Burutik eginda ?

2018/04/04
ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari kargu hartu die lehentasuna ematen diotelako superabitari eta zorra ordaintzeari, eta ez hezkuntza, osasungintza edota gizarte-laguntzari, beharrizan sozialei alegia. Zer dela eta kritika hori? Bada, Estatuko autonomia-erkidegoen aurrekontuen itxiera dela eta, EAE eta Nafarroa superabitean txapeldun izan direla jakin da.

Jaurlaritzako iturriren batek Ostegun Santu egunez emandako erantzuna izugarria izan da: sindikatuari esaten diote dirua langabeen artean banatzeko, eta galdera egiten dute “onargarria ote den (…) klase-sindikatu bat egoera oparoan egotea”. Behin eta berriz irakurri behar izan dugu  sinesteko. Nork bota ote dezake halako astakeria? Zein negozio-eskolatatik sortu da modu honetako jendea?

Sindikatuak kritika politiko hutsa egin du. Besterik gabe. Esaterako, antzeko zerbait egiten du Confebaskek Azpiazuren aurka jotzen duenean, sailburuak esaten duelako soldatak hobetu behar direla.

Zein da, orduan, desberdintasuna? Eusko Jaurlaritza bere onetik ateratzen da -eta hau aspaldiko kontua da- autonomia duten organizazioek bere politikari kritika egin eta alternatibak plazaratzen dituztenean. Gobernu honek demokrazia eskola batzuk hartu behar ditu. Ez baitu onartzen ELAk bere lantaldea eta bere esku dituen bitartekoak, baita ekonomikoak ere, euskal langile-klasearen zerbitzura jartzea. Lehendakari jauna, sindikatu honek ez du etekinik banatzen: Afiliatuek borondatez ordaintzen dituzten kuotak langile-klasearen interesak defenditzeko erabiltzen ditu. Adibidez, afiliatu bakoitzak hilero ordaintzen duen zenbatekoaren %25a Erresistentzia-Kutxan gordetzen dugu, greba egiten duten sindikatukideek lan-baldintza hobeak lortzeko aukera izan dezaten.

Gobernuaren oharrari sindikatuarekiko egundoko gutxiespena dario. Kezkatu egin beharko lirateke. Noski, Eusko Jaurlaritzak nahiago luke ELA bankuen hipotekapean egotea edo dirulaguntza publikoetatik bizitzea, hartara, Estatuan egin duten bezala, sindikalismoa itotzeko, baldin eta aginduak betetzen ez baditu. Badakite hau ez dela gure egoera, ez gaudela euren mende, eta horregatik amorratu egiten dira.