Soldata dirua baino gehiago da

"Soldata dirua baino gehiago da – Luchar por el salario es luchar por el empleo" lemapean kanpaina martxan jarri dugu ELAn. Datozen hilabeteotan soldataren garrantzia azpimarratuko du sindikatuak. Soldaten eta enpleguaren aurkako erasoa kokatu nahi du eta, bide batez, eraso horien ondorio sozial eta ekonomiko lazgarriak plazaratu nahi ditugu.

Egungo krisialdiaz lan-baldintzak okertzeko baliatzen ari dira. Botere publikoak ezartzen ari diren politikek (erreforma laboralak, negoziazio kolektibokoak, arlo publikoan egiten diren murrizketak, pentsioenak, gizarte-prestazioak...), baita enpresen erabakiek ere (enplegu murrizte gogorrak, soldaten aurkako erasoak eta malgutasuna areagotzea), biztanleria gehiena pobretzea dakarte.

Politika bidegabeak ezartzen dizkigute, eta gainera nahi dute horiei aurre egin gabe geratzea. Lan-harremanen arloan banako erlaziora jotzeko saio nabarmena ari da gertatzen, langilea enpresaren aurrean bakarrik gera dadin. Badakite guri batasunak ematen digula indarra; ahulagoak garela ekintza kolektiborik gabe, eta enpresarioak aurrean defentsa kolektiborik topatzen ez badu soldatapeko langileari nahi duena eginaraz diezaiokeela. Bestalde, jarrera autoritarioa ere ageri da, mobilizazioa eta borroka kriminalizatzeko urratsak egin nahi baitira.

Kanpaina honek soldaten eta enpleguaren aurkako erasoa kokatu nahi du, politika horien ondorio sozial eta ekonomiko lazgarrien berri eman, eta erakutsi badaudela alternatiba errealak biztanle gehienentzat hobekuntza argia lortzeko. Halaber, kapitalaren hainbat tesi gezurtatu nahi dugu, ideologia hutsa diren aldetik, hori bai, gobernuen babesa jasotzen duten tesiak.

Halere, ez da aski jakitea gauzak horrela direla. Egungo egoeratik ateratzeko ezinbestekoa da antolatzea eta borrokatzea. Indar-erlazioa da gakoa. Gure eskubideen alde ekintza kolektiboa egiteko unea dugu, lantokietan antolatuz eta mobilizatuz. Horixe baita garaitzeko daukagun aukera bakarra.

Hau guztia bideotxo batetan laburtzen saiatu gara: