Euskadiko Orkestra eta ELA, tonu egokian

2017/12/05
Joan den larunbatean, Euskadiko Orkestrak Gasteizen eman zuen kontzertuaren atsedenaldian, espero ez nuen zerbait gertatu zen. Banekien bezperan langileek akordioa lortu zutela zuzendaritzarekin, eta horrela amaitu zela lau greba egun eragin zituen gatazka. Bada, EOSeko enpresa-batzordeko kide bat etorri zitzaidan eta agurtu egin ninduen. Zorionak eman nizkion lortu zutenagatik, eta berak galdetu zidan ea argazki bat egin nahi ote nuen berarekin eta ELAko gainerako ordezkariekin. Baietz esan nion noski.

Principal antzokiko alboko pasaleku batean elkartu ginen biok beste musikariekin, bakoitzak bere instrumentua zuela. Pozarren zeuden, eta beren esker ona jakinarazi zidaten gatazkan lagun izan zuten ELAko arduradunak egindako lanagatik. Nirekin argazkia eginez sindikatuak egindako hurbileko lanarekin identifikatzen ari ziren, eta agian konturatu gabe, adierazten ari ziren ere antolatuta egoteak ematen duen indarra; beren indarra, alegia.

Kontzertua bukatu zenean telefonoz ELAko arduradunari dei egin nion. Kontatu nion argazkia egiteko proposamenak zenbat poztu ninduen, eta enpresa batzordea bere lanarekin oso gustora geratu zela.

Gure bizipenak nola kontatzen ditugun benetan garrantzitsua da. Izan ere, sistemak gutxietsi egiten baitu lan gatazken errelatoa, normalean galtzaile direnena. Albiste izan daitekeen bakarra produktibitatea, lehia eta kontsumoa da. Errealitatea deskribatzea ezin da albiste izan, oso apurtzailea delako eta komeni ez zaielako. Komunikabideetan sarriago agertzen dira instituzioen propaganda eta ELAren aurka agintari politiko batzuk eta patronalak botatzen dituzten astakeriak. Hauek izaten dute oihartzuna, eta indarrak zein desorekatuta dauden agerian uzten dute.

Horregatik, argazki hori egitea bezalako gauzak gertatzen direnean burura datorkizu gizarte injustu honetan nor ari ote den tonu egokian. Nire ondorioa, Orkestrako lagunak doinua oso ondo hartu dutela; musikariek, baina baita ELAk ere.