ELAk, sektoreko lehen sindikatuak, Nafarroako zuraren industriaren hitzarmena sinatu du

2017/05/16
Hitzarmenak aplikazio-lehentasuna izanen du estatu-hitzarmenaren aitzinetik, lan-erreformatik blindatzeko klausulak ditu, eta eroste-ahalmena bermatuko du. ELAk, sektoreko %40ko ordezkaritza edukiz eta lehen sindikatua izanik, ongi deritzo hitzarmen honi: 2017ko indarraldia, aplikazio-lehentasuna estatu-hitzarmenaren aurretik, soldatetan Nafarroako 2016 KPI (%1,8), borondatezko arbitrajea eta 8 urteko aurrera-eragina.

ELAren iritziz hitzarmenaren hiru alderdi nagusiak honako hauek dira:

  • Batetik, Nafarroako Zuraren Hitzarmena lehenetsiko da, estatu-akordioaren aitzinetik. 2011ko lan-erreformak bide eman zion negoziazio kolektiboaren estatalizazioari; hortaz, ordura arte autonomietako hitzarmenen bidez negoziatzen ziren gaiak handik goiti estatu-hitzarmenen bidez negoziatzeko modukoak izanen ziren. Eta horretaz baliatzen dira orain UGT, CCOO eta patronala, Nafarroako negoziazio kolektiboa hutsaltzeko. Hala ere, hitzarmen honek estatalizazio-joera hori geldiaraziko du, zeren gure Zuraren Hitzarmena lehenetsiko baita, estatu-hitzarmenaren aitzinetik.
  • Bestetik, hitzarmenak aplikaziorako berme handiagoa ematen du, ezin baita hitzarmena salbuetsi, ezta arbitrajera eraman ere, alderdien arteko adostasunik gabe.
  • Eta azkenik, KPIaren erreferentzia berreskuratzen dugu (UGT, CCOO eta LABek azkenengo hitzarma KPIaren errerentziarik gabe sinatu zuten).

Dena dela, akordio hori ez da helmuga izan, etapa bat baizik. ELArendako ezinbestekoa da Zuraren Sektoreko plantillak antolatzea, lan-baldintzak enpresa-hitzarmenen bidez hobetzeko. Izan ere, lan-erreformen ondotik esparru horri ematen dio legeak aplikaziorako segurtasun juridiko osoa.