Zaintzailea zaindu? (Txema Kortabarria)

2016/04/01
2016ko apirila eta oraindik Aita Menniko langileak hitzarmen barik gaude. Ez dugu daukaguna berritu negoziaketan gabiltzan parteetako batek hala nahi ez duelako. 2014 amaieran esan ziguten orduan eskainitakoa hartu ezean, hitzarmen barik geldituko ginela, eta mehatxua egi bihurtzeko gutxi falta zaigu.

 

Orduko proposamena ez zen ona izan langileontzako. Lan ordua gehitu eta %5eko soldata murrizketa aplikatu nahi ziguten. Zuzendaritzaren esanetan, ospitalearen egoera zeharo traketsa zen, larria... eta gainera neurri horiek indarrean jarri barik ezin izango zituzten inbertsiorik egin eta kaleratzeak ere egongo ziren. Esan moduan, langileek guztiz baztertu zuten eskaintza eta ordutik ez da kaleratzerik izan; are gehiago, inbertsioak egin eta ospitalea etengabe handitzen joan da.

Egoera horretan 2015ean berriz ere hitzarmena berritzeko saiakera egin dugu. Segituan konturatu ginen ez zela lan erraza izango. Hainbat protestaldiren ostean, urte amaieran behartu genuen zuzendaritza mahairen bueltan jarri eta negoziatzera. Baina berriz ere mehatxuak nagusi..... abenduan eskainitakoa hartu ezean negoziaketak amaitutzat eman eta hutsetik hasi beharko ginatekeela. Ez dugu ulertzen jarrera hori, irabazi asmorik gabeko enpresa izanik, elkartasun eta laguntza moduko baloreak transmititzen dituena...Aitortzen digute milioiak dituztela inbertsio potoloak egiteko baina euro bakar bat ere ez langilerian inbertitzeko. Zergadunon dirua ere maneiatzen dute Osakidetza eta Foru Aldundiekin hitzartutako zerbitzuei esker. 62 milioi eta erdi 2009-2013 urte bitartean hain justu.

Bat gatoz iaz Maite Peña Ongizate diputatuak esandakoarekin: Aita Menni ospitalearen helburua izan beharko litzateke zaintzailea zaintzea.

Ez dugu uste zaintzailea zaintzeko modurik onena denik langileon lan baldintzak hobetzearen aurka zuzendaritzak hartu duen jarrera. Gure ospitalea Europa mailako erreferente da langileok eskaintzen dugun profesionaltasunagatik.

Ez dugu uste zaintzailea zaintzeko modurik onena denik praktika kontratuez baliatuz soldata eskala bikoitza aplikatzea.

Zaintzailea zaintzea da egiten dugun lanaren errekonozimendua izatea. Zaintzailea zaintzea da Aita Menni Ospitaleak duen altxorrik onena zaintzea, langileak.

Aita Menni Ospitaleko Langileen Batzordea

 

Aita Menni borrokan