Euskara: ateak ireki, aukerak baliatu

2017/04/12
Juan Pedro Urabayen, Puy Remírez, Pablo Azpiroz, Oihana Goiogana, Ainhoa Fernandez
ELAk uste du berezko hizkuntzen erabilera arautzen duen Foru Dekretuaren zirriborroa eskasa den arren, euskararen normalkuntzan aurrera pausu garrantzitsua dela. Dekretuari baiezko bozka eman dion sindikatu bakarra gara, Nafarroak hizkuntzaren normalkuntzan aurrera pausuak emateko dituen aukera eskasak probesteko

Lau alderdiko Nafarroako Gobernuak adostu eta aurkezturiko foru-dekretuari baietza eman dio ELAk bakarrean, eta hori apustu bat izan da; izan ere, diktadorea hil zenetik oraingo hau hirugarren aukera da, euskaldunok gure administrazioaren arreta gure hizkuntzan jasotzeko eskubidearen alde agertzeko. Lehenagoko bi aukerak ez ziren iritsi oraingoa iritsi den mailaraino, eta gainera oso iraupen gutxikoak izan ziren. Lehendabizikoa Alliren dekretuarena izan zen (70/1994 FD), baina handik 4 hilabetera beste dekretu murriztaileago batez ordeztera beharturik egon zen UPNren aginduz; gero, 1995eko hiru alderdiko hobekuntza-plana etorri zen, baina 1996an desegin zen, eta harez geroztik duela bi urte arte UPN izan da boterean, eta hor iraunarazi duen koalizio handiak urte anitzeko atzerakada ekarri digu.
Hizkuntza-eskubideak oso luzaroan egon dira bazterrean utzita: bertako hizkuntzak erabiltzeko eskubidea, gero eta erkidego anitzago batean hiztunei erabilera hori bermatzeko eskubidea, eta Europako Kontseiluaren 1992ko uztailaren 7ko Eskualdeetako eta Eremu Urriko Europako Gutunean finkaturiko helburua: “Eskualdeetako eta eremu urriko hizkunzak babestea eta sustatzea, Europako kultura-ondarearen alderdi hori arriskuan baitago” euskararentzat ere lortzeko eskubidea. Orain, ordea, abagunea dugu, eta ezin dugu aukera hori galdu.
Jakin badakigu botila erdi betea izateraino denbora beharko dugula, baina tantarik tanta, 1986ko Euskararen Legearen kanilak uzten duen neurrian betetzen joanen gara. ELAren iritziz ezinbestekoa da lege hori aldatzea; baina, horretarako behar den adostasuna lortzen ez den artean, dekretua aitzinamendua da, urrats nabaria, zeren lehen aipaturiko Europako Gutunean azpimarratzen denez “hizkuntza bat agintari publikoekiko harremanetatik kanpo uztea, de facto hizkuntza-izaera ukatzea da, hizkuntza komunikabide bat baita, eta ezin da mugatu harreman pribatuetara. Gainera, politikara, zuzenbidera edo administraziora irispiderik ez duen hizkuntza batek bere terminologia-ondarea galduko du denboraren poderioz, eta azkenean ez du gaitasunik izanen gizarte-bizitzaren alderdiak izendatzeko”.

Aukera galduak ugariak izan dira, eta iraganean egindako oker eta hutsetatik badugu denok zer ikasi, autokritika egin ondoren. Sekula berretsi ez den 1982ko LORAFNAn (Foruaren Hobekuntza) ez zen jaso Nafarroako Parlamentuaren 1980ko ebazpena, non honako hau erraten zen: “Gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza ofizialak izanen dira. Printzipio hori Nafarroako Foru Eraentza Berrezartze eta Hobetzeari buruzko Oinarrietan txertatuko da, eta baita Foru Parlamentuaren erabateko eskumena ere, lege baten bidez erregulatzeko”. Hobekuntzaren 9 artikuluak, hala ere, bide eman zien Euskararen Legearen egileei zonifikazioa ezartzeko. Eremu mistoa Erribera osora zabaltzeko 1994ko bozketan ezetzaren ingurura bildu zirenak “deus ez” nahi zutenak eta “dena orain” nahi zutenak izan ziren.
Eta “deus ez” izan zen emaitza. Horrela 2015era arte.

Urte horietan, hala ere, aukera baliatuak ere izan dira, denetan nabariena Iruñerriko Mankomunitatearen 1998ko Euskararen Ordenantza da. Horren bidez era berean arautu ziren hizkuntza-eskubideak, errolda-udalerriari begiratu gabe. Ildo horretatik garatu behar da oraingo dekretua, zeina parlamentuko zehar-gehiengo batez adostua izan den, eta hori goraipatzeko modukoa da. Eta gehiengo hori ez bada heldu parlamentarien bi herenak izateraino, PSNren tema antieuskalduntasunagatik izan da. Dekretuak ekintza positibo eta proaktibo bat ezarri du are eremu ez-euskaldunean ere. Zerbitzu zentralak ez dira egonen kokapen-eremuaren eraginpean. Gainera, sindikatuen alegazio anitz jaso dira, eta oraingo funtzionarioen eskuraturiko eskubideak bermatzearen aldekoa da.

Indar sozialen eta polikoen artean dagoen korrelazioa ikusita, biderik zuzenena, oraingoz, eskubideen onarpena lortzea da, eta arian-arian hedatuz joatea. Ez dugu ahantzi behar oraintsu arte izan dugun Erregimenak hizkuntza bat ezarri duela, eta bestea debekatu; eta hemendik goiti euskaraz ez dakien gehiengoa ordezkatzeko asmoa duela, gehiengoari komeni ez zaion arrisku baten moduan erakutsiz, aukera baten moduan erakutsi beharrean.