ELAk Eusko Legebiltzarraren agerraldi bat eskatu du Jaurlaritzaren lanetan frogatu diren irregulartasunak azaltzeko

2015/11/17
Eusko Legebiltzarraren Enplegu, Gizarte-politikak eta Etxebizitza Batzordearen aurrean lehenbailehen agerraldi bat egiteko eskatu du ELAk. Horrela, sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren sustapeneko herri-lanetan antzeman eta frogatu dituen irregulartasun larriak artez azaldu ahal izango ditu.

AGERRALDIA ESKATZEKO ARRAZOIA:

Eraikuntzako langile asko Eusko Jaurlaritzaren sustapeneko herri-lanetan ari dira prekarietate osoko baldintzetan: lanaldi amaigabeak, lan egiteko gehiegizko erritmoak, eta soldata ziztrinak. ELAtik lan-baldintza horiek salatu nahi ditugu, eta baita hitzarmen kolektiboak aplikatu ez izana ere. Zeren gertakari horiek indarrean dagoen legeria urratzen dute, eta sektorean jasaten den lan-ezbeharren tasa handiegia areagotu.

Gezurra dirudien arren, Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen obretan baldintza ankerrak izaten dira; eta, tamalez, beste aldera begiratzen da, eta obra/negozioaren interesa gailentzen da langileen baldintza sozio-laboralen gainetik.

ELAk beti salatu izan du jendaurrean bateraezinak direla esleipen-politikak langileen segurtasun eta osasunarekin –oinarri-oinarrizko atalak baitira– eta baldintza sozio-laboralekin –soldata, lanaldia eta abar–. Hori guztia, gure herri-erakundeetan hain erroturik dagoen azkar-azkar eta merke-merke estrategia politikoaren ondorio zuzena da. Zeren benetako arazoa ez datza askotan obra-egilearengan, baizik eta obra hori nola egin behar den erabakitzen duen arduradun politikoarengan. Badakigu, halaber, jaitsiera eta epe horiek gabe ere arazoa ez dagoela guztiz konponduta; baina baldintza horiekin prekarietatea ziurtaturik dago.

Horregatik, ELAtik erabateko aldaketa eskatzen dugu esleipen-politiketan egiteko. Enpleguaren kalitatea, segurtasuna eta proiektua bermatu eta lehenetsi behar dira, epeen eta prezioaren aurretik. Obra eredugarriak nahi ditugu, lehen minututik, esleipen errealistekin (ez merkeenari eta azkarrenari), eta lehia desleialetan, prekarietatean edo enplegu-suntsipenean erori gabe. Obra duinak nahi ditugu, herritarrei aberastasuna emango dietenak, enplegu duina eta kalitatezkoa sortuz. Eta nola ez, bada, legea betetzea onuragarri izango da gure kutxa publikoetarako; legea ez betetzetik sortzen den iruzurra, aldiz, kaltegarria.

Ikusi informazioa