Mitxel Lakuntzak ELA-Nafarroako koordinatzaile gisa jarraitzeko proposamena bozkatuko da ELAren XIV. Kongresuan

2017/05/11
ELAk bere 14. Kongresu konfederala ospatuko du 2017ko ekainaren 15 eta 16an Bilboko Euskalduna Jauregian Indarberritzen lelopean. Ondo ekarritako leloa da hori. Izan ere, berau aukeratu dugu ondo baina hobeto islatzen duelako sindikatuarentzat berebiziko garrantzia duen mezua: kongresuak ELAko militanteak motibatzeko balio behar du, datozen lau urteetan aurrez aurre izango ditugun erronkei indarberrituta aurre egiteko balio behar du.

Sindikatuaren estatutuei jarraiki, ELAko 736 delegaturen artean eztabaidatuko da Exekutibak aurkezturiko kudeaketa txostena, eta, baita datozen lau urteetako lan ildoak zehaztuko dituen ponentzia ere. Kongresua heltzeko hilabete eskas batzuk falta direnean, hainbat kontu definituko dira: bozkatuko diren erresoluzioak eta Nazio Batzordeak onartutako jatorrizko ponentziari egindako emendakinak. Prozesu hau aberasgarriagoa eta parte-hartzaileagoa izan dadin, eztabaida jarri du martxan ELAk, eta 2.000 delegatu izango dira horietan parte hartzen.

Kongresurako hautatutako 736 delegatuak sindikatua osatzen duten eskualde edo lurraldeetatik datoz, baita federazio sektorialetatik ere (Industria eta Eraikuntza; Zerbitzuak eta Gizalan), betiere, talde bakoitzaren afiliazioaren arabera. Gauzak horrela, 74 ordezkari doaz Nafarroatik Kongresu konfederalera.

Kongresuan izango diren 736 delegatuen artean, 421 gizonak dira (%57,2) eta 315 emakumeak (%42,8). Horrek agerian uzten du sindikatuan gero eta emakume gehiago daudela. 2008. urteko kongresuan emakumeen partehartzea %30,3koa izan zen eta 2013an, berriz, %33,4koa. Adinari erreparatuta, kongresuko kideen adina, bataz beste, 42,2 urtekoa izango da, azken Kongresuaren oso antzekoa (42,4 urte). Datu guzti hauek, ponentzia eta bestelako nobedade guztiak, propio sortutako webgunean daude eskuragarri: www.ela.eus/kongresua

Afiliazioa

Bestalde, maiatzaren 9an, ELAk komunikabideetako profesionalak bildu zituen Bilbon, bere afiliazio-datuak denen aurrean egiaztatzeko; eta horrela sindikatuak argitaratzen duen informazioaren zehaztasuna eta egiazkotasuna ziurtatu ahal izan zen. Azken seihilekoan ELAk 867 langile afiliatu ditu, eta horrela gainditu du afiliazioaren %6ko galera: azken Kongresutik hona, ELAk 105.312 afiliatu izatetik 98.960 izatera jaitsi da; hau da, 6.352 kuota-ordaintzaile galdu ditu. Hala ere, Nafarroan afiliazioa mantendu da, datuek erakusten duten bezala: 10.267 (2012ko irailean) eta 10.218 (2017ko martxoan).

Alde horretatik, azpimarratu beharrekoa da kongresuen arteko aldi horretan afiliatuen kuotetatik datozen diru-sarrerak ugaldu direla berriro, %88,9tik %92,63ra igo baitira; eta horrek sindikatuaren autonomia finantzarioa eta politikoa finkatu ditu. Horrekin batera badago beste datu bat, giltzarri dena: ELAren finantza-baliabideen artean ez dago banka-mailegurik.

Batzorde Eragilea

Beste alde batetik, Nazio Batzordeak Batzorde Eragileko pertsonen eta funtzioen zerrenda proposatu du dagoeneko, Kongresuan bozkatuko dena. Nafarroako koordinatzailearen posturako, berriro Mitxel Lakuntza proposatuko da. Aurreko kongresuarekin alderatuz, Nafarroatik beste aldaketa bat dago, Iván Giménez iruindarrak Batzorde Eragileko Komunikazioaren ardura hartzekoaren proposamena baitago.
Exekutibarako beste kide berri bat proposatzen da: Pello Igeregi Santamaria (Erandio, 1981) Negoziazio Kolektiboa, Lan Osasuna eta Euskararen arduradun berria izango dena.

