155: Estatuaren betoa saihestu nahi baduzu… espetxera

2017/11/08
Espainiako “mugimendu nazionala”ren izpirituak PSOE irentsi du. Rajoyk helburu batzuk lortu ditu baina ez du arazoa konpondu. Helburuetako bat zen PP, PSOE eta Ciudadanosen arteko Estatu-ituna, independentismoaren aurka makineria politiko-mediatiko-judizial guztiarekin oldartzeko.

Prisa taldeko buru den Juan Luis Cebrianek joan den astean honakoa idatzi zuen El País egunkarian: Kataluniako auzia “1981eko saio kolpista baino are larriagoa da, erasoa instituzioek bultza dutelako”. Ezinbesteko jotzen du PP, PSOE eta Ciudadanosen arteko batasun politikoa, batez ere “legea bere onera ekartzeko Gobernuak indarraren erabilpen zilegia erabili behar balu”. El País eta La Razón grinaz ari dira babesten Estatuaren frontea; honek opositore politikoak espetxeratzen ditu eta, bestalde, ezin ahaztu, badu ere bere aginte-kuota euskal erakundeetan.

Estatu-itunaren beste helburua katalan subiranismo politiko eta soziala apurtzea da. Ekin eta ekin ari zaio, bere tamainako erantzun itsua eman diezaion. Zer egiten du? Jendea izutu, bortizkeria politiko eta judiziala baliatuz, liderrak espetxeratuz, botere ekonomikoaren xantaiaz… Orain arte bat eginda jokatu duen mugimendu politiko eta soziala leherrarazi nahi dute, PPren aldebakarreko politika gailendu dadin. Independentismoak nor izateko eskubidea du, baldin eta folklorera eta sinbolo hutsetara mugatzen bada. Halaxe esaten du nire lagun batek: “Sardana dantza dezakezue, baina beste eztabaida hori ezin duzue plazaratu, %80 izanagatik ere”. Saiatuz gero, hor ezarriko dizuegu 155.a. Estatuaren betoa saihesteko estrategia demokratikoak proposatzen dituzunean espetxean sartzen zaituzte. Hori da aldebatekotasuna, ez bestea.

Deigarria da zer nolako arinkeriaz hitz egiten den “erreferendum hitzartu” delako horretaz bide katalanari legitimitatea ukatzeko. Baina norekin hitzartzeko aukera dago? Nola gainditu Estatuaren betoa, esanekoak ez bagara 155.a aplikatzeko mehatxua botatzen dutenean? Kataluniak behin eta berriz egin du erreferendum hitzartua egiteko saioa, baina kartzelaratu egin dituzte. Eskozia ezin da adibide gisa aipatu parekoa espainiar nazionalismoa denean. Nola erantzun, Lehendakari jauna, Estatuaren aldebateko politikari? Zer dela eta ez da ondoriorik ateratzen Eusko Jaurlaritzak berak Madrilera igortzen dituen agirietatik? Azkenekoan esaten zen bertoko gobernua Espainiako Gobernuaren delegazio huts bihurtu dutela. Egia da Eusko Jaurlaritzak akordioak sinatzen dituela Madrilekin, baina betidanik eutsitako posizio politikoak baztertzearen truke, eta inposatzen dizkiguten doikuntza politikak aplikatuz gero. Bada, Konstituzioaren erreforma iragarri delarik, pentsa daiteke Legebiltzarreko autogobernuari buruzko batzordearenak egin duela; bai behintzat EAJk, esaten duen moduan, akordioa lortu nahi badu Kataluniaren aurka 155.a aplikatu dutenekin.

Argitaratu diren informazioen arabera, Puigdemontekin egiten saiatutako “bitartekaritza”, hauteskundeak dei zitzan, ez zen gauzatu PPk eutsi egin ziolako 155.a ezartzeko asmoari, edozer gertatzen zela ere. Bitartekariek bi asmo zituzten: Erreferentzia subiranista hondatzea, ekintza politikoa bateratua apurtuz, eta “normaltasunera” itzultzea, lasai asko jarraitzeko PP eta PSOErekiko akordioak egiten. Urkulluri beste gauza batzuk leporatu dakizkioke, baina ez auzi honetan argi hitz egin ez izana: Ez du ezer egingo aurrez PPrekin edo PSOErekin akordiorik lortu ez badu. Kontrakoa “abentura” omen da. Agian helburu horiek, nolanahi ere zilegi direnak, izan dira EAJ azaroaren 4ko manifestaziora joan ez izanaren arrazoia: bere aliantza eta helburuak ez ditu galdu nahi. Horregatik, jeltzaleei proposatu zitzaienean Kataluniako gertakariei erantzuteko ekinaldi antirrepresibo bat osatzea -artean Urkullu “bitartekari” lanetan ari zela- esan zuten ez zirela bilerara joango. Beraz, azaroaren 4an Bilboko kaleetan egon nahi zuten guztiak bildu ziren.

Kontzeptuak argitzen ez badira nahastea, anbiguotasuna eta hitzen esanahi bikoitza nagusitzen dira politikan. Hemen aldebakarreko eragile bakarra dago, Estatua. Katalunia saiatzen ari da konfrontazio demokratikoa egiten, Estatuak bere asmo guztiei ezarria dien betoa gainditu nahian. Horregatik zor diegu geure babesa eta mirespena.