Osakidetza lan baldintzentzako zabortegi bihurtzen ari da (prentsaurrekoa)

2015/11/19
ELAk Prekarietatearen aurkako Kanpaina hasi du Osakidetzan. Osakidetzako Zuzendaritzak bultzatzen duen prekarizazio politika salatuko dugu, prekarietatearekin bukatzeko proposamenak luzatuko ditugu eta mobilizazioak egingo ditugu aldaketak eragiteko.

Osakidetzaren kontratazio politikak lan-zabortegi baten gero eta antza handiagoa du. Urrunetik  hatsa dario, gardentasun ezak kontratazio ustelkeriari bidea ematen dio. Eta hurbiltzean gero eta zabor-kontratu gehiago topatzen dugu.
ELAk baieztapen hori erakusten duen ikerketa burutu du. Arlo publikoan ari diren langileak pribilejioduntzat hartzen dira, errealitatetik ezin urrunago dagoen baieztapena da hau. Pribilejioen mitoa osasun arloa pribatizatzeko eraikia izan da, osasuna aseguru talde handientzat litxarreria da eta.

Osakidetzako prekarietate datuak

Osakidetzak 4614 lanpostu dauzka inon azaltzen ez dituenak, nahi dituenean sortzen eta suntsitzen ditu, inori konturik eman gabe, ez sindikatuoi ez Legebiltzarrari, eta lanpostu horiek betetzen dituzten langileek ez dute inolako segurtasunik. Lanpostu hauek lan-pilaketengatik sortzen direnak dira, baina 4614ko datua maiatzekoa da, hau da, lan-karga handiegiak ez dauzkan hilabete batekoak, ondorioz, lanpostu horiek estrukturalak izan beharko lirateke, baina
Osakidetzak ezkutatu egiten ditu.

Osakidetzan behin-behinekotasuna %34,85ekoa da, lan-merkatuko bataz-bestekoa baino 10 puntu handiagoa. Arabako Unibertsitate Ospitalean behin-behinekotasuna ia %50era iristen da, hots, bi langiletik batek behin-behineko kontratua du. Eta hurrengo urteetan milaka langilek erretiroa hartu behar badu ere 507 lanpostutako OPE bat eskaini da. OPE hau bukatzen denerako beste 2142 langilek erretiroa hartzea aurreikusten da, ondorioz, behin-behinekotasunak 2018rako %40a gaindituko du.

Jardunaldi osoko kontratazioa %11,72 murriztu den epe batean lanaldi partziala %16,09 eta 32,66 artean hazi da. 2012Ko urtarriletik 2014ko apirilera 4327 kontratazio oso gutxiago egin ziren, baina epe berean lanaldi partzialeko kontratuak asko hazi ziren. Ez da enpresa pribatura edo Alemaniara begiratu behar minijob-ak topatzeko, Osakidetza da gure herria lanaldi partzialeko kontratu gehien burutzen duen enpresa. Tarteko agintariek jokatzen duten diziplina papera eta hautatzeko modua ere aipa ditzakegu.
Azkenaldian Debabarrenako tarteko agintarien dimisioarengatik eta Gabriel Inclanen Gurutzetako Barne Medikuntzako Zerbitzuburuaren izendapena baliogabetzeagatik oihartzun handia izan du gai honek. Hierarkia langileak diziplinatzeko erabiltzen da.

Prekarietatearen beste aurpegi bat da mugikortasuna gaizki portatzen diren langileak estraditatzeko erabiltzea eta nahi duten langileak hurbiltzea. Helburua langileen sumisioa da. Osakidetzan 3000 lanpostu suntsitu dira, baina aparteko orduak egiten dira. Aparteko orduetara bideratutako diruarekin, 11 milioi euro inguru 2014an, 224 lanpostu sor litezke. Langileen bataz-besteko adina 50 urtetakoa da, baina OPEan 507 lanpostu eskaintzen dituzte.

Eta, denaren gainetik, gero eta baliabide gehiago arlo pribatura bideratzen dituen eredu baten alde egiten da, zuzenean azpikontratazio edo kontzertazio bidez, hau ere enpresa horietan ari diren langileen kaltetan, edo zeharka seguru pribatuak bultzatuz. Iaz 81 milioi euro inguru bideratu ziren azpikontrataziorako. Azpikontratatutako 93 eremutatik 49tan ez da langileen subrogazioa ziurtatzen. Eta hainbat enpresatan azken urteetan gatazkak izan dira Lan Erreforma erabiltzen saiatu direlako.

Prekarietateari alternatibak
ELAk prekarietatearen aurkako kanpaina hasi du Osakidetzan topatzen ditugun prekarietate kasu guztiak azaleratzeko. Baina baita alternatibak aurkezteko. Osakidetzari hurrengoa eskatuko diogu:  

  • 5.000 lanpostu duin sor ditzatela. Orain arteko galdutako 3000 lanpostuak berreskuratu nahi ditugu eta beharrak dauzkaten zerbitzuak indartu nahi ditugu.
  • Estrukturala den enplegu guztia estruktural deklaratzea eskatuko dugu. Era berean, lanpostuak finkatzeko 5000 lanpostutako OPE bat burutzea eskatuko dugu. OPE horrek kotizazio sozialetan 13 milioi euroko aurrezkia suposatuko luke. ELAren helburua behin-behinekotasuna %7tik behera kokatzea da.
  • Lanaldi partzialeko kontratuak gutxienez %75ekoak izatea proposatuko dugu, langileek beraiek jardunaldi txikiagoa eskatzen dutenean izan ezik.
  • Era berean, zuzendaritza postuetarako sarbidea merituen lehiaketa objektibo eta garden bitartez izatea exijituko dugu.
  • Azkenik, pribatizazioa murrizteko zerbitzu pribatuen publifikazioa eta kontratatutako enpresetan Lan Erreforma ez aplikatzeko eskatuko dugu.

Horretarako guztirako ELAk orokorrean aurrera daraman Prekarietate Kanpaina Osakidetzara eramango dugu. Topatzen ditugun prekarietate kasu guztiak salatuko ditugu eta langileak mobilizatuko ditugu Osakidetzako kontratazioa duindu arte.