko. Printzipioz, leku-aldatze guztiak bi langilerekin egin beharko lirateke, eta langile bakar baten kasuak salbuespenak izango lirateke. Zerbitzua antolatzeko, koordinazio zentro bat proposatzen da eta ospitale bakoitzak bere erreferentziazko anbulantzia eduki beharko luke.

ELAren proposamenean beste berrikuntza bat dago: 55 urtetik gorako langileentzako Zerbitzu Osagarrietako lanpostuak sortzea.

Leihaketaren baldintzek ere anbulantzia-baseen gutxieneko bizigarritasun baldintzak eta arropen garbiketa jaso beharko lituzkete. Baita langileen subrogazioa eta erreferentziazko sektore hitzarmenaren ezarpena ere. ELAk formazioari benetako bultzada bat ematea eskatzen du, horrela langile guztiek Osasun-Larrialdiko Teknikari titulua eduki dezaten.

ELAk osasun-garraiorako hurrengo lehiaketan esleipen bateratua izan dadila proposatu dio Osasunbideari. Horrela, zerbitzu urgenteaz eta zerbitzu ez-urgente eta programatuaz arduratuko dena enpresa bera izango da. ELAk, Osasun-Garraioko Mahaiak jasotzen dituen ondorioetan bezala, Bizi-Euskarri Aurreratuko anbulantziak publikora pasa daitezela eskatzen du.

Neurri hauen ezarpenak 50 lanpostu berri sortuko lituzke. Kalitatezko Osasun-Garraio fidagarria edukitzeko eta langileen baldintzak errespetatzeko ezinbesteko neurriak lirateke.

ELAk zerbitzu publikoak hobetzeko negoziatzeko konpromisoa azaleratzen du. ELAk lehen mailako zerbitzu publikoa dela ulertzen du, eta zerbitzua enpresa pribatuei azpikontratatua izaten jarraitzekotan, kalitatezko baldintzak bildu beharko ditu, bai erabiltzaileei eta baita langileei dagokienean ere.