Nafarroako Gobernuak gezurrezko elkarrizketa sozial propagandistiko eta zinezko neurririk gabekoari eusten dio

2017/08/03
Kontratu Legeari eta enplegu publikoari buruzko Gobernuaren jarduerak talka egiten du Enplegu Politika Aktiboen aurreakordioak dioenarekin; SNE-Nafar Lansare enplegu jarduerak erakunde pribatuekin azpikontratatzen segitzen du.

ELAk salatzen du Nafarroako Gobernuak eusten diola UPNek eta PSNek urte luzez inposaturiko lan-harremanen eredua sendotzearen helburuari. Atzo Miguel Laparra presidenteordeak Enplegu Politika Aktiboen balizko aurreakordioa aurkeztu zuen, eta bere garapena erabakiko duena Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua izango da, 2014an lege baten bidez Barcinak sortutakoa (Geroa Bai, EH Bildu, I-E eta PPren oposizioarekin).

Dirudienez, Nafarroako Gobernua aurreakordio batera iritsi da CEN, UGT eta CCOOekin, Enplegu Politika Aktiboei (2017-2020) buruzko 59 orrialdeko dokumentuan jaso dena. Bertan adierazpen propagandistikoak gailentzen dira, baina aurrekontuko diru-hornidura datozen asteetan –uda probestuz– erabakiko da.

Aurkezturiko dokumentuak ez ditu prekarietate edo langabeziaren arrazoiak aipatzen (lan erreformak, Administrazioen jarduera...), eta bere enplegu-kalitatearen aldeko apustua orokorregia da, zinezko neurririk proposatu gabe eta patronala ezertan behartu gabe. Gainera, Gobernuaren ardurapeko alorretan, errealitateak guztiz gezurtatzen du dokumentua: Kontratu Publikoen Legean –Parlamentuan dagoena–, Gobernuak ez du subrogazioa bermatu nahi; enplegu publikoan Rajoyren Gobernuaren atzetik dabil (%1ko soldaten igoera, kasu); eta ez du urratsik ematen lanpostuak finkatzeko (Europako sententziak behartzen badu ere). Bestalde, kontratatze-prozesuen diskriminazioaren aurkako zein euskararen aldeko aipamen orokorrek ez dakarte inolako neurri zehatzik.

Gainera, Gobernuak abuztuan iragarri du aurreakordioa, garai hau ere aukeratu du aurrekontuetan inplikazio garrantzitsuak izango dituen neurriak ezagutzera emateko. Neurri hauek kontraesanez betetzen dute aurreko guztia. Horrela, CCOOen entitate bat azpikontratatzen du (Anafe) etorkinentzako arretaren zerbitzu publikoa kudeatzeko (lau urtetan 1,2 milioi jasoko dituela isilean gordez); lanpostu bulegoak eta ETTak azpikontratatzen ditu enplegua bilatzeko bitartekaritzan aritzeko (1,2 milioi bi urtetarako); eta aurki lan orientazioa azpikontratatuko du (7,5 milioi 4 urtetarako).

Horregatik guztiagatik, ELAK 22/2014ko Foru Legeak sortutako Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua indargabetu dadin eskatzen du, eta bere apustua azpimarratzen du SNE-Nafar Lansare erabat publikoa izan dadin (Egungoa nahasmen instituzional bat besterik ez da, ez dago garbi non bukatzen den Gobernuaren eta non hasten den CEN, UGT eta CCOOen erabakitzeko gaitasuna). Zentzu honetan, ELAk SNE-NLen ez sartzeko apustua berresten du eta Nafarroko Gobernuari gogorarazten dio kontuan har dezala 2017ko maiatzean ELAk (LABekin batera), Nafarroako lan esparruaren aldaketa sendotzeko aurkeztutako proposamena. Langile klasearen egoera hobetzeko borondate politikoa balego, dokumentu honetan aurkeztutako 10 neurriak berehala ezar litezke. Horrela, modu egokian erantzungo litzaioke Nafarroan aldaketa politikoa bultzatu zuen gehiengo sozialaren ilusioari.