Europar Batzordeak entzungor egiten dio ISDSaren aurkako arbuio orokorrari

2015/01/19
Europar Batzordeak iragan astean aurkeztu zuen ISDS mekanismoari buruz egin duen kontsulta publikoaren azterketa. ISDS inbertitzaile eta estatuen arteko gatazkak konpontzeko sistema bat da, eta TTIP akordioan jasoko litzateke. Ia 150.000 erantzun jaso ditu Batzordeak bere kontsulta egin duenean.

Hau da negoziatzen ari den Atlantikoz gaindiko akordioaren punturik eztabaidatuena; ISDS gauzatzeko auzitegi pribatuak leudeke, zeinetan inbertitzaile atzerritarrek gobernu nazionalak sala ditzaketen, ohiko justiziatik at.

Jasotako erantzunen %97 ISDSarekiko kritikoak izan dira, eta Batzordeak aitortu egin behar izan du “kontsultak argi adierazten du tresna honen aurkako eszeptizismo izugarria dagoela”. Baina emaitza hau aintzat hartu eta ISDS behin betiko baztertu ordez, iragarri dute datozen hiletan eztabaidan jarraituko dutela inbertitzaileak nola babestu erabakitzeko; oraingoan ere agerian geratu da europar gizartearen borondatea eta kezkak erabat gutxiesten dituztela.

ISDStik harago, TTIP egundoko mehatxua da hainbat arlotako arau babesleentzat: elikagaien segurtasuna, ingurumena, lan arloa, osasuna, zerbitzu publikoak, etab. Baina baita demokraziarentzat ere. Horregatik, ELAk negoziazio hauen aurkako borrokari eutsiko dio.