Proposamen osoa: Adolfo Muñoz (Idazkari Nagusia), Amaia Muñoa (Idazkari Nagusiaren albokoa; Iparralde, Diruzaina), Amaia Aierbe (Zerbitzu Juridikoak), Xabier Anza (Formazioa), Ivan Gimenez (Komunikazioa), Laura Gonzalez de Txabarri (Naziorteko Harremanak), Pello Igeregi (Negoziazio Kolektiboa, Lan Osasuna, Euskara), Mitxel Lakuntza (Nafarroako koordinatzailea), Mikel Noval (Gizarte Politikak, Azterketa Bulegoa, Ingurumena), Leire Txakartegi (Planifikazio Estrategikoa, Genero Berdintasuna, Gizarte Ekintza, Immigrazioa), Eustakio Uranga (Antolakuntza) eta Joseba Villarreal (Sindikalizazioa).

Kongresuaren ponentziak lau ildo politiko nagusi proposatzen ditu, martxan jarri nahi diren hiru berrikuntza berretsi nahi ditu eta politika hori abian jartzeko, aliantza sindikal eta sozialen aldeko bidean sakondu nahi du.

Kongresuaren ponentziak lau ildo politiko nagusi ditu:

Ponentziaren ildo nagusiak:
Lan-erreformei aurre egin, bereziki, negoziazio kolektiboaren erreformari. Horretarako, beharrezkoa izango da akordioak eta hitzarmenen ultraktibitatea aplikatuko direla ziurtatuko duten tresnak martxan jartzea, baita prekarietateari aurre egingo diotenak ere.

Praktikan inoiz existitu ez den mahai sozialaren atzean benetako eztabaida sozialik ez dela agerian utzi.
Austeritate-politikei eta azken hauek bultzatzen dituztenei (patronala, gobernuak…) aurre egin, alderdi politikoei men egingo ez dieten sindikatu eta eragile sozialekin elkarlanean.
Pobrezian bizi den gehiengo sozialak dituen beharrei eta nazio bezala ditugun beharrei erantzungo dien prozesu subirano eta soziala martxan jarri.

Hiru berrikuntza berretsi nahi ditu ponentziak:
Lehenik eta behin, sindikatuan orain dela 2 urte martxan jarritako prozesua: genero berdintasuna lortzeko antolaketa sistema bera aldatzeko abian jarritako proiektua. Garrantzia handiko prozesua izango da hau, berdintasuna lortzeko asmoz sortutako ekimena, hain zuzen ere. Berdintasun hori bizitza pribatuan ezezik, sindikalgintzaren praktika eta aldarrikapenetan ere islatzea da asmoa.

Antolaketari dagokionez, militantzia ahaldundu nahi dugu, ekintza sindikala, soziala eta politikoa indartze aldera. Helburu hori erdiesteko, antolaketa mailan baldintza egokiak sortu beharko ditugu. Horretarako, planifikazioa estrategikoa ezinbestekoa izango da.
Ideologikoki, kapitalismoaren aurkako jarrera indartu nahi dugu; ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-sisteman aldaketa integrala nahi dugu, baita erreprodukzio sozialeko sistemetan ere. Horretarako, ELAk bere jarduera soziala indartuko du.

Aipaturiko aldaketak horiek gauzatzeko ezinbestekoa da aliantzak eta sareak ehuntzea. Aliantzei dagokienez, ELAk LABekin duen harreman eta ibilbidean sakonduko du. Izan ere, klase eta nazio eraikuntzan oinarritutako proiektua konpartitzen dugu. Era berean, bai ELAk eta baita LABek ere, kontzertazio sozialarengandik urrun kokatzen dugu geure burua. Badira komuneko beste elementu batzuk ere: konfrontazioan oinarritutako sindikalgintza da gure apustua eta gure sindikatuak ez dira finantzazio publikoaren menpekoak. Dena den, ELA eta LABen arteko egungo desadostasun garrantzitsuak gainditu behar ditugula (batez ere, negoziazio kolektiboan).

Hori dela eta, sindikatu abertzaleen elkarlanak aukera handiak eskaintzen dizkigu, subiranotasunean eta justizia sozialean sakontzeko. ELAk behar diren ahaleginak egingo ditu elkarlan hau garatzeko bidean.