Salaketa Gastronomia Baskak iragarritako kaleratze dosierraren aurrean

2016/01/21
ELAk salatu egin du Gastronomia Baskak iragarri duen kaleratze dosierra, Eusko Jaurlaritzak zuzeneko kudeaketarako ikastetxe-jantokiak beste enpresa batzuen esku utzi ondoren

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak orain arte Gastronomia Baskaren esku zeuden zuzeneko kudeaketako eskola-jantokiak beste enpresa batzuei esleitu dizkienez, enpresak kontratuak amaitzeko enplegu-erregulazio espediente (ERE) bat aurkeztu du, eta honek Sukalde Zentraleko eta bulegoetako langileen %50i eragingo die.

Aurrerantzean beste enpresa batzuk prestatuko dituzte otorduak; zenbait enpresak orain arte baino menu gehiago egingo dituzte, kasu batzuetan %30 gehiago, eta ikastetxe kopuru handiagoa zerbitzatu eta gainbegiratu beharko dute; beraz, langileria gehitzea ezinbestekoa izango da esleitu zaien zerbitzua emateko.

Oraingoan ere, erabaki politikoen ondorioz enplegu egonkorra galdu eta prekarietatea hedatzen da, baldintza-agirietan ez delako jaso administrazioek azpikontratatu dituzten enpresetako langile guztientzako subrogazioa; kasu honetan ardura Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari dagokio.

 

ELAk berriro aldarrikatzen du egoera hauek ekiditeko lege-babesa beharrezkoa dela; hala proposatu du 100.000tik gora sinadurak babestuta Legebiltzarrera eramandako Legegintzako Herri Ekimenean (LHE): administrazioek baldintza-agirietan jaso behar dituzte subrogazio eskubidea, lan-baldintzak mantentzeko bermea eta enpleguaren egonkortasuna.