“Merkataritza eta Inbertsioen Itun Transatlantikoa”k pobrezia dakar Susan Georgeren hitzetan

2014/03/17
Susan George, analista politiko, filosofo eta idazle, Frantziako ATTAC-eko lehendakaria izan zen; egun Amsterdameko Transnazionalen Institutuko plangintza zuzendaria da. Oso ezaguna da justizia soziala, hirugarren munduko pobrezia, garapen bidean dauden herrialdeen egoera eta kanpo-zorra bezalako gaietan eginiko lanengatik.

ELAk gonbidaturik, hitzaldia eman du sindikatuko 200en bat kuadroen aurrean eta, bertan, bere iritzia azaldu du egun Europar Batasuna eta Estatu Batuen artean negoziatzen ari den Trasatlantiko Itunari buruz.

Hitzaldian, Estatu Batuak eta Europar Batasuna artean negoziatzen ari den“Merkataritza eta Inbertsioen Transatlantiko Ituna”z aritu da. Susanek kritikatu du, lehenengotik, negoziaketak modu itxian, gardentasunik gabe, ematen ari direla.

Negoziazio hauetan aitortuak diren helburuaz haratago, Susan Georgek salatu du, funtsean, ingurugiro eta gai sozialetan dagoen araudia ezabatu nahi izatea, alegia langileak, kontsumitzaileak, ingurugiroa....babesten diztuzten araudiak, merkataritza eta inbertsioetarako “gogaikarriak” direlako eta “oztopoak” ezartzen dituztelako trasatlantiko elkartrukean.

Nahikoa da begiradatxoa botatzea aurrez izan diren esperientziei ezer onik espero izateko. NAFTAk ere ehun milaka lanpostuen galera ekarri zuen eta soldaten erorketa Estatu Batuetan; prekarizazioa eta esklabutza ezarri zen Mexikon ere. Hori bai, enpresa handietako eliteentzat egundoko irabaziak, baieztatu du.

Lan eskubideei buruz, salatu du Europar Komisioak dagoenekoz ohartarazi duela Europar Batasunak bere lan legedia berrikusi behar duela “ Estatu Batuetako inbertsioak munduko beste inora joan ez daitezen”. Guzti hori Europar Batasuneko lan legediak, arantzelik gabeko neurria izaki, oztopo ezartzen diolako Transatlantiko elkartrukatze libreari. Gauza bera gertatzen da osasun eta higieneko neurriekin, ingurugiroa, osasungintza, finantzak, jabego intelektualarekin eta abar. Finean oztopoak besterik ez direla eta horren harira ezabatu behar direla planteatzen dute Itunean - salatzen du behin eta berriro Susanek.

Azkenik, Susan Georgek itxaropen mezuarekin amaitu du. Mugimendu sozialak, sindikatuak, ikasleak, emakumezkoak...eta aurrerakoiak diren mugimenduek mobilizatzeko gaitasuna erakutsi dute egitasmo honi aurre egiteko eta proposamen alternatiboak eskaintzeko. “Injustizia eta desberdintasunari aurre egiteko mobilizazioa da jorratu beharreko bidea” - bukatu du.