Albisteak

Tom Kucharz: Kapitalari indarra emateko estatu kolpe bat gertatzen ari da

2014/10/14
AEB eta Europako Batasuna negoziatzen ari diren TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoarekin kezkatuta dago Tom Kucharz (Dresden, Alemania, 1977)

AEB eta Europako Batasuna negoziatzen ari diren TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoarekin kezkatuta dago Tom Kucharz (Dresden, Alemania, 1977). Azken urte hauetan Europak hartu duen «joera neoliberalaren» jarraipen gisa hartzen ditu negoziazio horiek, baina akordioarekin galtzeko asko duela dio. Aste honetan hitzaldiak eskaini ditu Bilbo eta Errenterian (Gipuzkoa), Alternatibaren eskutik.

Europak lehendik ere baditu zenbait merkataritza akordio sinatuta hainbat herrialderekin. AEBekin negoziatzen ari den TTIP honek zein alde izango du aurrekoekin alderatuta?

Europak merkataritzaren inguruko akordio asko dauzka hirugarren munduko herrialdeekin. Europako Parlamentuak ere tratatu bat sinatu du Ukrainarekin, eta bere legedian merkataritza arauen %75 aldatu beharko du. Beraz, aldaketa handia da, eta etorkizunean edozein alternatiba ekonomiko oztopatzen du. Horien bidez, Europako Batasunak politika neoliberalak bultzatzen ditu. Ekonomikoki, ezaguna zaigu bere murrizketa politikak, baina merkataritzarena ezezaguna zaigu. Horregatik, jendea izutzen ari da AEBekin izaten ari diren negoziazioengatik kapitalismo globalizatuaren irudia delako. Baina EBk kapitalismo neoliberala sustatzen du.

Edozein modutan, EB eta AEBren artean oraindik alderik bada...

Bien eremuen arteko merkatuak integratzeko saialdia aspalditik datoz. 1977an enpresari askorekin halako zerbait egiten saiatu ziren, eta 1995ean lobby bat sortu zen hainbat erakunderi presio egiteko asmoarekin. Egungo negoziazioak iaz hasi ziren, eta enpresa handien eragina oso handia izaten ari da, bileretatik atera diren proposamenak enpresariek egiten dituztenen oso antzekoa baitira. Hala ere, oraindik ezberdintasunak daude, legeen aldetik batez ere. Hemen, esaterako, arreta printzipioa daukagu. Hau da, produktu baten inguruan zalantzarik badago gobernuak debeka dezake. AEBetan alderantziz da. Beraz, bi merkatuak berdindu egin nahi dituzte.

Hori nola egingo dute?

Kooperazio kontseilu bat sortzeko asmoa daukate. Hor, Europako Kontseiluak onartu behar duen edozein lege ikuskatuko litzateke. Eta zer aztertuko den? Balizko lege horrek AEBen eta EBren arteko merkataritzan zein eragin izango duen. Kontseilu horretan, gainera, lobby-etako kideak eseriko dira. Horren eraginez, etorkizuneko legeak gero eta kaskarragoak izango dira. Izan ere, AEBetan EBn baino lege permisiboago bat badago, horretara jo beharko lukeelako Europak.

Horrek gobernu batek izan dezakeen autonomia kolokan jarriko luke...

Baina ez hori bakarrik, beste erakunde bat sortzeko asmoa ere baai baitago: inbertitzaileen eta estatuaren arteko irtenbide mekanismo bat. Inbertsiorako akordio askotan dagoen organo bat da hori, eta atzerriko inbertitzaileak arau-hauste bat egiten badu epaitegi batera eramatea errazten du. Baina kasu honetan ez da edozein epaitegi, pribatua baizik. Hor leudeke epaile gisa enpresako ordezkari bat, gobernuko beste bat, eta neutrala den azken bat, eta haiek erabakiko lukete neurri bat egokia den ala ez. Beraz, horren arabera, herritar guztiak ez dira berdinak izango legearen aurrean. Gaur egun, hori izaten ari da akordioaren aurka erabiltzen ari diren argudio nagusia .

Elkarrizketak isilpean eta sekretupean egiten ari dira. Horrek susmoak areagotu ditu.

Negoziazioei buruz dakigun guztia filtrazioei esker dakigu. EBko kontseiluak Europako Kontseiluari agindua eman zion negoziazioekin aurrera egiteko, eta agindu horretan biltzen ziren neurriak ere sekretuak izan ziren. Horiek ere filtratu egin ziren, eta garbi geratzen da, besteak beste, zerbitzu publikoak pribatizatu nahi direla, familiako nekazaritza suntsitu produktu estatubatuarrei bide emateko, baita Interneten hiritarren anonimotasuna mugatu ere. Baina bileretatik atera diren dokumentuak okerragoak dira. EBk enpresa estatubatuarrei bertako zerbitzu publikoetan sartzeko aukera eskaini zien. Baita orain arte asmo guztietatik kanpo zeuden konpainiak ere: posta zerbitzua, tren sarea, ura... Pribatizazio olatu bat gertatzera doa, eta ondoren horiek berriz ere publiko bihurtu ahal izateko zailtasunak jarriko dituzte gainean. Ezingo da kontrako bidea egin.

Horrekin guztiarekin zer lortu nahi dute alde biek?

Bien arteko merkataritza munduko liberalizatuena da dagoeneko. Beraz, zertarako gehiago liberalizatu? Garbi dago kapital handiei indar handiagoa emateko estatu kolpe bat gertatzen ari dela. Bai politika publikoetan duen eragina areagotzeko, baina baita etorkizuneko legeetan eragin, eta iraganekoak aldatzeko ere. Horrek guztiak, paper gainean dauden jarrera demokratikoak aldatuko lituzke, eta lan eskubideen aurkako eraso bat eragingo luke.

Atlantikoaren alde bietako gobernuen aspaldiko asmoa izan da akordio hau, baina zergatik datoz negoziazioak orain?

Munduko bi merkatu garrantzitsuenen arteko negoziazioak direla garbi utzi behar da, ia munduko merkataritzaren %30 hartzen baitute bien artean. Datozen urteetarako ez da hazkunderik aurreikusten AEB eta EBn, eta Pazifiko aldera joango da pixkanaka. Ondorioz, kapital metaketa eta enpresen irabaziak ere lekuz aldatuko dira. Bi lurraldeek indarra galduko dute, eta horregatik ari dira elkartzen. Mundu osoan pisua galtzen ari dira, eta, oraintxe, euren lehiakortasuna lan eskubideetatik lortu dezakete bakarrik.

Edozein modutan, oposizio handirik ez dago kalean. Negoziazioen isiltasunak eraginik izan dezake?

Boterearen asmoa da negoziazioak isilpean gordetzea da. Izan ere, jendeak jakingo balu zer ari diren negoziatzen, oposizio handi bat egongo zen horren kontra. Hala ere, oraintxe inoizko mobilizazio gehien daude merkataritza eta inbertsio politiken aurka. Europako sindikatu nagusiek eskatu dute negoziazioak bertan behera uzteko, baina egia da hedabide nagusiek ez dutela arazoa aipatzen, eta horrek ez duela laguntzen. Horretan ari gara gu.

Tom Kucharz: Kapitalari indarra emateko estatu kolpe bat gertatzen ari da