Tafallako lan istripua salatzeko elkarretaratzea

2017/05/30
Gaur ELAk, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGTrekin batera, joan den astelehean Tafallan gertatutako heriotzezko lan-istripua salatzeko Nafarroako Gobernuaren Herri-Lan eta Garraio Sailaren aintzinean egin den elkarretaratzean parte hartu du. Bertan Donezteben bizi zen garraiolaria hil zen, A-15 errepidean Tafalla parean beste ibilgailu batekin talka egin ondoren. Aurten Nafarroan lan-istripuan hildako bostgarren pertsona litzateke, baita Euskal Herri mailan 2017an hildako bostgarren garraiolaria, hain zuzen.

Hildakoaren hurbilekoei babesa adieraztearekin batera, garraiolariek sufritzen duten prekarietatea salatu da bertan, sektorearen erabateko desregulazioa tarteko, eta karga-enpresen presio, ordutegi estu eta gehiegizko pisuei enpresen betegabetze eta erakunde publikoen utzikeria gehitzen zaien honetan, sektoreko langileen bizitzak etengabe arriskuan jartzen direlarik.

Nafarroan urtean hamar pertsona baino gehiagori bizitza galarazten dien lan-ezbeharrei aurre egiteko lantokietan antolatzeko deia luzatzen du ELAk, Nafar langileriaren lan eta bizi baldintzak hobetzeko konpromezu irmoa berresten duen aldi berean.

LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ! PREKARIETATEA HILTZAILEA