Dantxarineako lan-prekarietateari itzulia kenduko diogu

2016/09/01
Espainiako Itzuliko etaparen amaierarekin bat etorriz, ELA mobilizatu egingo da Dantxarineako merkatalgunean bihar, irailaren 2an. Prekarietatea salatzea eta lan baldintza duinak aldarrikatzea izango du ardatz ekintzak.

 

Dantxarineako merkatalgunean 600 pertsonatik gora egiten dute lan hainbat sektoretan: ostalaritzan, ehunaren merkataritzan, merkataritza orokorrean, lurrindegietan, tabako salmentan etab. Kokagune geografikoa (mugaldea) dela eta, turismoarentzat erakargarria da, bereziki frantsesentzat, beraientzako prezioak lehiakorrak baitira.

Lan-baldintzei dagokienez, ordea, eskaintza lehiakor hori ez da doakoa: aldi baterako kontratazioa, zatikako kontratazioa igande eta jaiegunak barne, erabateko malgutasuna enpresaren beharren arabera... Errealitate horrek eragozten du lana eta bizitza pribatua uztartu ahal izatea, eta prekarietatea are gehiago hedatzen du.

Gauzak horrela, ELAk mobilizatzea erabaki du bihar, irailaren 2an. Eguerdiko 12:00etan egoera salatuko dugu, egun horretan Espainiako Itzuliaren etapa bertan bukatzen dela probestuta. Zehatzago esateko, inguruan bizikletan ibiliko gara lan baldintza duinak aldarrikatuz. Gainera, liburuxka informatiboak ere banatuko ditugu. Izan ere, ezinbestekoa da lan-prekarietate egoerarekin behingoz amaitzea, eta horretarako kontzientziazioa gakoa da.

ELAk gogoratu nahi du merkatalgunearen indarguneetako bat urtean 365 egunetan irekitzea den arren, egitate horrek ez duela inolaz ere bidezko egiten bertako enpresariek darabilten kontratazio mota, eta ez luke eragotzi behar lantoki guztietan lan-egutegia egotea langile guztien kontziliazio eskubidea bermatzeko.

prekarietatea dantxarinea