TTIP

Zer da TTIP?

Zer dakizu TTIPari buruz? Ba al dakizu Europako Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuen arten merkataritza hitzarmena "negoziatzen" ari direla? Hitzarmena, merkataritzaz harago doan proiektua da. Ekonomiaren esparrua gainditzen duen proiektu politiko, ideologiko eta soziala. Konplexua bezain garrantzitsua dugu auzi hau. Hitzarmenaren defendatzaileek kode sekretuan aurkeztu nahi diguten arren, proiektu honen sakonean dagoena askoz ere sinpleagoa da. Horixe da dokumentu honen helburu nagusia: ikuspegi kritiko batetik, TTIP merkataritza hitzarmenaren gaia era argi eta ulerterrazagoan zuengana hurbiltzea.

Aiala Elorrieta, Manu Robles Arangiz Institutua, Dokumentu osoa.

Sigla potoloa da TTIP: Transatlantic Trade and Investment Partnership. Euskaraz ere, mingaina trabatzeko modukoa: Atlantiko-arteko Merkataritza eta Inbertsio Hitzarmena. Gainera, ulertezina dirudien hau entenditzen hasita, izu sentsazioa gailentzen da.

Erraz eta hiru urratsetan aurkeztearren, esango genuke bi eskualderen artean (1) negoziatzen ari den (2) merkataritza hitzarmena (3) dugula. Bi eskualdeak ez dira hutsaren hurrengoa, Atlantikoaren bi aldeetako ekonomiarik handienak baizik. Ameriketako Estatu Batuetaz (AEB) eta Europar Batasunaz ari gara, noski, eta bien artean munduko merkataritzaren herena betetzen dute.

Ikuspegi kritiko batetik, geroz eta mugimendu sozial, sindikatu, GKE eta talde gehiagok TTIParen aurkako jarrera argia erakutsi dugu: hitzarmenaren xedea, mendebaldean urteetan gureganatu ditugun eskubideak atzera botatzea da.

Akordioa erabateko sekretupean negoziatzen ari dira nazio-gaindiko elite politiko eta enpresarialak. Erabaki-gunea herritarrengandik urrun dago, demokraziaren kontroletatik kanpo. Urruntasun hori, noski, berariazkoa da. Gizartearen gehiengoak ez du honen inguruan informazio askorik jasoko, eta entzun dutenen artean, asko dira gaiaren konplexutasunak beldurtuta, amore ematen dutenak. Merkataritza hitzarmenez ulertzen ez dugulako; arrotz egiten zaizkigulako. Akordioaren atzean zer dagoen ulertzeko zailtasun horiek, beste mekanismo bat dira akordioa herritarrengandik gehiago aldentzeko.

Hitzarmena, baina, merkataritzaz harago doan proiektua da. Ekonomiaren esparrua gainditzen duen proiektu politiko, ideologiko eta soziala. Konplexua bezain garrantzitsua dugu auzi hau. Hitzarmenaren defendatzaileek kode sekretuan aurkeztu nahi diguten arren, proiektu honen sakonean dagoena askoz ere sinpleagoa da. Horixe da dokumentu honen helburu nagusia: ikuspegi kritiko batetik, TTIP merkataritza hitzarmenaren gaia era argi eta ulerterrazagoan zuengana hurbiltzea.

Hitzarmenaren helburua merkataritza jarduerari traba egiten dioten oztopoak ezabatzea dela, horixe defendatzen dute proiektuaren babesleek. Ondasun eta zerbitzuen merkatuak liberalizatzea, alegia. Ikuspegi kritiko batetik, geroz eta mugimendu sozial, sindikatu, GKE eta talde gehiagok TTIParen aurkako jarrera argia erakutsi dugu: hitzarmenaren xedea, mendebaldean urteetan gureganatu ditugun eskubideak atzera botatzea da. Gizartea, lan esparrua, osasuna eta ingurumena babesten dituzten araudiak paretik kentzea. Azken batean, bide honetatik pertsona fisikoek baino eskubide gehiago bereganatu nahi dituzte korporazioek.

Elite politiko-korporatiboek, komunikabide nagusiekin batera gaiari ematen dioten trataera, ez dator bat zenbait mugimendu, sindikatu eta GKEk ikuspegi kritiko batetik, ematen diogunarekin. Dokumentu hau prestatzen ari garela, zorionez, gaiaren inguruko informazio eta argitalpen sorta ateratzen ari da, gehienbat ekimenaren aurka dauden mugimendu sozialen aldetik.

Europa urrun geratzen zaigun sentsazioa izan dezakegu. Urruti Europar Batasuna, are urrunago Atlantikoaren beste aldea. Ekonomiaren inguruko zenbait kontu konplexuk ihes egiten digutelako sentsazioa. Ez dugu zertan sentsazio hauen aurrean etsipenean erori. Bi tresna baditugu behintzat: lehena informazioa, eta bigarrena, mobilizazioa. Des-informazio egoera gainditzeko urratsa dugu lehengoa. Has gaitezen, bada, pausuz-pausu TTIParen gaia jorratzen.